Sektarik maltzurrena
Zein ote da sektarik zitalena? Iñaki Segurolaren arabera ez da inongo erlijio, ezta zientzia bera ere. Sekta arriskutsuen ezaugarriak banan bana zerrendatu eta aztertu ondoren, ondorio harrigarri batera iristen da idazlea.
Hiztegi lagungarria Ametitu. Onartu. |
Iñaki Segurola filologoa. Gaur sekta suntsitzaileei buruz hitz egiten hasiko gara, auskalo non bukatzeko. Baina bueno, hortik hasiko gara sektei buruz, sekta arriskutsuenak zein diren jakin dezagun. Eta eginkizun sozialari helduaz, ba ez bakarrik jakin baizik eta ezagutu, harrapatu eta menderatu.
Arantxa Iturbe esataria. Sekta suntsitzaileak.
Iñaki Segurola. Suntsitzaileak, e! Destruizioa (suntsiketa) dakartenak: ez dakigu zerena.
Dakitenek diotenez, sekta hauen ezaugarriak dira bi puntu. Izendatu egingo ditut ezaugarri batzuk, eta gero gerokoak.
Norbaiten argiak itsutzen ditu.
Gezurra egiatzat hartu, eta egiaren jabe osoak direla uste dute.
Bakartzera jotzen dute.
Proselitismoa egiten dute.
Azken apokaliptiko baten beldurrez bizi dira.
Beren arrazoia jainkotzen dute.
Pertsonaren perfekzioa bilatzen dute.
Itxiak dira.
Kritikarik ez dute ametitzen.
Diru-gose handi samarra izaten dute.
Arau estuak, alienazioa, eta abar.
Ari gara argi eder bat egiten, ezta? Nik garai batean uste nuen erlijio ofiziala, garai bateko erlijioa… Esan nahi nuke, erlijioa zela sekta handiena. Geroago, berriz, pixka bat eguneratu nintzelarik, zientzia iruditzen zitzaidan sekta handiena eta arriskutsuena. Ez ikerketa zintzoa, ez ikerketarako amorrua edo pasioa, jakina, baizik eta zientzia subentzionatua eta doktrinatua, hau da, ia guztia.
Erlijioa, zientzia eta normalitatea (normaltasuna) bera ere sekta handi samarra da, e?, handia eta oso ugaria da normalitatearen sekta, eta erremedio gabe, gainera, zeren lehen, lehen, lehenago, normala izatea zen era jakin batekoa izatea. Baina gero, nonbait, normalitatea estatistikoa bihurtu zen, gauza estatitistiko bat bihurtu zenetik normala izatea da gehienak bezalakoa izatea. Gehienak nolako diren, zu halakoxea. Horregatik esan dut erremedio gabe oso sekta ugari, indartsu, garaile, menderatzaile eta arriskutsua dela normalitatearen sekta hau. Eta denok harrapatzen gaitu, gainera, gehixeago edo gutxixeago. Hortik atera kontuak noraino luzatzen den sekta honen itzala. Inork nahi badu jakin, ni, bo, ni eta nire modukoak, eta ez galdetu zer den nire modukoa izatea…
Arantxa Iturbe. Ez zait horrelakorik burutik pasatu ere egin...
Iñaki Segurola. Pasatu badakit egin zaizula; ez galdetu, neuk ere ez baitakit.
Arantxa Iturbe. Zuek, alegia, eta zure modukoek…
Iñaki Segurola. Bai. Hori da. Inork nahi badu jakin gu igaro ginen prenormalak izatetik postnormalak izatera, eta hori ere ez iezadazu galdetu zer den auto-psikoanalisi luzeegia litzateke eta. Prenormala, postnormala, baina normalitatetik gehiegi apartatu gabe beti ere. Normalitatearen sekta, beraz, eta erlijioa eta zientzia eta abar. Sekta latzak, sekta suntsitzaileak.
Gaur iruditzen zaidana da ni neu naizela sekta bat. Baina ez, ez…
Arantxa Iturbe. Hasieran, hasieran aipatu dituzun ezaugarri horiek guztiak kunplitzen dituzulako?
Iñaki Segurola. Bai. Baina ez ni kasu berezi bat naizelako, baizik eta edozein delako sekta bat, edozein delako hemen sekta suntsitzaile bat. Bestela esanda, nortasun propio bat eduki nahi duten guztien baitan dago sekta bat ezkutaturik. Sekta txarrena da ni neu. Edozein ni neu eta ni neu guztiak. Eta kasik esango nuke beste sekta guztiak ni neu sekta honen luzagarriak besterik ez direla.
Orain har ditzagun atzera sektaren ezaugarriak. Norbaiten argiak itsutuak; gezurra egiatzat hartu eta egia osoaren jabe dela uste; bakartua; proselitismoa; azken apokaliptiko baten beldurrez bizitzea; bere arrazoia jainkotzea; perfekzioa bilatzea; itxia izatea; kritikarik ez ametitzea; diru-gose handi samarra; alienazioa, eta abar.
Orain garbiago dago: ni neu da sekta txarrena, zabalduena eta suntsitzaileena. Baina txarrena eta suntsitzaileena zeinentzat da ni neu? Ba ez dakit nola esan, neuretzat, neure buruarentzat, ni neu horren azpian, geure baitan eta kolkopean penatzen den zerako zerarentzat? Ez dakit, geure buruaren gaindosiarekin bizi gara, geure buruei eta geure burutazioei, geure buruei eta geure burutazioei izugarrizko inportantzia emanda bizi gara edo existitzen gara. Horixe da ni neu sekta txarra.
Joan den astean kulturarekin eta batiz bat kontzertuekin aspertzen zen jendeari laguntzeko hitz egin genuen. Uste dut puruegia izan nintzela, eta aspertzen ikasi beharra dagoela, elkarrekin aspertzen ikasi beharra dagoela etsi-etsian. Horixe da, gainera, bizimoduan aurrera egiteko modu erreal bakarra, ez benetakoa eta egiazkoa, baina bai erreala.
Ni neu sektatik ihesi, geure buruaren gaindositik ihesi, elkarrekin aspertzen ikasi behar binaka edo mordoka. Kontzertuak horretarako daude, besteak beste. Garai bateko mezak eta prozesioak ere bai. Edo manifak edo futbol-partiduak eta abarrak eta tabarrak. Hor sortzen den komunio, komulgazio, komunikazio afektibo horretan bilatzen du geure buruaren gaindosiaren arintze bat. Ni neu sektak dauka kulpa guzti