Alberto Barandiaran, euskara-ikasle

Alberto Barandiaran Berria egunkariko kazetaria da. Egunkaria abian jarri zenetik, 1990etik, ari da bertan lanean. Honenbestez, euskara lanerako erabiltzen duen tresna nagusia da. Barandiaran Altsasun hazi zen eta euskara gaizki ikusia zegoen garaia egokitu zitzaion. Hizkuntzaren prestigioa eskasa zen eta gurasoak erdaldunak zituen, baina aiton-amonak euskaraz mintzatzen ziren, "kontu pribatuez aritzen zirenean, batez ere". Irakurle porrokatua zenez, eskuetan erortzen zitzaion guztia irakurtzen zuen eta amonaren doinua imitatzen saiatzen zen euskarazko testuak eskuratzen zituenean. Euskararekiko interesa, beraz, txikitatik datorkio. Beranduago, berriz, 16 urte zituenean, alfabetatzeari ekin zion eta "ohitura txarrak alboratzea" izan zen gehien kostatu zitzaiona.

1. Zein da zure ama-hizkuntza?
Amaren aldetik, gaztelania. Aiton-amonak eta osaba-izebak, berriz, euskaldunak ziren.

2. Noiz eta nola hasi zinen euskara ikasten?
Txikitan ez nuen euskaraz egiten, baina oso presente nuen, gure aiton-amonek euskaraz egiten zutelako. Altsasun euskara klandestinoa zen, baina soinu hori oso barneratuta nuen. Behin euskarazko haurrentzako liburu bat sartu zen etxean eta goitik behera irakurri nuenean denak harrituta gelditu ziren: "zein ondo irakurtzen duen mutiko honek euskaraz!", esaten zuten. Euskara itzalpean zegoen, baina oso presente neukan eta doinua imitatzen saiatzen nintzen.
Alfabetatzea beranduago izan zen, 16 urte nituela. Batik bat kalean ikasi nuen: Irunen bizi nintzela, esate baterako, euskal dantza-talde batean parte hartzen nuen, hau da, giro euskaldunean sartuta nengoen. Esango nuke prozesua naturala izan zela. Dena den, alfabetatzeko eta EGA ateratzeko hainbat euskaltegitara jo nuen.

3. Zerk bultzatu zintuen euskara berreskuratzera?
Galdutakoa berreskuratu nahiak bultzatu ninduen. Aiton-amona guztiek euskaraz egiten zuten, baina gure gurasoen garaian parentesi moduko bat gertatu zen, gaizki ikusia zegoelako eta prestigio falta zuelako. Aiton-amonek, adibidez, etxeko kontuez hitz egiteko euskara erabiltzen zuten, besteok ez ulertzeko. Gauzak horrela, konturatu ginen aiton-amonekiko harremana galtzen ari ginela. Izan ere, amonak oso gaizki egiten baitzuen gaztelaniaz. Horregatik euskara berreskuratzeko gogoa piztu zitzaigun. Gaur egun, sei anai-arrebetatik bostek hitz egiten dugu euskaraz.

4. Zer izan zen zuretzat errazena eta zer zailena alfabetatzeko garaian?
Errazena, agian, praktika; lagunartean landua nuelako. Gainera, AEK euskaltegietan praktikari garrantzi handia ematen zaio, hala zen bere garaian, eta ez nuen arazorik izan. Baliagarria izan zen hiztegia osatzeko eta forma egokiak ikasteko. Zailena, berriz, ohiturak haustea izan zen, hau da, gramatikalki desegokiak ziren formak alde batera uztea.

5. Ikasi al duzu beste hizkuntzarik?
Frantsesa Hendaian bizi nintzen garaian ikasi nuen, 10 urte nituenean. Ingelesarekin ere saiatu egiten naiz eta ulertzeko moldatzen naiz, behintzat.

6. Zure ustez errazago ikasten al da hirugarren hizkuntza bigarrena baino? Zergatik?
Hori esaten dute, baina nik ez nuke hori esango. Egia da hizkuntzak ikastea oso gogoko dudala, komunikatzea gustatzen zaidalako. Frantsesa eta ingelesaren kasuan, gramatikaz ezer gutxi dakit, baina ulertzeko gaitasuna daukat. Uste dut hizkuntzak ikasteko belarria dudala.

7. Zer egiten zenuen zure kabuz euskara lantzeko?
Irakurle amorratua izan naiz txikitatik eta eskuetan erortzen zitzaidan guztia irakurtzen nuen. Garai hartan, HABE eta Argia aldizkariak irakurtzen nituen. Euskal musika ere oso gogoko nuen. Gogoratzen dut Egan edo Akelarre Altsasura etortzen zirenean sekulako gertakaria izaten zela. Haien kantu guztiak buruz genekizkien, baita Urkorenak edota Peio eta Pantxoarenak ere.

8. Zerk edo nork lagundu dizu gehien euskara ikasteko garaian?
Nire lana funtsezkoa izan da. 1990etik, egunkaria sortu zenetik, nago bertan. Lanerako erabiltzen dudan hizkuntza euskara da eta nire lagunartea ere euskalduna da, nagusiki.

9. Zer esango zenioke jendeari euskara ikastera animatzeko?
Euskara ikasteak kultura berri batean murgiltzea dakar. Gaur egun, gainera, euskaraz irakurtzeko eskaintza handia dago eta merezi duela uste dut. Izan ere, hizkuntzarekin lotuta dagoen kultura ezagutzeak gauza asko erakusten ditu eta pertsonak askoz ere irekiagoak bihurtzen ditu.


Interesatzen zaizu



B1
2007-12-05
16505894
3426