Aizkorri-Aratz parke naturala urtarriletik aurrera

Parke naturalen Europako eguna da maiatzaren 24a. Gipuzkoan hiru parke natural daude gaur egun: Aralar, Aiako Arria eta Pagoeta. 2006an beste bat izango da, ordea: Aizkorri-Aratz. Handia izango da parke natural berri hau. Guztira 16.000 hektarea izango ditu Gipuzkoa eta Araba artean kokatuko direnak. Izan ere, 3.000 hektarea arabarrak baitira.

Euskal Autonomia Erkidegoan daudenen artean Gorbeiako parke naturala da, handiena 20.016 hektarea baititu. Baina, handienak Nafarroan daude, bata Bardeetakoa (41.845 ha.) eta bestea Urbasa-Andia parke naturala (21.048 ha.). Aizkorri-Aratz parke natural behin izendatuz gero, kudeaketa Gipuzkoako eta Arabako Aldundien esku geratuko da, eta Patronatu bat ere sortuko omen da. Patronatu horretan abeltzainek, ekologistek, ehiztariek, nekazariek... izango dute ordezkariren bat.
         Parke natural berri honetan zerbait ezaguna bada, hori Aizkorri mendi-zerra da. Milaka eta milaka mendizalek ezagutzen dute. Azken urteotan, berriz, mendi-lasterketak edo mendi-maratoiak ari dira fama hartzen, eta Aizkorrikoa da famatuenetakoa. Beraz, kirolari-klase hori ere ari da Aizkorrira hurbiltzen. Baina, mende askotan bidaiari eta erromes ugari pasa da Gipuzkoaren eta Arabako lautadaren tartean dagoen San Adriango galtzadatik. Orain parke natural izendatzean galtzada bakarrik ez, beste hainbat ezaugarriren berri ere izango dute handik igarotzen direnek.
         Hasteko esan Gipuzkoako parke natural handiena dela azken hau, Pagoetak 1.350 ha. baititu, Aiako Arriak 6.000, eta Aralarrek 11.000. Aizkorri-Aratz parkean 8 herri dira Gipuzkoa aldetik, eta 4 Arabako partetik. Hauexek, hurrenez hurren: Aretxabaleta, Legazpi, Leintz-Gatzaga, Oñati, Zegama, Zerain, Asparrena, San Millan, Barrundia, eta Zalduondo. Badirudi Eusko Jaurlaritza Gorbeiako parkea eta beste hau lotzeko korridore bat sortu nahian dabilela.
         Parke honetan, Aratz menditik hasi eta Aloña mendiraino kareharria da nagusi. Kantauri osoan ez dago jarraian horrenbeste kareharri beste inon, eta karts-dun mendi-tontorrak ere nahikotxo dira. Beste mendi-gain batzuetan, ordea, landaretza sarria da, ez da apenas azpiko harria ikusten, adibidez Urkilla-Elgea mendizerran. Elgean, berriz, parke eolikoa dago.
         16.000 hektarea horietatik erdia edo bertako basoa da. Bada arbola bat, gurbea, EAEn Aizkorrin bakarrik hazten dena, pago artean, zeren Iratin (N) ere badago, jakina. Mendietako geranioa, berriz, Auñamendin ikusten bada ere gehienetan, Aizkorrin ere bada. Hau da, landare aldetik badago zerekin gozatua. Eta faunari dagokionez, basakatuak ugariak dira, lepahoriak, Gailurretako uhandreak, Arrano txikiak... Orkatzategira, berriz, sai arreak etortzen dira samaldan kumeak izatera, eta sai zuriak ere ikus daitezke, hauek Afrikatik etorrita negu ostean.
         Eta Santiago Bidea itsasertzetik egiten duenak parke natural honetako hainbat perla arkitektoniko ezagut ditzake: adibidez, San Adriango tunela eta ermita, eta Arantzazuko Santutegia.
         Parke honek historia-aurreko ondare dezente du: Aizkortxoko, Artzanburuko, Pagobakoitzako trikuharriak, Arrikurutz, Aizkirri, Anton Koba leize-zuloak, Zorrotzarriko menhirra...


         Pasealekua versus lantokia?
         Paraje bat natura-parke izendatzen dutenean bisitariak tropelka hasten dira etortzen. Izugarri handitzen da jendearen emana, baina izugarri. Eroskik irailean kaleratutako datu batzuen arabera Aiako Arria parkera urtean 175.000 lagun joaten dira, Aralarrera 35.000 eta Pagoetara 30.000. Aizkorri ere horien pare jar daiteke, ez badago jada. Gaur egun, bai Zegamatik, bai Urbiatik milaka lagun joaten dira Aizkorrira, eta bide horiek, erabiliaren erabiliz, hondatzen ari dira. Hainbeste ez hondatzeko, hirugarren bide bat ireki nahi dute, Aretxabaletako Urkulutik aterako litzatekeena.
         Interpretazio-egoitza ere izango du parkeak, Arantzazun segur aski. Hantxe daude baita ere Naturgintza Fundazioa, Artzain Eskola, eta baliteke Artzain Mundua Fundazioa ere laster bertan izatea. Artzainek jakina, parkea ustiatzen dute, besteak beste, hain preziatua den Idiazabal gazta egiteko ardi latxaren esnearekin. Baina, artzainak ez dira ustiatzaile bakarrak, baserritarrak ere hor daude, abeltzainak ere bai, eta basotik egurra ateratzen dutenak ere.
Batzuetan Eusko Jaurlaritza eta Aldundien asmoak ez datoz guztiz bat langile hauen asmoekin, eta udaletxeak ere langile hauen alde ateratzen dira zenbaitetan. Afera hauxe izaten da, arazo gogorra sarri: parke naturala zer da, turismorako gunea ala nekazari, abeltzain eta bestelakoek ustiatzeko gunea? Biak, baina ez da erraza izaten oreka bilatzea.


B2
2005-12-23
16515449
2127