Dokuteka
Mikel Laboa hil da
Mikel Laboa kantari eta musikagile ezaguna hil da, azken hilabeteak gaixorik eman ondoren. 74 urte zituen Laboak.
Hilabete honetan bertan Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzekoa zen kantaria euskal musikagintzari egin dion ekarpenagatik eta egindako ibilbide luze eta zabalagatik. Abenduaren 23an egitekoa zen ekitaldi hori.
Donostiako Parte Zaharrean jaio zen 1934ko ekainaren 15ean. Gerra Zibila hasi orduko familiak alde egin behar izan zuen: aitak, udaletxeko zinegotzia zenak, Frantzia aldera jo zuen; ama eta zazpi seme-alabak Lekeitio aldera joan ziren, eta han bizi izan ziren aldi batean. Donostiara itzulita, marianisten ikastetxe batean ikasi zuen. Batxilergoa amaituta medikuntza ikastea erabaki zuen. 1953an ekin zion eta Madrilen, Iruñean, Zaragozan eta Bartzelonan aritu zen, harik eta 1967an haur neuropsikiatrian espezializatu zen arte. Urte horietan Iparraldeko herri musikak interes handia sortu zion eta Katalunian zela gertutik ezagutu zuen Nova Canço zeritzon musika mugimendua. Lagun batek oparitan emaniko Atahualpa Yupankiren diska batek ere Hego Amerikako kantarien berri eman zion eta haien xarma erakutsi.
Ez Dok Amairu
1960ko hamarkadan Ez Dok Amairu osatzen du beste hainbat euskal artistarekin. Bertan, batez ere Benito Lertxundirekin batera, euskal kanta berria sortzen dute. Estilo tradizionala eta berriak elkartzu eta Bertolt Brecht bezalako autoreen letrak abesten dituzte. Lekeitioak abesti sorta ere sortzen ditu, oihu eta zarata esperimentalekin.
Bakarkako arrakastak
Mikel Laboa kontzertuan, Donostian, 2006ko uztailean1974an Bat-Hiru diskoa egiten du, jada euskal ereserkiak bihurtu diren hainbat kantekin (bereziki Txoria txori). Diska hau Mendeko Euskal Diskarik hoberena izendatu zuten Diario Vascon eginiko bozkaketa batean. Ondoren aldaketak egin zituen bere musikan eta jazz musikarekin batera lana egin zuen Iñaki Salvadorrekin.
Donostiako Orfeoiarekin diska bat ere argitaratu zuen. Bere lanetan bitxikeria bar badago: LP guztiak zenbakituak daude, 1etik 17raino, baina 13rik gabe, Ez dok hamairu taldearen omenez.
Julio Medem donostiarraren Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra dokumentaleko soinu banda ere Mikel Laboarena da.
Donostiako Antigua auzoan bizi zen.
Gaur, 2008ko abenduaren 1ean zendu da, Gipuzkoako Urrezko Domina eman behar zioten hilabetean.
