Dokuteka
Koldo Izagirre (XX. mendeko poesia kaierak, Susa, 2000-2002)
Poesiek platanoen antza dute, egunean bat dastatu, eta kalterik ez. 40 autoreen 1.119 poesia daude bilduman, Mikel Lasarena den hau tarteko: 'Maitia zure besoetan ez da ilargirik, ez izarrik; zure besoetan, maitia, galdu egiten naiz ez dakit nongo bidetatik'
Amodio poema (3)
Ez eman azukrerik maite, banaiz-eta nahikoa ezti. Ez eman gatzik maite, banaiz-eta nahikoa bixi. Emadazu musu bat, maite beti naiz-eta zure egarri.Juan Kruz Igerabideren poema hau, eta beste hainbat aukeratu ditu Koldo Izagirrek antologia baterako. Antologia horretan 1.119 poesia daude guztira, 40 autorerenak. Bilduma 2000. urtean hasi zen, eta azken 11 idazleen liburuen aurkezpena aurtengo udazkenean burutu da. 11 horietatik 3 salbu, Juan Mari Irigoien, Jon Mirande eta Joseba Sarrionandia, hantxe zeuden, aurkezpen-egunenean. Hauxek: Luigi Anselmi, Jon Arano, Rafa Egiguren, Juan Kruz Igerabide, Tere Irastorza, Mikel Lasa, Karlos Linazasoro eta Juango Olasagarre.
Zorionez edo zoritxarrez elkarren premian dira idazleak eta kantariak, eta liburu bakoitzaren bukaeran idazleak zein diskotan hartu duen parte azaltzen da. 11 horietatik emankorrenak Mirande eta Sarrionandia dira, musikatuenak, baina ia guztiek dute poesiaren bat edo beste kanta bihurtua.
Koldo Izagirrek aurkezpenean 11 idazle horien ekarria aipatu zuen, nola lotzen diren, edo bereizten, euskal literatura tradizionaletik, eta zein zerikusia duten inguruetako literaturekin. Antologia guztien injustizia ere aipatu zuen. Beharbada, hori guk diogu, ez da justua Koldo Izagirre ez egotea antologia horretan. Bestalde, K. Izagirrek aitortu zuenez badira antologia horretan izatea merezi duten beste idazle batzuk ere.
Eta beste kontutxo bat. Gure herri honetan, egia esanda, ez dira asko izango Koldo Izagirre bezain jende irakurria, euskal literaturari buruz behintzat, eta idazleei buruz aurkezpen-egunean esandakoak ez dira liburuak saltzeko marketigna, zer esaten duen dakienaren traza zuten hitz haiek.
