Dokuteka
Gaztetxoekin berpizte-lanetan
Ikastetxez ikastetxe ibili gara, 16-17 urteko ikasleekin, joan den udaberrian. Bihotz-biriketako geldialdi baten aurrean zer egin behar ote den erakutsi nahian, metodo berritzailea erabili eta bere balioa frogatu dugu.
Zergatik erakutsi zer den berpiztea sanitarioa ez den jendeari?
Gure erkidegoan urtero 800 geldialdi inguru eman daitezke ospitalez kanpo. Aztertu ditugun datuek erakusten dute geldialdia sufritzen duten pertsonetatik ia % 90 ez dagoela bakarrik. Zergatik ez du orduan % 16k besterik hasten berpiztea? Zergatik geratzen da lekukoa sanitarioak etorri arte besoak gurutzatuta zain? Faktore asko bilduko dira hau horrela izan dadin, eta guk denok, banan-banan hankaz gora bota nahi ditugu, patologia larri honen emaitzak hobetu asmoz.
Geldialdia ematen den mementotik hamar minutu baino gutxiago dauzkagu berpiztea hasteko, eta oso zaila da denbora horretan anbulantzia etxera iristea. Ondorioa argia da, beraz, lekukoak bi gauza egin behar ditu: abisua azkar eman eta oinarrizko berpiztea hasi. Gaur egun, hau ez da maiz egiten eta arlo hau hobetu beharra dago.
Zergatik adin horretako jendeari?
Proiektua berritzailea da. Kaxa pertsonalizatu batean datorren DVD bat eta panpina bat erabiltzen ditu. Ordu-erdiko iraupena duen DVDari jarraituz, bakoitzak bere panpinarekin egiten ditu praktikak. Prestakuntza-ekintzak ordubeteko iraupena du denera, eskolatako klaseetara oso ondo moldatuz. Taldean jarraitzen dute emanaldia, eta ondoren bakoitzak kaxa etxera eramaten du eta bertan bere senideei berpiztea nola egin behar duten esplikatzen die.
Odol-emaile taldeekin ere lan egin dugu. Hauek antolatu eta biltzea nekezagoa suertatu da. Denera, 5.000 kaxa erabili ditugu. Hartzaile bakoitzak 3 pertsona etxean prestatuz gero, 20.000 pertsona prestatzera heltzen gara.
Nola antola daitezke hainbeste prestakuntza-ordu?
Hau izan da akaso proiektuaren alderdirik politena. Nola iritsi 20 ikasleko 125 gelatan prestakuntza ematera? Unibertsitatera joan gara gure proiektuarekin eta harrera ezin hobea izan dugu. Bertako ikasleak buru-belarri sartu dira eta prestakuntza jaso ondoren, ikastetxez ikastetxe joan dira bertako irakasleei laguntza eman eta ikasleak prestatzen.
Erizaintzako eta medikuntzako ikasleak izan ditugu bidelagun eta dena koordinatzea zaila izan den arren, bertako arduradunek ere laguntza itzela eman digute.
Zer da azken finean erakutsi dieguna?
Bihotz-biriketako berpiztea lau kate-begi dituen katea da. Bakar batek huts eginez gero, emaitza txarra da beti. Kate honen lehen bi pausoak lekukoaren esku uzten ditugu. Berak deitu behar du azkar eta hasi behar du masajea. Hau nola egin erakusten diogu eta zuek ere gehiago jakin nahi baduzue, http://www.osakidetza.euskadi.net/v19-emerhome/eu/ orrian duzue informazioa eskuragarri.
Izango al du jarraipenik proiektuak?
Mementoz lehen fase hau amaitu eta balorazioak egin behar ditugu. Ikasle bakoitzak etxean zenbat senide prestatu dituen, denboratxo bat pasatu ondoren zer gogoratzen duten eta antzeko beste parametro batzuk ebaluatu beharko dira. Ondoren erabaki beharko da zein den berpiztea biztanleriari erakusteko modurik aproposena.
| Karlos Ibarguren Emergentzietako Prestakuntza-arduraduna |
