detalle dokuteka-generico-fitxa

Biopsia

Zer da biopsia bat? Nola egiten da? Aurrez pazientearen prestakuntzarik egin behar al da?
Artikulu honetan Javier Agirrek biopsiaren inguruko informazio zabala emango digu.

Zer da biopsia bat?
Gorputzeko ehun baten lagin txiki bat erauzi eta ondoren mikroskopioaren bidez espezialista batek aztertzea (patologoa izan ohi da gehienetan). Horixe da biopsia izeneko teknikaren funtsa, hitz gutxitan azaldua. Eta lortutako laginari ere biopsia esaten zaio (zehazkiago biopsiako lagina edo pieza esan beharko litzaiokeen arren).

Normalean gaixotasun bat diagnostikatzeko erabiltzen da teknika hau. Baina gerta daiteke erauzi beharreko ehun zatia gaixorik ez egotea ere, transplante bat egin aurretik ehun sanoak edo osasuntsuak tipifikatzeko ere biopsia erabiltzen baita.

Zenbait kasutan, biopsia medikuaren kontsultan bertan egin ahal izango da; beste kasu batzuetan, ordea, ospitalean egin beharko da. Diagnostiko histopatologikoak baldintzatu eta erabakitzen du ondoren hartu beharreko jarrera terapeutikoa, eta horregatik, biopsiaren emaitzak urgenteak izan ohi dira kasurik gehienetan.

Indikazioak
Prozedura hau gaixotasun anitzen diagnostikoa egiteko erabiltzen da, hasi larruazaleko arazo sinpleetatik eta minbiziaren diagnostikoraino. Sarritan aukeratzen da biopsia tumore bat gaiztoa den ala ez erabakitzeko, edo baita itxuraz arrazoi agerikorik ez duen infekzio edo inflamazio baten kausa edo arrazoia argitzeko ere. Gaixotasun baten eboluzioa edo martxa jarraitzeko ere erabil daiteke biopsia.

Biopsia bat egiteko gorputz-atalik ohizkoenak hauek dira: hezur-muina, bularrak, urdail-hesteetako traktua, giltzurruna, gibela, birikak, nodulu linfatikoak, azala, tiroidea eta garuna.

Nola egiten da biopsia bat?
Teknika honekin lortzen den laginak adierazgarria izan behar du. Horregatik kopuru egokia hartu behar da (alegia, behar adina kantitate), eta baldintza egokietan gainera. Beti pazientearen baimenarekin egingo da. Jarraitu beharreko prozedura diferentea izango da, zein ehun edo organo aztertu nahi den kontu. Hauek izango lirateke biopsia motarik arruntenak:

_ Biopsia endoskopikoa
Horrelako biopsiak egiteko zuntz optikozko endoskopio bat erabiltzen da. Barrukoa ikusteko modua emango digun kamera batez hornitua dagoen zuntz optikozko hodi malgu luze bat, bere muturrean argi bat daramana, gorputzeko zulo natural batean barrena (ondestean edo ahoan barrena, esate baterako) sartzen da, edo baita ebaki txiki batean zehar ere (artroskopia, adibidez).

Endoskopioa aztertu nahi den organoa ikusi eta behatzeko erabiltzen da, lagina hartu nahi den area anormalak bilatu nahian. Prozedura endoskopikoak aztertu eta tratatu beharreko organoaren edo gorputz-atalaren izena hartzen dute normalean. Horrela, endoskopioa traktu gastrointestinalean ezartzen bada, endoskopia digestiboa esango diogu; maskurian sartuz gero, zistoskopia; abdomenaren barruan jarriz gero, laparoskopia izango da teknikaren izena; artroskopia artikulazio edo giltzadura batekoa; mediastinoskopia, bularraldearen erdiko partean jartzen bada; edo laringoskopia nahiz bronkoskopia, endoskopioa laringean edo bronkioetan ezartzen baldin badugu, hurrenez hurren. Begi-bistakoa den bezala, prozedura hau gaixotasun diferenteak diagnostikatzeko erabiltzen da, zein gorputz-ataletan ari garen kontu.

_ Hezur-muineko biopsia
Biopsia mota hau bularrezurretik abiatuz egiten da, edo aldakako gandor iliakotik bestela, bizkarraren beheko aldean pelbisaren alde banatan dagoen hezur-irtengunetik hain zuzen ere. Beste ezer egin aurretik, zona horretako azala ondo garbitu eta anestesiko lokal bat ematen da, ingurua lokartu edo sorgortzeko. Ondoren, orratz luze eta zurrun bat sartzen da hezur-muinean (hezurraren barruan, alegia), aztertu behar diren zelulak aspirazioz lortzeko. Zenbait kasutan zentroko biopsia esaten zaiona ere egin daiteke: hezur-muineko hezur zati txiki bat erauzten da, leuzemia-kasuak eta bestelako minbiziak diagnostikatzeko.

_ Zatiketa edo ebaketa bidezko biopsia

Biopsia mota hau erabiltzen da lagin zabalagoa edo sakonagoa behar denean, edo organo bat osorik edo tumorea oso-osorik lortu nahi denean. Edo ehun normalaren eta ehun patologikoaren arteko bereizketa egin nahi dugunean. Lagina hartzeko prozedura kirurgikoa da, bisturi bat erabiliz, eta anestesia lokala edo orokorra eskatzen du normalean. Zona osoa, lesio osoa edo tumorea osorik erauzten denean, biopsia horri eszisionala (zatiketa bidezkoa) esaten zaio, eta alboko edo inguruko ehun normala ere hartzen da segurtasun-marjina bezala. Helburu diagnostikoekin lesioaren zati bat bakarrik erauzten denean, biopsia horri intzisionala (edo ebaketa bidezkoa) esaten zaio, eta tamaina handiko lesioen kasurako gomendatzen da, ondorengo ebakuntza kirurgikoa nolakoa izango den erabakitzeko.

_ Aspirazio bidezko biopsia

Orratz fin-fin bat erabiltzen da, lagin oso txikiak erauzteko. Azalean zehar orratza organo edo ehun batean sartzen da eta jarraian aztertu beharreko zelulak aspirazioz lortzen dira. Anestesia lokala erabil daiteke, zona hori sorgortzeko, baina azterketa mota honek apenas sortzen duen molestiarik edo uzten duen orbainik. Gibelean edo tiroide guruina bezalako organoetan erabiltzen da biopsia mota hau, bularreko minbizietan eta irispide zaila duten organoetako arazoetan. Gorputzaren barrualdean dauden organoetan (biriketan edo gibelean, esaterako) eskanerra erabil daiteke, orratza lesioaren barruan gidatzeko.

_ Ziztada bidezko biopsia
Prozedura honetan azal zati txiki bat hartzen da, larruazaleko geruzarik azalekoenak ebakitzen dituen pintza berezi bat erabiliz. Lehenik eta behin, zona horretako azala garbitu eta anestesia lokala ematen da bertan. Larruazaleko gaixotasunen diagnostikoan erabili ohi da gehienbat biopsia mota hau.

_ Biopsia esteroestatikoa
Biopsia mota honetan X izpien kontrola erabiltzen da gida moduan, proba egiten ari den espezialistaren lagungarri, eta laguntza horri esker orratza erasandako zonan sartzea lortzen da. Aztertu beharreko lesioa ez ikusi eta ezta ukitu ere ezin daitekeenean erabiltzen da, hartutako lagina benetan erasandako zonakoa dela bermatzeko. Esate baterako, X izpien bidezko probetan, mamografia batean edo eskaner batean alterazioak aurkitzen direnean, normalean biopsia hori erabiltzen da jarraian.


Aurrez pazientearen prestakuntzarik egin behar al da?
Biopsia gehienak modu anbulatorioan (ibiltarian) egiten direnez, ez da beharrezkoa aurretiko prestakuntza berezirik, anestesia lokala edo orokorra erabili ezean. Eta behar izanez gero, medikuak berak emango dizkio oharrak pazienteari.

Baina, hala ere, badira kontuan hartu beharreko puntu batzuk:
  • Alergiaren bat edukiz gero, edota historia klinikoan gorabeheraren bat agertuz gero, horren berri eman behar zaio medikuari proba egin aurretik.
  • Galdetu medikuari ea komeni den proba egin aurretik odoljarioa eragin dezaketen botikak (antikoagulatzaileak...) hartzeari uztea, aspirina adibidez. Eta pazienteak aurretik hartzen duen medikazioan ez egin inolako aldaketarik medikuari galdetu gabe.
  • Anestesia erabili behar baldin bada, ez da ezer jan behar proba egin baino 2-3 ordu lehenago.
  • Biopsiaren prozedura ziztada bidezkoa bada, ziztada mingarri bat nabarituko duzu biopsia-lekuan. Anestesia erabiltzen bada, noski, ez da batere minik nabarituko.
Edozein motatako biopsia egin ondoren sukarrik, minik, gorriunerik, zornerik edo odoljariorik izanez gero, medikuari kontsulta egitea komeni da, honek balorazio egokia egin eta hartu beharreko neurriak har ditzan.

Emaitzak lortzeko hainbat egun beharrezkoak izan daitezke, eta emaitzak beti proba agindu zuen medikuak azalduko dizkio pazienteari.

Jabier Agirre, UZEI


____
Nahi izanez gero, artikulu honi buruzko ariketa-sekuentzia badaukazu Osatuz web gunean egiterik, bilatzailean 372123 idatzita.

x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

2008-01-25

x61pRelaContWAR

  • Agirre , Jabier
16505331

x61pViewCountWAR

3343

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR