Dokuteka
Xanti, eta konpainia 25: Istripua
25.1 Xanti
(Taxi barruan doa bera bakarrik. Aldamenetik autobusa sartuko zaio)
XANTI- Hi, Baboa! Ez al duk ikusten nora hoan, ala? Eta eman egingo zidak, gainera! Hi!!!! Zer tonbolatan eman diate hiri karneta? Mekaguen, eman egingo didala, ba! Hi, baina noiztik uzten diete tximuei autobusak...? Mekaguenlaindia! (Elkar joko dute azkenean)
25.2 Xanti+Autobus gidaria
(Kale erdian daude. Sekulako ataskoa eratzen ari dira)
XANTI- Mekaguenlaindia, esandakoa! Azkenean eman egin zidak, la...!
GIDARIA- Hi, sentitzen diat.
XANTI- Sentitzen diat esaten al duk? Hi, baina, ez al huen bozina entzuten edo zer kristo gero? Mekaguen...
GIDARIA- Iruditu zaidak, baina...
XANTI- Iruditu! Urrutitik ikusi haut, gainera, etortzen! Baboa, hi!
GIDARIA- Apartatzea huen!
XANTI- Babo arraoia! Gainetik hori entzun behar! Apartatu!
GIDARIA- Barkazak (barka ezak), barkazak, hi!
XANTI- Mekaguenlaletxe! Hi zer, Ondo al hago?
GIDARIA- Bai, bai, ondo nagok!
XANTI- Mekaguensos!
GIDARIA- Hemen, kopetan hartu diat kolpea, baina... bai, ondo nagok.
XANTI- Baina hi nora begira hindoan?
GIDARIA- Puntual iritsi nahi nian geltokira, lehendabiziko lan eguna diat, eta...
XANTI- Ba, mekaguen, uste diat gaur ez haizela puntual iritsiko.
GIDARIA- Aberia handia egin al diat?
XANTI- Aberia? Ez diat oraindik begiratu. Aber! Dedio! Karlosek hau ikusten duenean! Mekaguensos!
GIDARIA- Autobusak ez zeukak ezer, ikutu bat besterik ez.
XANTI- Mekaguenla... Bale!!! Hi, kotxeak bazterrera kendu beharko dizkiagu, bestela...
GIDARIA- Paperak egin arte itxoitea hobe, igual, ez?
XANTI- Ez al duk ikusten zer festa antolatzen....? "Esperate, oye, chocholo!"
GIDARIA- Horiek ere itxoin dezatela!
XANTI- Bai, bai. Nirea apartatuko diat pixka batean, tartetik pasatzeko, ze... "Pasate ahora! Todo libre!" Anormala, hi!
(Auto barrura sartuko da eta abian jartzen saiatuko da. Alferrik. Irten egingo da berriro)
XANTI- Benga, ba! Orain ez zidak arrankatu nahi! Mekaguen! (Bozina joka ari direnei buila eginez) Alferrik ari zarete! Pazientzia pixka batekin hartu beharko duzue.
(Sirena hotsa inguratzen hasiko da)
GIDARIA- Hi, hor zatozek!
XANTI- Ba, orain bai itxaron beharko dutela, autobus-gidari nobatoa eta taxirik gabeko taxistaren paperak egin arte! Eta, luze joko digula uste diat, e!
25.3 Serafina+Feli
(Serafina sukaldean ari da, irratia piztuta. Tinbrea joko diote. Atea zabaltzera joango da)
SERAFINA- Ui, Feli! (Bi muxu)
FELI- Kaixo, Serafina!
SERAFINA- Ui, kaixo! Hauxe bai ezustekoa! Zer zabiltza?
FELI- Ez zintudan, ba, lanean harrapatuko?
SERAFINA- Ba! Lanak zenbat eta gehiago egin, gehiago egiteko. Badakizu nola izaten den.
FELI- Paseatzera atera naiz eta...
SERAFINA- Bai, pasa, pasa, Feli, pasa. Sukaldean ari nintzen.
FELI- Zertan ari zinen? Laguntzea nahi duzu?
SERAFINA- Keba, neska!
FELI- Lagunduko dizut, benetan.
SERAFINA- Bai, lanean lagundu egiten ez duenak, traba egiten du. Beraz, akabo gaurkoz lanak. Jarriko dizut kafetxo bat.
FELI- Deskafeinatua, mesedez! Beno, baldin badaukazu.
SERAFINA- A bai! Besterik ez da hartzen etxean! Segituan, e! Bitartean, Feli, pasa gela berderaino. Zure etxean zaude, Feli!
25.4 Xanti+Autobus gidaria
(Kalean jarraitzen dute, baina trafikoa badabil haruntza eta honuntza)
XANTI- Laindia! Hau bai ona irratiko beste, beste taxista horrentzat!
GIDARIA- Zer, barkatu?
XANTI- Ez, ez, ez. Nire gauzak, gazte! Lasai!
GIDARIA- Beno, ba, dena argi geratu da, ezta?
XANTI- Beno, bai! Orain, zera, seguruak jarri beharko dute elkarrekin harremanetan, e?
GIDARIA- Uste dut nire lan berria hasi den egun berean amaituko dela.
XANTI- Keba, motel! Ez hadi horrela jarri! Etzak (ez ezak) disgusturik hartu, gizona! Lehendabiziko egunean kolpe txiki bat zer da, ba? E?
GIDARIA- Hori nagusiari galdetu behar!
XANTI- Jo, marka duk gero! Taxia tailerrean duen taxistak eta autobusa estrenatzen duen autobus gidariak elkar jo behar! Hi, jode! Eta ertzainak agertu, eta haiek ere nobatoak, hi! Jode! Hau sinistuko duenik ez zagok, motel!
GIDARIA- Hor zain egon direnek sinistuko zuten ondo! Zenbat denbora egon behar izan ditek?
XANTI- Ba, ez zekiat, baina puska batean bai, behintzat, ertzainari esan diodan arte: "oye, oye, oye, eta autoak erretiratuko bagenitu?" Akordatzen al haiz zer aurpegi jarri duen?
GIDARIA- Bai, bai. Hark bozinazoak entzun ere ez zizkian egiten nerbioekin.
XANTI- Hura ere erdi-baboa. Eskerrak oraindik umorea geratzen zaigun! Eta, eta Gurutze Gorriko praktikantea? Hura ere praktiketan zegoela.
GIDARIA- Hura bestea!
XANTI- Jode! Okerrena, bihar jai... Mekaguensos, bihar jai dela! Karlosek tailerra itxia izango dik!
25.5 Xanti+Serafina+Feli
(Gela berdean kafea hartzen ari dira Serafina eta Feli)
FELI- Pentsatzen aritu naiz, Serafina. Tarotarena bukatu zaigu.
SERAFINA- Ba, bai, konforme nago.
FELI- Begira zer aurkitu dudan (Liburu bat aterako du poltsatik) "Nola jarri harremanetan zure arbasoekin".
SERAFINA- Ea, utzi! Beno, interesantea ematen du, ezta?
FELI- Botaiozu (bota iezaziozu) bistadizo bat. Niri asko gustatu zait eta ikasteko prest nago.
SERAFINA- A, ba, ni ere bai, e? Aizu, gogoa daukan ikasleak ez daukanak baino gehiago ikasten du, ezta?
FELI- Eta ez du zaila ematen.
SERAFINA- Arituz arituz ikasten da edozer gauza.
FELI- Horregatik, ba! Ea, ea zer iruditzen zaizun.
(Kanpoko atea zabalduko du Xantik)
SERAFINA- Feli, gorde, gorde orain, e, Xanti dator-eta.
FELI- Gordezu (gorde ezazu), Serafina, eta begiratu ahal duzunean.
SERAFINA- Xanti!! Xanti!! Zu al zara?
XANTI- Ez! Zera, bere espiritua!
SERAFINA- Zer????
XANTI- Ezer ez, ama! Ni naizela! Ezer ez!
