Heriotza X. Leteren hitzetan

Irratsaio honetan X. Lete emandako hitzaldi bateko pasarteak jasotzen dira. Bertan Lurdes Iriondo hil ondoren, poetak heriotzaren inguruko  gogoetak biltzen dira.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria 1. Azken hatsa eman.  

Esataria 2. Azken orena hertsi.  

Esataria 1. Azkenak egin.  

Esataria 2. Azkenekoz zezenetan ibili.  

Esataria 1. Beste mundura joan.  

Esataria 2. Bizia edeki.  

Esataria 1. Bizia funditu.  

Esataria 2. Bizitzeko ukondoa bueltatu.  

Esataria 1. Egunak eta orenak jo. 

Esataria 2. Etxetik gurutzea irten.  

Esataria 3. Heriotza bizitzaren parte izanagatik gai tabua da gure gizartean, eta horregatik bakarrik merezi du heriotzaz mintzatzeak, mintzatu ezean beti jarraituko baitu tabu izaten.  

Esataria 4. Heriotzaren ondoren existitzen da amaierarik gabeko bizitza. Hiltzen zaizkigun senideak eta lagunak eta gu egunen batean Jainkoaren ondoan biziko gara betiko, berriz ere elkartuko garelako maite ditugun guztiekin.  

Elkarrizketatua 1. Ezer ez. Niretzako ezer ez : hautsa. Hauts bihurtzen da eta kito.  

Elkarrizketatua 2. Nik uste horreek gauzak (gauza horiek), ustelduko garela. Esaten dabe (dute) beste mundu bat edukiko dugula, anima, elkartuko garela beste batzuekin, eta bueno, nik ez ditut gauza horiek asko sinisten.  

Elkarrizketatua 3. Fraile bat trenean zihoala, eta hasiago zen ilea hartzen, ez? eta hori kontua (kontu hori) eta hau, hori eta bestea eta halako batean esan eustien (zidan) berak ba bueno, seguramente ez da ezer izango, baina izango balitz…  

Esataria 4. Hil ondoren zerbait dagoela sinesteak, fedeak, eramangarriago egiten du heriotza bera, Jainkoarengan sinesteak, energietan, errenkarnazioan… Agnostiko, ateoek, fedegabeek, zerbaiti eustea zailago dute.   

Esataria 5. Hala ere.. 

Esataria 6. Bai?     

Esataria 4. Ba guk Leteren hitzaldiko zenbait momentu berreskuratuko ditugu interesgarriak iruditu zaizkigulako, hagitz interesgarriak. Eta ongi iruditzen baldin bazaizu, aditu eginen (egingo) ditugu musikariaren gogoetak izan daitezkeelako abiapuntu, nolabait errate arren, gero solasalditxoa egiteko. Xabier Lete, heriotzaz.  

Xabier Lete idazlea. Maite duzun pertsona baten heriotzaren aurrean zer sentitzen duzun, hori ez da esaten erraza. Hala ere, saiatuko naiz. Nire esperientziatik mintzatuko naiz orain.  

Lurdesek eta nik urte asko generaman gaixo, heriotzaz mintzatzen eta heriotzarako prestatzen. Hala ere, gertatu zenean urradura hura ezin sinistua gertatu zitzaidan. Konjetura guztiak baieztatzen zituen gertakizun harek (hark) bi esparrutan zatitu zuen hainbeste urtetako harremana. Bat joana zen mugaren beste aldera, eta besteak, nik, ezin nion jarraitu. Etenak ziren hainbeste urteetako begiradak, keinuak, usadioak eta solasak. Etenak lur maitatuetara, maitatuetara egiten genituen bidaiak ere, etenak gelditzen ziren samurtasunaren guneak eta ikutu amultsuak.  

Heriotzak bizitza bat klausuratzen duenean apelaziorik gabe egiten du, eta luzapen guztiei amaiera ematen die. Eta orduan bizirik gelditu dena hasten da heriotza beste modu batera bizitzen, hasten baitzaio oihuka iraganari eta kontzientziaren urradura guztiak jartzen baitira zauritan: nostalgia, pena, kulpabilitatea.  

Lurdesek eta nik azken urteak heriotzari begiratuz pasatu genituen bizitza une batez ere gutxietsi gabe. Heriotzera prestatzen joateko aukera izan genuen, heriotzaz mintzatuz, gauza guztiak prestatu eta poliki-poliki bizitzatik despedituz. Eta paradoxa badirudi ere, heriotzaren hurbiltasunaren ideiak heriotzaren beldur eta etsipenetatik libratu gintuen neurri batean. Eta askatuago sentitu ginen bizitzaren zama, bere antsia erraldoiekin arintzen-arintzen joan ginelako. Azkenean, nahi duzuna, eskatzen duzuna ongi hiltzea da, duintasunez, zerorren buruaren eta erabakien jabe izanik. Eta eskari horrek beste arazo handi bat sortzen du, eta da heriotzarako autonomiarik ezarena.  

Esataria 4. Ba orain entzungo dugun hausnarketa niri izugarri zintzoa iruditu zait. Horren zintzoa ezen, edonor harri eta zur uzteko modukoa den.  

Xabier Lete. Guk heriotzaz mintzatzen ginenean bi galdera larri genituen. Lehena zen heriotzaren duintasunarena, eta bestea elkarrenganako kezkak sortzen ziguna. Ez genuen hil nahi bestea egoera makurrean utzita. Ikuspegi horrek asko sumintzen gintuen. Horregatik esaten genion elkarri bi pertsonek mundu honetako lotura eta maitasuna azkeneraino gorde badituzte, bidezkoa zitekeela heriotza ere elkarrekin izatea.  

Badakit argudio asko altxatuko direla aldarrikapen honen aurka. Baina nik uste dut, eta guk hala uste genuen, elkarrekiko solidaritatea, bizitzarekiko duintasuna eta heriotzarekiko adostasuna, bat zetozela ez bakarrik gizatasunarekin bai eta Jainkoarekiko atxikimendurik handienarekin ere. Ni, ni esaten dut, e!, ni, pertsonalki eta subjetiboki, ziur nago Jainkoak ezin dezakeela nahi beragan sinisten duten maitale leialak elkarrengandik, modu txarrean, malapartatuak izatea. Fededun bezala, iraupenean sinisten baldin badugu, eta beste bizitza batean sinisten badugu, zergatik ez muga elkarrekin igaro?  

Lurdes eta ni errukiak eta errespontsabilitateak eramaten gintuen, gintuen elkarrekin hiltzea desiratzera. Bagenekien hori oso zaila izango zela, gizarteak ez dituelako horretarako prozedurak prestatuak. Behaztopo asko daude irteera hori ezintzen dutenak: etikoak, deontologikoak, legalak, eta sinisdunen kasuan, jakina, teologikoak.  

Egun batean hil ziren haiek ez daude ezabatuak, ez Jainkoaren aurrean, baina ez gure lur honetako bizitzaren eszenatokietan ere.  

Poeta den, poeta den lagun batek esan zidan Lurdes hil eta handik egun gutxitara zalantzarik ez edukitzeko hura Jainkoaren argi handira eramana izan zela, han betirako glorifikatua bizitzeko. Baina hitz hain eder horiekin batera bestelakoak ere entzuten dira, borondaterik onenarekin jakina, kontsolatzeko intentziotik sortuak, baina inplizitoki desatxekimendua aldarrikatzen dutenak. Horrela, adibidez: “Oinazea poliki-poliki pasako da. Nahi ala ez, bizitzak aurrera jarraitzen du. Utzi denborari bere lana egiten. Ahaztu ez, baina hilabeteak pasa ahala laxatuko da oroitzapena.”  

“Jauna –esan izan diot nik neure buruari– Zergatik behar dugu hildakoengandik urrundu? Hain larria ote da haien oroitzapenarekin bizitzea?” Ez; hildakoak mundu honetatik desagertu zitzaizkigun, baina ez ziren ezabatuak izan. Eta guk gure urruntzearekin ez dugu eskubiderik haien anikilazioa bilatzeko. Ez ditugu hildakoak anikilatu behar. Hildakoen baztertzearen tentazio horretatik ihes egitean datza gure leialtasunaren zati handi bat. Hildakoei atxikimendua eta leialtasuna zor dizkiegu Jainkoak haiekin bilbatuko gaituen arte, gu baikara oroimenaren bizikeren bitartez haien nor izatearen sustentarria eta bermea.  

Esan izan da, eta egia da, nehor ez dela erabat hiltzen beste batek bihotzean eta oroimenean daraman bitartean.  

Esataria 4. Eta Xabier Leteren azken gogoeta adituko dugu orain. Orain artean bezalaxe heriotzaz baino maitasunaz mintzo dena. Edo heriotzaz eta maitasunaz: ez al dira ba gauza bera?  

Xabier Lete. Hemen inguruetako poeta batek idatzi zuen behin, orain baino 30 urte gazteagoa zenean honako hau ere: “Ez nau izutzen negu hurbilak, uda beteko beroak dakidalako irauten duela orainak ere geroan.” 

Abestia.  (dakidalako irauten duela orainak ere geroan. Arratsaldeko argi betera zentzu denak umiltzeak, amets betezko gogoa baitakar behin-betirako hiltzeak).  

Xabier Lete. Nik poeta horri erantzungo nioke ez dela izutzearen arazoa, galera erradikalarena baizik. Erantzungo nioke dialektika poetiko materialistek kontsolamendu fiktizioak eskaintzen dituztela, ez baitago estoizismoaren baitan heriotzak behin-betirako itzalpera eraman dizkigun haiei pozaren eta argiaren printza bakar bat ere eskaintzea.   

Norberak onar dezake norbera mundu honetatik ezabatua izatea, azken finean ez da hain zaila, lo hartzearen pareko baita inoiz ez esnatzeko, baina maite izan ditugunak eramanak izatea, hori da ezin onartua.       

C2
2007-02-09
16510275
00:11:24
6290