Dokuteka
Xanti, eta konpainia 13: Zinerako sarrerak
13.1 Xanti+Olatz+Pako
(Kristinaren tabernan. Giro lasaia)
XANTI- Ba, nahikoa dut hori entzutea, hots egin duenak nora joan nahi duen asmatzeko!
OLATZ- Baita zera ere!
XANTI- Baietz ba, Olatz, urteekin ikasiko duzu zuk ere.
PAKO- Ba, ba, ni ez dut asmatzen.
OLATZ- Nik, nik ez dut asmatzen, Pako!
PAKO- Ez, ni ere ez.
OLATZ- Nik ere ez!
PAKO- Pues, hori!
13.2 Serafina+Feli
(Kalean doaz. Oinez)
SERAFINA- Beno, Feli, Aintzanek ez du aurpegi txarrik jarri, behintzat!
FELI- Txarra! Zinea izugarri gustatzen zaiola esan ez du, ba?
SERAFINA- Joango dela iruditzen al zaizu?
FELI- Joango ez da, ba? Sarrera gratis edukita?
SERAFINA- Ekinak, erdia egina!
FELI- Orain Xanti konbentzitzea falta!
13.3 Xanti+Olatz+Pako
(Kristinaren tabernan jarraitzen dute)
XANTI- A, hi, hi, Pako, Ez diat gehiago galdetu, gainera! Erabili al hituen beste esaldi famoso haiek?
PAKO- Esaldi, zer esaldi?
XANTI- "Me gustas" esanda ulertzen al duk?
PAKO- A, haiek? Ez, beno, bai, ikasten.
OLATZ- A! Zuretzat al ziren, ba, Pako?
PAKO- Bai, ni, ni eskatu nion Xantiri.
OLATZ- Nik, nik eskatu nion Xantiri.
PAKO- Ez! Ni!
OLATZ- Pako! K guztiak jaten dituzu. Den-denak. Bakarren bat uztazu (utz ezazu) postretarako, behintzat!
PAKO- Zer postre?
XANTI- Bai, neska! Sekulako interesa zeukan! Ibiliko da zerbaitetan!
OLATZ- Kontatu, kontatu.
PAKO- Ez. Nik banoa!
OLATZ- Pako! Ni banoa.
XANTI- Beno, segi, segi biok batera.
13.4 Serafina+Feli
(Kalean jarraitzen dute. Auto bat oso gertutik pasako zaie)
FELI- Aizu, gazte, semaforoa berdea dagoenean, gure txanda da, e?
SERAFINA- Alferrik ari zara! Gazteak nahi duena, zaharrak ahal duena!
FELI- Ai, horrela hasten zarenean, Serafina...
SERAFINA- Ai, Feli, nerbioak jota nago. Xantirekin aitzakia onen bat beharko dugu.
FELI- Aintzaneri esan diogun bera!
SERAFINA- Bai, baina ez dakit onartuko ote duen.
FELI- Ez! Onartu gabe!
13.5 Xanti+Serafina+Feli
(Kristinaren tabernan dago oraindik Xanti. Hara sartuko dira besteak)
XANTI- A zer parea, karakola eta barea! Eta, zer, non utzi duzue hirugarrena?
FELI- Gajoa ez dabil oso ondo azkenaldian.
XANTI- Andakristo! Ez, e? Kristina, ateraiezu (atera iezaziezu) deskafeinatu bana emakume hauei! Eta zer, oso grabe?
SERAFINA- Xanti! Beno, beno, motel! Pattal xamar. Udazkena, badakizu.
XANTI- Ez nion, ba, ezer antzeman lehengoan.
FELI- Ba, begira, juxtu gaur gara bisitan joatekoak bere etxera.
SERAFINA- Egia esateko, ez genuen asmorik.
FELI- Zinerako asmoa genuen, baina...
XANTI- Zinera?
SERAFINA- Bai, eta sarrerak ere erosi ditugu, baina...
FELI- Kontzientzia txarra jarri zaigu, Xanti, Maria Dolores gajoa horrela egonda.
XANTI- Eta, eta zer inporta dio, ba? Bihar joan bisitan, eta kito!
SERAFINA- Ez, Xanti, ahal izatea baino, nahi izatea hobe. Horretara etorri naiz, zine sarrera zuri ematera.
XANTI- Niri?
SERAFINA- Bai, zuk aprobetxatuko duzu, ezta?
XANTI- Ez dakit, ba, nik!
FELI- Motel, motel!!! Eskura edukita!
XANTI- Beno, eskerrik asko, ama! Eta, bakarra eman behar al didazue?
FELI- Izan ere, nirea beste lagun bati eman diot, ba!
13.6 Serafina+Feli
(Kalean berriro)
SERAFINA- Ai, Feli, hartu egin du!
FELI- Ez, zera! Esan dizut nik!
SERAFINA- Guk egin dugu ahal duguna!
FELI- A, hortik aurrera beraiek moldatu beharko dute.
SERAFINA- Ba, ezin esango dute saiatu ez garenik.
FELI- Elkarren ondoko asientoak izango ziren, ba?
SERAFINA- Jakina, Feli! Galdetzea ere!
13.7 Olatz+Pako+Xanti
(Kalean daude, geltokian)
PAKO- Eskerrik asko, Olatz!
OLATZ- Hara! Eta eskerrik asko, zergatik?
PAKO- Ba, nirekin daukazu pazientzia asko.
OLATZ- Bokazioa da, Pako, ez kezkatu.
PAKO- Euskaldun zaharrak pazientzia gutxi, baina zu...K asko.
OLATZ- Oso ondo!
(Xanti inguratuko zaie)
XANTI- Iepa! E, barkatu tartean sartzea.
OLATZ- Barkatu?
XANTI- Hi, Pako, gaur gauerako zine sarrera bat zeukaat, zera, Zinemaldirako!
PAKO- Joe, zer suerte!
XANTI- Bai, bai, amak eman zidak. Eta bazekiat hi oso zinezalea haizela eta...
PAKO- Puff! Ba, gaur gaueko pelia da oso ona, e?
XANTI- Joan nahi al duk?
PAKO- Benetan? Joe, eskerrik asko, Xanti!
