Dokuteka
Europako Batasuneko erakundeak
Konstituzio Itunaren lehen zatiko 20-29 artikuluek zehazten dute Batasuneko erakundeen egitura: Europako Parlamentua, Kontseilu Europarra, Kontseilu Europarrekop lehendakaria, Ministroen Kontseilua, Gehiengo kualifikatua, Europako Batzordea...
I-20. Europako Parlamentua.
1. Europako Parlamentuak legegintza eta aurrekontugintza beteko ditu Kontseiluarekin batera. Kontrol politikoa egiteko eta aholku emateko funtzioak beteko ditu, Konstituzioak ezarritako baldintzetan. Batzordeko lehendakaria hautatuko du. (...)
I-21. Kontseilu Europarra.
1. Kontseilu Europarrak Batasunaren garapena bultzatu, eta Batasunaren norabide eta lehentasun politiko orokorrak zehaztuko ditu. Ez du inolako legegintza eginkizunik izango.
2. Batasuneko estatu kideetako buruek edo gobernuburuek, Kontseiluko lehendakariak eta Batzordeko lehendakariak osatuko dute. (...)
I-22: Kontseilu Europarreko lehendakaria.
1. Kontseilu Europarrak gehiengo kualifikatuz hautatuko du lehendakaria bi urte eta erdiko agintaldi baterako. (...)
I-23. Ministroen Kontseilua.
1. Kontseiluak legegintza eta aurrekontugintza beteko ditu Parlamentuarekin batera (...).
2. Kontseiluaren osaeran estatu kideetako bakoitzak ordezkari bana izango du, ministro mailakoa. Ordezkari horiek norberaren estatuko gobernua lotzeko adinako ahalmena izango dute, baita botoa emateko ahalmena ere.
3. Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak, Konstituzioak besterik agintzen duenetan salbu.
I-25. Gehiengo kualifikatua.
1. Gehiengo kualifikatuak gutxienez Kontseiluko kideen %55 bilduko du, gutxienez hamabost kide barne dituela, eta estatu horiek gutxienez Batasuneko biztanleriaren %65 hartu behar dute barne. Blokeo-gutxiengoak Kontseiluko lau kide bildu behar ditu gutxienez.
2. Dena den, 1. paragrafokoa ezarrita ere, Kontseiluak Batasuneko Batzordearen edo Atzerri Arazoetarako ministroaren proposamenez ez diharduenean, hurrengo hau hartuko da gehiengo kualifikatutzat: gutxienez, Kontseiluko kideen %72 biltzen duena, eta estatu kideen ordezkaritza horrek, gutxienez, Batasuneko biztanleriaren %65 barne hartzen duena. (...)
I-26. Europako Batzordea.
1. Batzordeak Batasunaren interes orokorra sustatuko du eta horretarako ekimen egokiak hartuko ditu. (...) Aurrekontua gauzatuko du eta programak kudeatuko ditu. (...)
5. Konstituzioaren arabera izendatutako lehen Batzordea estatu kide bakoitzeko herritar batez osatuko da (...).
6. 5. paragrafoak aipatzen duen Batzordearen agintaldia amaitzen denetik, Batzordeak honako kide-kopuru hau izango du: estatu kideen kopuruaren bi herena (...).
I-27. Europako Batzordeko lehendakaria.
1. Europako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak aintzat hartuta, eta egoki diren aholkuak eskatuta, Kontseilu Europarrak, gehiengo kualifikatuz, Batzordeko lehendakari-kargua betetzeko hautagaia proposatuko dio Parlamentuari. Europako Parlamentuak hautagaia aukeratuko du, Parlamentua osatzen duten kideen gehiengoz (...).
2. Kontseiluak, lehendakari hautetsiarekin ados jarrita, Batzordeko kide izendatzeko proposatuko diren gainerako pertsonen zerrenda onartuko du. Estatu kideek aurkeztutako proposamenetatik abiatuta aukeratuko dira pertsona horiek (...). Talde gisa, Europako Parlamentuaren onarpen-botoaren menpe jarriko dira. Onespen hori oinarritzat hartuta, Kontseilu Europarrak izendatuko du Batzordea, gehiengo kualifikatuz. (...)
I-28. Batasuneko Atzerri Arazoetarako Ministroa.
1. Kontseilu Europarrak, Batzordeko lehendakariaren onespenaz, gehiengo kualifikatuz izendatuko du Batasuneko Atzerri Arazoetako Ministroa. (...)
2. Batasuneko Atzerri Arazoetako Ministroak Batasunaren atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratua gidatuko du. (...)
