Dokuteka
ETB-1 ez da niretako
Telebista erosi dut. Orain hilabete. Nire lehenengo telebista. Lau urtean bizi izan naiz horrelako barik. Nire burua probatzen. Sintonizatu nuenean militantziaz, dena esan behar bada, ETB-1 lehengo kanalean jarri nuen. Alferrik!
Euskaldun zahar alfabetatua naiz, soziolinguistikan AB esaten dena. Bizkaieraduna, baina beste euskalki batzuk ondo ulertzeko kapaza. Begiratu zein arraroa naizen, liburuak euskaraz irakurtzen ditut! Hala ere, ETB-1 ez da niretako. Norendako da, niretako ez bada?
Nik ezin dut ETB-1 ikusi: ez zaizkit ez futbola ez pilota gustatzen, ez daukat umerik eta Goenkalerekin izango da hamarkada bat nazkatu ninduena. Eta neguko programazioaren gainean dihardut, udakoarekin sartu barik!
Film bi astean, bata umeendako, eta bestea aspaldikoa. Ez dago telesailik; bai "kulebroi" bat, baiña umeendako!!! Bertako mojak abitu larrosa daukate! Eta "Gag for laugh", zer diostazue? Edozein ordutan, edozein momentutan. Teleberriak ere ETB-2koak baino laburragoak, estudioa ere txikiagoa eta argi gutxiagorekin!
"Kalaka" hasi zenean esperantza isiotu zitzaidan. Lehenengo gaia ausarta. Baina kaka morralean! Gaiak azaletik tratatuta, jende gehiegi iritzi-emaile...Eta hori erreportaiak zeukan soinuaz ezer esan gabe. Horrek aparteko "post"-a beharko luke-eta. Eta Eguzkitze? Zelako "poseak"! Boris Izagirre ematen zuen barren!
Ikus dezakedan bakarra "Bertatik bertara", baina egunero ere ez da. Eta "Firin faran" goizeko seietan jaiki behar ez dudalako eta hontzaren modukoa naizelako: gauekoa "Mihiluze" eta "Wazemank" ere polito daude; oraindik, baina, ez diet puntua hartu.
Esango didazue horrela nola lehiatuko den erdaraz dauzkagun kate mordo horiekin. Zaborra eskaintzen digute kate guztiek. Konforme. Kritiko izan barik irensten dugu. Ados. Baina ETB-1ek zaborrik ere ez digu eskaintzen. Baina kalitaterik ere ez. Euskaldunok tontoak gara, ala? Zertarako sortu zuten ETB-1? Euskara bultzatzeko? Ala kirol-telebista egiteko?
Morauk "Surper-euskalduna" kantan dioen moduan:"Tripazorro isil, bihotz onekoa, primitibo engina erreza, etxekoen nagusi, kanpokoen morroi, zerbitzari oso leiala" horrela nahi ote gaituzte ETB-1eko buruek?
* http://www.eibar.org/blogak/leire
