detalle dokuteka-generico-fitxa

Jesusen Bihotza, frankismoaren oroigarri

Donostiako Jesusen Bihotzaren historia laburra egiten du. Gainera, donostiarrek irudi horren aurrean izan dituzten jarrerak azaltzen ditu. Frankismoaren garaiko ikur dela dio.

JON ODRIOZOLA/

Azaroaren 19an Urgulleko Jesusen Bihotza inauguratu zeneko 50. urteurrena beteko da. Frankistek eraikitako monumentu erraldoi honek era guztietako iritziak sortu ditu gerora donostiarren artean. Batzuentzat horixe da, frankismoak Donostian utzitako arrastorik nabarmenena. Beste batzuentzat, ordea, kristautasunaren ikurra besterik ez da.

1950eko azaroak 19, igandea. Futbolzale mordoa Valladolidera joan zen talde txuri—urdina animatzera, Reala, hirugarrena Liga txapelketan, Valladolid liderraren aurka lehiatzekoa baitzen. Hala ere, Benito Diazen mutilek 3—2 galdu zuten. Donostian gelditu zirenek Miramar aretoan Errol Flynn—en "Helburua: Birmania" filma ikusteko beta izan zuten. Gauean, Union Artesana elkartean, Radio Orkestrarekin dantza jaialdi handia egin zen.
Sasoi hartako egunkari ofizialek Koreako gerra urte amaiera baino lehen bukatuko zela zioten. Horrez gain, "Sloan linimentuak" giharretako oinazeak, baita erreumatikoak ere, aitaren batean sendatzen zituela iragartzen zuten. Dena den, garai hartako Gipuzkoako prentsan albiste bat guztien gainetik nagusitu zen: Jesusen Bihotza estatuaren inaugurazioa Donostian.

Lehen urratsak

Jesusen Bihotzaren monumentua eraikitzeko ideia 1938an plazaratu zuen garai hartako alkate frankista Antonio Pagoagak udaletxeko balkoitik. Monumentuak Urgull puntan egon beharko lukeela argudiatu zuen, urte batzuk lehenago Gasteizko Elizbarrutiko Fray Zacarias Martinezek botatako hordagoari erantzunez. Asmoak asmo, monumentua bideratzeko sortu zen Batzordea ez zen 1944ko udaberrira arte era—bat martxan jarri.

Donostiako Udalak, 1939ko ekainean, 100.000 pezetako dirulaguntza ematea onartu zuen Jesusen Bihotzaren eraikuntza egiteko. Monumentuak "gudan hildakoak eta martiriak" omenduko zituen, Espainiako Errepublikaren aurka altxatutako hildakoak, jakina. Hona hemen Udalak kaleratutako idatzia: 'Franco zorioneko "Caudillo"aren gidaritzapean, Espainia eta Europa inbasio boltxebiketik salbatu gaituzten gure gudarien alde egin dezakeguna huskeria da. Izan ere, beraien heroitasun, pairamen eta sakrifizioari esker, bakea eta oparotasun aroaz gozatzeaz gain, Espainiako Inperio Handia berriro ere ikusteko aukera dugu. Baina bizirik irten zirenek gure sana merezi badute, Espainia eta Francoren alde, "Gora Kristo Errege!" oihupean odola isuri eta bizia eman zutenek gure esker on betierekoa eta mirespena merezi dute. Baita fedearen alde eta Espainia eta "Caudillo"arekiko leialtasunagatik, ideia erlijioso eta aberkoiak zituztelako doilor hil zituztenek ere".

Handik sei urtera, 1945eko urrian, Udalbatzak bilera egin zuen monumentua non jarri erabakitzeko. Ja denek Urgullen jarriko zela uste zuten arren, bozketan berdinketa gertatu zen, eta, beraz, zinegotziek San Fernandoko Arte Ederretako Erret Akademiako Gotzain eta Arkitektoen Eskola Nazionalari eraikuntzaren kokapenaz iritzia eman zezan eskatzea adostu zuten.

Ez ziren iritzia eman zuten bakarrak izan. La Voz de España egunkariak gipuzkoarrei eraikuntzaren kokapenaz hausnarketak idazteko gonbitea egin zien. Batzuk oso haserre azaldu ziren Urgulleko kokapenarekin eta baita aurrekontu ekonomikoarekin ere. La Voz de Españako Juan de Hernani kronikagileak zentzugabekeriatzat jo zuen proiektua: "Ezin dira 100.000 pezeta xahutu estatua bat egiten, erietxean oheak falta direnean eta babes etxeetan eta Gizarte Laguntzan nahikoa jaten ez duten haurrak dauden bitartean. Jainkoa ondratzeko hamaika era daude, eta horietako bat goseak dagoenari jaten ematea da". Izan zen gehiago berotu zenik ere: "aurkakoa naiz, gurtzeko leku apropos bakarrak tenplu eta sinestun bihotza direlako".

Ika—mikak ugaritu arren, hiru aukera nagusitu ziren oroigarria jartzeko: Amarako zabalgunea, Urgull edo eliza berri bat. Bigarrena gailendu zen, azkenik, eta 1946ko abenduan Udalak monumentua egiteko aurreproiektu lehiaketa ezagutarazi zuen.

Hamar proiektu aurkeztu ostean, 1947ko irailean, Pedro Muguruza eta Federico Coullant Valerak lehiaketa irabazi zuten. Garaileek 20.000 pezetako saria jaso zuten. Handik bi hilabetera Udalak baimena eman zuen arren, Urgullen harian hamaika eztabaida sortu zen. Funikular baten premia azaldu zuten zenbaitek. Beste askok, ezetz!

Monumentuaren ingurumarian turismo gune bat antolatuko ote zen zurrumurrua ere zabaldu zen. Baita aurkako oihuak ere. Bistan da, ez zen saltsa faltarik izan bazterretan!

1948. urte amaierarekin, bi urtez, Urgullen aldamioak eguneroko ogi bihurtu ziren. Materialak mendi kaskora igotzeko teleferikoa eraiki zuten, baina dena den, argindar murrizketek lanak asko mantsotu zituzten. Izerdi frankoren ondoren, eta ttirrika—ttarraka, l950ean lanak amaitu eta eraikuntzan parte hartutako langileen eta beraien senitartekoen izenak monumentuaren bihotzean idatzita gorde zituzten, egindako lanaren esker onez.

Inaugurazioa

Oroigarria bukatzear zegoela, nazionalkatolizismoaren prentsak, ohiko erretorika bereziaz, laudorioak barra—barra aireratu zituen: "Ez da munduan Ebanjelioarekin hain sutsuki loturik dagoen eraikuntzarik", "Fede erlijiosoa azaltzerakoan, gipuzkoarrek ez dute inoiz Espainiako lurraldeen artean azkenputz izan nahi", "Gipuzkoa, zutik!", "Eraikuntzak gipuzkoarren harrotasuna izan behar du"... Ildo honetatik eta sasi mistizismo batek bildurik, "hemeretzian, eguraldia aintzakotzat hartu gabe, lau haizetara garaipenaren garrasia botatzean marrantak jota eta nekatuta amaitu dezagun: Kristo garaile, Kristo Errege, Kristok gipuzkoarron artean agintzen du!" idatzi zuenik ere izan zen.

Inaugurazio egunean agintari zibil, militar eta erlijiosoak ez ziren etxean gelditu. Ezta donostiar asko eta asko ere. Jende andana bildu zen Urgull magalean. Eguerdian, mezaren atarian, euri jasapean, Donostiako Elizbarrutiko Jaime FONT Andreuk 12,5 metro eta 2.300 tonako monumentua bedeinkatu zuen. Herritar. xeheak kaia eta Kontxako ordulariaren artean jarri ziren eta ekitaldia bozgorailuetatik jarraitu ahal izan zuten. Pio XIII. Aita Santuak ere ekimenarekin bat egin zuen eta bertara hurbildutakoei irratiz hitz egin zien. Harrezkero ez da hirian, bere begiradapean, gauza gutxi gertatu...

 

x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2000-11-09

x61pRelaContWAR

  • Odriozola , Jon
16437152

x61pViewCountWAR

2369

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR