detalle dokuteka-generico-fitxa

Aitor Arana: "Euskara berreskuratzeko, euskaraz hitz egin eta euskal literatura irakurri"

Aitor Aranak etxean eta ikastolan ikasitako euskara 60ko eta 70eko hamarkadetako Legazpi erdaldunduko kaleetan galdu zuen. Hamaika urterekin ikastolatik irten eta hamaseirekin euskal kontzientzia piztu zitzaion arte, oso neurri handian galdu zuen. Orduan, nerabezaroko edonoren indar bizia bere alde erabiliz, euskara berreskuratzeari ekin eta, bi urtean, arintasunez eta aberastasunez hitz egitera heldu zen. Horretarako trikimailua: euskaldunekin beti euskaraz egitea eta asko irakurtzea hizkuntza honetan. Aitor idazlea eta hiztegigilea da, ezkonduta dago eta Azpeitian bizi da.

1. Zein da zure ama-hizkuntza?
Ama Burgoskoa dut nik, Mirandakoa, eta aita gipuzkoarra, Zumarragakoa. Aitak etxean beti euskaraz egin digunez, gaztelania eta euskara dira neure guraso-hizkuntzak.

2. Noiz, non eta nola hasi zinen euskara berrikasten?
Hamasei urte nituenean, euskaraz nire pentsamendua adierazteko gauza ez nintzela konturatu nintzen eta, beraz, nire bi hizkuntzetako bat galtzen ari nintzela. Etxean bertan ekin nion berrikasteari, eta Legazpiko lagunekin eta auzokoekin. Modu eraginkorra erabili nuen horretarako: euskaldunekin beti euskaraz hitz egitea, eta euskal literatura ahalik eta gehien irakurtzea.

3. Eta zergatik, kontuan hartuta batzuek betiko galtzen dutela ama-hizkuntza?
Euskara gabe gure nortasunaren osagarri funtsezkoena falta zitzaidala ikusi nuen nerabea nintzenean. Nik neure burua euskalduntzat dut, gainera, eta euskarak lotzen nau historikoki izan garenarekin eta orain garenarekin. Garbi dut osagarri hori gabe oso hutsik sentituko nintzatekeela. Euskaldun berritua izango ez banintz, ziur naiz euskaldun berria izango nintzatekeela. Eta gainera, zergatik geratu hizkuntza bakar batekin, bi jakin ditzakezunean?

4. Berrikaste-prozesu horretan zerbait egin zitzaizun zail, zerbait erraz?
Den-dena izan zen erraza. Nerabezaroan ia edozer egin daiteke, indarra eta ilusioa hartan jarriz gero. Hitzak oroimenera itzultzen zitzaizkidan itzalita egondako argiak bat-batean piztuko banitu bezala. Euskara batua lehoiak arkumea jaten duen bezala irentsi nuen, atsegin handiz.

5. Ikasi al duzu beste hizkuntzarik?
Bai, esperantoa eta ingelesa. Lehena ongi hitz egiteko moduan, bigarrena oinarrizko mailan.

6. Zure ustez, errazago ikasten al da hirugarren hizkuntza bigarrena baino?
Ez du zertan beti hala izan.

7. Zergatik?
Demagun zuk katalanez eta italieraz dakizula. Hirugarrena portugesa ikasten baduzu, aski erraz zeureganatuko duzu, aurreko bien oso antzekoa delako. Baina, hirugarren ikasten duzuna errusiera bada, bistan da askoz gehiago kostako zaizula portugesa baino, familia bereizietakoak direlako. Bestalde, nire ustez mito hutsa da euskaldunok hirugarren hizkuntza besteek baino errazago ikas dezakegula dioen baieztapena.

8. Euskara berreskuratu eta gero egin zenuen zerbait berarekin? Alegia, euskara galdu aurretik egin gabeko zerbait egin zenuen ondoren?
Nire bizitzaren erdia baino gehiago daramat euskaraz %90ean bizitzen. Nire lanean %99an egiten dut euskaraz. Askoz trebeagoa naiz euskaraz hitz egiten gaztelaniaz, esperantoz edo ingelesez baino. Euskara berreskuratzen hasi nintzenean, euskaraz bizitzera heltzea nuen amets. Aspaldi bete nuen amets hori, zorionez.

9. Nolakoa iruditzen zaizu euskara beste hizkuntzen aldean: gogorra, musikala...?
Bere ahoskera gustatzen zait, dauzkagun azentu desberdin guztiak, aditzaren logika eta zehaztasuna, umeekin eta maiteekin goxo-goxo hitz egiteko daukan egokitze-ahalmen ikusgarria.

10. Erraz pasatzen al zara gaztelaniatik euskarara?
Gaztelaniaz hitz egiten dudanean, dena gaztelaniaz egiten saiatzen naiz. Euskararekin berdin. Sutan jartzen nau euskara eta gaztelania edo frantsesa esaldi berean nahasiz hitz egiten duen jendeak. Horren arrazoia begien bistakoa da: pertsona horiek ez dakite ongi euskaraz, gaztelaniaren baliabideak etengabe erabiltzen dituztenez. Ez dira konturatzen. Baina, euskara galtzen ari diren seinalea da hori. Bestela, pentsa dezatela: "Erdaldun batekin hitz egitean nahastu egiten ditut bi hizkuntzak, ala hori euskaldunekin hitz egitean bakarrik egiten dut?"

11. Zer egiten duzu zeure kabuz euskara lantzeko?
Oso aspalditik euskaraz bizi naizenez, ez dut ezer egiten lantzeko, ez bada nire lanbideagatik Euskaltzaindiaren azken erabakiak aldian behin begiratzea.

12. Nork edo zerk lagundu dizu gehien euskara berreskuratzeko garaian: komunikabideek, lagunek...
Euskara berreskuratzen ari nintzela ETB sortu zen (nik 18 urte nituenean). Oso tristea egin zitzaidan ikustea han agertzen ziren askok baino hobeto egiten nuela nik. Zorionez, gero gauzak aldatu egin ziren eta ETBk maila hobea lortu zuen, oraindik ere saio batzuk hobetu litezkeen arren. Herri honetan, zoritxarrez, gauza bat ongi frogatuta dago: euskara ongi ikasten baduzu, leku askotan entzungo dituzu akatsak eta, nahi gabe ere, zeure buru barruko "zuzengailua" erabiliko duzu. Niretzat lagungarrienak euskaldun zaharrak eta literatura izan ziren.

13. Zer esango zenioke jendeari euskara ikastera animatzeko?
Euskara oso mundu interesgarrian sartzeko giltza izateaz gain, herri honen funtsezko osagai kulturala da. Euskal Herrian bizi eta euskaraz ez dakitenei, euskara ikasi duten atzerritarrekin hitz egiteko gomendatuko nieke. Nire lana dela eta, hainbat euskaldun nederlandar, frantses, estatubatuar, espainiar eta japoniar ezagutzen ditut. Euskara dakiten atzerritarrek egundoko auzo-lotsa sentitzen dute hemen euskaraz jakin gabe bizi direnengatik! Ezin dute hori ulertu!

detalle2

Dokuteka

B2
2006-03-23

x61pRelaContWAR

  • Arana , Aitor
16514495

x61pViewCountWAR

6271

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR