detalle dokuteka-generico-fitxa

Thailandia: ukabilak eta dirua

Ringaren gainean neurrigabeko indarkeria. Tribunetan, dirua jokatzen dutenak bihotzekoak jota hiltzen dira. Hori da boxeo thailandiarreko aretoetan bizi den giroa.

Robert Horn eta Thaskina Khaikaew* Hogei urtetan zehar, inoiz ez du huts egin: ostiral gau guztietan Sialek Chanarak hantxe egoten da, Bangkokeko Lumpini estadioan, Muay Tahi (Thailandiako boxeoa) jokatzen den leku garrantzitsuenetako batean. 'Baina ez zait atsegin boxeoa', dio 53 urteko merkatari honek, esku artean bath -Thailandiako dirua- sorta bat duela. 'Apusturik ez balego, inoiz ez nindukete hemen ikusiko'.

Hondatutako estadio horretan 10.000 lagun sartzen dira eta turistak dira apusturik egiten ez duten bakarrak. Emakume atzerritar asko dardarka hasten dira ukabilkada zaparradaren aurrean, belaunek iztaiak kolpatzen dituztenean edo ostikaden ondorioz larruazala edo hezurrak maila-maila eginda geratzen direnean.

Muay Thai-a Thailandiako kirol nazionala da. Siam-eko gerlariek esku hutsez borrokatzean erabiltzen zituzten tekniketan oinarrituta dago eta hasieran badirudi borroka-arte hau boxeoaren antzekoa dela: borrokalariek eskularruak janzten dituzte, ring-en gainean borrokatzen dira eta hiru minutuko round-ak egiten dituzte. Horretan oso antzekoak dira, baina hortik aurrera ez. Izan ere, Muay Thaiean kolpeak oinekin, belaunekin, ukondoekin, guztiekin jo daitezke. Eta boxeolarien grina pizteko orkestrak -danborrak, zinbaloak eta Javako xirulak- musika militarraren doinu zaharrak jotzen ditu erritmo bizi-bizian.

Thailandiako boxeoa eta identitate nazionala ezin dira banandu: kirol horren sustapena Kultura Ministerioak egiten du, Muay Thaia Irakasteko Institutua Hezkuntza Ministerioaren menpean dago eta Lumpini estadioa eta Muayaren Munduko Kontseilua -kirol hori zuzentzen duen erakundea- armadaren aginpidean daude. Baina herritarrek oso gustuko dute, ez dago beste inolako denbora-pasa nazionalarekin alderatzerik: thailandiarrei ikaragarri atsegin baitzaie apustu egitea. Eta baita futbolean ere. Poliziaren ustez, Ingalaterrako lehen mailako futbol partiduetarako, adibidez, astero-astero milaka milioi jokatzen dira. Bangkoken ezkutuko kasinoek ez dute inolako zigorrik jasotzen. Herrialdeko monje budistarik ospetsuenak milaka eta milaka fededun erakartzen ditu, fededun horiek uste baitute bildutako egunkari batez buruan joz gero, loteria nazionalean sariren bat tokatuko zaiela...

Halaber, Muay Thaiak nerabeei miseriaren aurrean itxaropenaren atea zabaltzen die. Lumpini estadioan borroka handi bat jokatuz gero 100.000 bath (2.500 dolar inguru) irabaz daitezke eta batez beste boxeolariek hilean behin aritzen dira borrokan. Kopuru hori dirutza da landetan edo fabriketan lanean aritzen diren gazteentzat eta uste dute ongi emandako ostikada bati esker lan astunak edo Bangkokeko txaboletako miseria gorria alde batera utzi ahal izango dituztela. Baina Lumpiniko tribunetan edo beste estadioetan eskuz esku aldatzen diren diru-kopuruak askoz ere handiagoak dira. 'Borroka bakar batean apustu eginez 800.000 bath (20.000 dolar baino gehiago) irabazi nituen! Baina milioi bat ere galdu nuen (27.000 dolar)' aitortu du Chatri Kanchanamanoonek, urregintza denda bateko 50 urteko jabeak. Bere lagunik onenak, ordea, bizia ere galdu zuen: 'Izugarrizko dirutza jokatu zuen eta horrek oso urduri jarri zuen, urduriegi. Oihuka ari zen bere boxeolaria animatzeko. Bat-batean, zerraldo erori zen lurrera. Bihotzekoak jota hil zen'. Apustuek behera egin dute Thailandiako ekonomiak behea jo zuenetik, 1997ko uztailetik.

Baina apustuetako biktima guztiak ez dira heriotza naturalen ondorioz hiltzen. Catrik dioenez, beraien zorrak kitatu ezin zituzten batzuk hil egin dituzte. Boxeolariek elkarri belaunez eta ukondoz jo eta elkar jipoitzen dutenean euren aldekoak eserlekuetan zutitu eta oihu bizian aritzen dira, tribunak banantzen dituzten kate berde astunak bultzatzen dituzte indar guztiekin. Baina rounden arteko atsedenaldietan ringaren kanpoan gertatzen dena paroxismo hutsa izaten da. Boxeolariak arnasa hartzen duten bitartean, dirua jokatu nahi dutenek keinuak egiten dituzte besoak astinduz eta hatzekin seinaleak eginez, keinu-kode oso konplexu bat erabiliz; horiei esker, artekariek badakite bakoitzak noren alde eta zenbat jokatu nahi duen. Bertaratzen direnen artean, oso-oso gutxi dira apusturik egin ez dutenak. Paisan Phakdeesunthorn da horietako bat. 'Muay Thaia atsegin zait' dio 32 urteko funtzionario honek.

Nerabezaroan kirol horretan aritu zen. 'Dirua jokatu? Ohitura oso txarra da hori! Ez daukat dirurik galtzeko'. Boxeolariak akuilatzen ditu oihuka, baina beste zaletu askok bezala, ez dauka faboritorik: kirol horrekiko sentitzen duen grina gehiegizkoa da boxeolari bakarra aukeratzeko. Dirua jokatzen dutenek ere ez dute faboritorik, ezta Sialekek ere: 'Faboritorik? Inola ere ez. Buruarekin egin behar da apustua, ez bihotzarekin.' Handi nahiz txiki, guztiak hasten dira Muay Thaian, kirol nazionalean.

*Kazetariak Bangkoken

detalle2

Dokuteka

2002-10-06

x61pRelaContWAR

16524975

x61pViewCountWAR

2773

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR