detalle dokuteka-generico-fitxa

Euskal diseinatzaileak modan daude

SkunkFunk eta Xibiouz hiriko modaren erreferente bilakatutako marka euskaldunak dira. Joan den urtarrilean, Bartzelonan egon ziren, Bread and Butter izeneko moda azoka arrakastatsuan. Bertan, izen handiko 900 marka baino gehiago bildu ziren, elkarren berri izan, bezeroekin aurrez aurre egon eta ideiak elkar trukatzeko.

SkunkFunk eta Xibiouz izenen atzean, Mikel Feijoo eta Donibane Garaziko laukote bat ezkutatzen dira. Hauen guztien azalpenak ekarri ditugu lerro hauetara. Ziur aski, kalean haiekin topo egingo bagenu, ez genituzke ezagutuko. Euren arropak, ordea, mugak gainditu ditu. Ukitu pertsonala ematea, kaleko jendeak zer nahi duen jakiteko erne egotea eta lan asko egitea omen dira, besteak beste, arrakastaren gakoak.

Kalean dago eredua
Marihuana mota bat (skunk) eta musika estilo bat (funk) nahastetik dator SkunkFunk izena. Sortzailea Mikel Feijoo gernikarra da, baina gutxi batzuek ezagutzen dute. Bere istorioa 90eko hamarkadan hasi zen. Kamisetak saltzen zituen hasieran, musika jaialdietan. Pixkanaka ogibidearen nondik norakoak ezagutzen hasi zen eta 1999an lehenengo denda zabaldu zuen, Bilboko Plaza Berrian. Aurten berrituko dutena, gainera. Sorreraren lekuko izan zen denda horretan, aurki, naturak eta sormenak garrantzi handia izango dutela dio Mikelek. Eta nolabait, hasierako erronka hura gainditu dutela, baina inork ez diola ezer oparitu. "Hasieran ez genuen ez prestakuntzarik, ez dirurik. Oztopo piloa gainditu behar izan genituen. Ni neu harritu egiten naiz lortu dugunaz". Munduan zehar hedatzeko asmoa argi zuen hasieratik eta, gaur egun, SkunkFunk arropa saltzen duten 700 denda daude mundu osoan.

Funk estiloa oso pertsonala da eta kaleko jendea du oinarritzat. "Kalean ikusten duguna hartzen dugu eredu. "People do funk" proiektua, hain zuzen, horretan datza. Gure arropa erabiltzen dutenen iritzia jaso egiten dugu, feed-back-a bilatzen dugu, alegia. Gure modeloak ere kalean bilatzen ditugu eta horretarako streetcasting -kaleko kastinga- izeneko ekimena antolatu dugu". Bestalde, sortzaileak dioenez, markaren ezaugarri nagusietako bat kolore berdea da, "berdea den herri batean sortu delako".

Bilduma berri bat abian jartzeko, lehenik eta behin, gai nagusia aukeratzen dute eta, ondoren, materialen eta koloreen hautaketa dator. Udazken honetarako prestaturiko bilduman elementu berritzaileak sartu dituzte eta Mikel Feijook aurrerapen txiki bat egin digu: "Hurrengo bilduma apur bat dotoreagoa da. Ez da aurrekoak bezain koloretsua eta kontraste gutxiago ditu. Bestalde, larruzko jakekin bilduma txiki bat prestatu dugu. Gainontzekoa, udazkenean ikusiko duzue".

Sorgintzen duen arropa
Xibiouz duela lau urte jaio zen, Donibane Garazin. Bertan zabaldu zuten lehenengo arropa denda eta, dagoeneko, Europako 200 saltokitan sartu dira. Izen horren pean hiru emakume eta gizon bat ezkutatzen dira. "Sorgin talde bat gara", esan digute. Izan ere, sorginak dira Xibiouzen nortasun-ikurra: "Direnik ez da sinistu behar, ez direla ez da erran behar...." da haien leloa.

Hortik abiatuta, sorginen mundua oinarri duen arropa koloretsua sortzen dute. "Arroparen formari baino, marrazkiei ematen diegu garrantzia. Lehenik, eskuz egiten ditugu eta gero ordenagailura pasatzen ditugu".

Batik bat kamisetak diseinatzen dituzte, baina pixkanaka eskaintza zabaltzen ari dira eta gonak edota soinekoak ere egiten dituzte. Emakumeentzako arropa egiten dute. "Sinpleak eta erosoak dira, emakume guztiek jartzeko modukoak". Erosotasuna Xibiouzen ezaugarri nagusietakoa da eta kotoiarekin bakarrik lan egiten dute: "Goxo-goxo egotea eta arroparen barnean gorputzak dantza egin dezan bilatzen dugu".

Bilduma berrirako 35 modelo prestatu dituzte, bi koloretan. "Bilduma txikiak egiten ditugu eta xehetasun txikienari erreparatzen saiatzen gara. Dena neurtuta dago".

Xibiouzen asmoa mugak zeharkatzea da. Eta ondo lortzen ari dira. Hirugarren urtez Bartzelonako Bread and Butter moda azokan parte hartu dute eta aurtengo edizioa oso aberasgarria izan dela diote. "Modaren mundura iritsi berriak gara eta oraindik usaina hartzen ari gara. B&B azokara joaten garen hirugarren aldia da eta bezeroekin harremanetan jartzeko oso baliagarria izan da. Espainian ez dugu komertzialik eta azokak bezeroengana hurbiltzeko aukera ematen digu. Azokara joan ginen lehenengo urtea, berriz, deskalabru hutsa izan zen. Ikaragarrizko lana egin genuen saltokia prestatzeko. Koadro piloa egin genituen paretak apaintzeko eta, azkenean, arropa ikusi ere ez zen egiten hainbeste marrazkiren artean. Bigarrena hobeto joan zen eta hirugarrena oraindik hobeto. Asko ikasi dugu".

x61pRelaContWAR

Interesatzen zaizu



detalle2

Dokuteka

B2
2008-03-31

x61pRelaContWAR

16504756

x61pViewCountWAR

4834

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR