Bizkar-zorroan komeni baino lauzpabost kilo gehiago eramaten dituzte ikasleek

Osasuna. Bizkaiko Gurasoen Elkarteak bizkar-zorroen pisuari buruzko azterketa egin du.
Zama hori eramateko egiten duten ahaleginak bizkarreko arazoak sor diezazkieke.

Gorane Agirre/Bilbo

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek, 12tik 16 urtera bitartekoek, bizkar-zorroan komeni baino lauzpabost kilo gehiago eramaten dituzte egunero, batez beste, ordu-erdi edo ordubetez. Horixe dio Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (BIGE), DBHko eta batxilergoko ikasleen artean egin duen azterketan.

Bizkar-zorro eramateko egiten duten ahalegin handi horrek hazten dauden gorputzetan, epe luzera, malformazio fisikoak, bizkarreko arazoak, atximurrak eta nerbio harrapatzeak eragin ditzakeela adierazi zuen Patxi Uriartek, mediku eta BIGEko kideak.
Uriartek, Ana Eizagirre Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko lehendakariarekin eta Jesus Maria Ortiz BIGEko kidearekin batera, prentsaurrekoa eman zuen atzo, DBHko ikasleek motxilan eramaten duten pisuari buruz egin duten azterketaren emaitzen berri emateko, eta hori zuzentzeko proposatzen dituzten neurriak ezagutarazteko.

Azterketa horren arabera, ikasleek komenigarria dena baino ia pisu bikoitza eramaten dute motxilan; izan ere, zama egokia gaztearen gorputzaren pisuaren % 10 gainditzen ez duena da. Ildo horretan, ikasleok 35 eta 45 kilo bitartean pisatzen dituzten heinean, gehienez lauzpabost kilo eraman ditzakete motxilan.

Baina, oro har, ikasle gazteek pisu egokia baino zazpi edo zortzi kilo gehiago eramaten dituzte. Izan ere, Eizagirrek azaldu zuenez, «motxilan liburu guztiak, koaderno guztiak, hiztegiak, eskolako materiala eta beraien gauzak eramaten dituzte, egunero etxetik eskolara eta eskolatik etxera».
Zorroa bera ikasleek bizkarrean eramaten duten pisuaren % 7-7,5 baino ez da, azterketak jasotzen duenez. Liburuak eta koadernoak dira gehien pisatzen dutenak, hurrenez hurren, zama osoaren % 35 eta % 39, eta kirola egiteko jantziak, ostera, % 18.

Azterketa honen bidez, motxiletan eramaten den pisua erdira murrizteko har daitezkeen neurriei buruzko eztabaida sortu nahi du hezkuntza alorrean BIGEk; ikasturte-amaiera neurriak hartzeko sasoi egokia dela uste dute.
Edonola ere, eztabaida egin bitartean, BIGEk garrantzitsutzat jotzen du motxilen pisua % 30era murrizteko neurriak hartzea. Ildo horretan, aparteko garrantzia ematen dio, besteak beste, ikasgeletan armairuak jartzeari, eta motxila egokiak erosi eta berauek behar bezala eramateari.

«Motxilek helduleku zabalak izan behar dituzte, handiak izan behar dute, eta iragazgaiztuak egon behar dute. Era berean, pisua bizkarraren bi aldeetan banatu behar da; heldulekuak estutu egin behar dira motxila gorputzera atxikitzeko, eta pisuak pelbiseko hezurraren gainean atseden har dezan», azaldu zuen Uriartek.
 


B2
2007-09-11
16506496
2141