detalle dokuteka-generico-fitxa

Bizitzaren patenteak

Biologoa da egilea. Geneen gaineko patenteei buruzko kritika egiten dute iritzi artikulu honetan.

ENEKO AGIRRE (BIOLOGOA)

Orain artean jaberik ez zuten landare, animalia, nahiz baliabide naturalak bioteknologiako enpresa edo bizitzaren industria izeneko multinazional gutxi batzuen eskuetan geratzen ari dira. Geneak, izaki bizidunak, nahiz berauen ondorengoak patentatzeko ahalmenak ahalbidetu du gertaera sinesgaitz hau.

Gaur egun lurzorua jabego pribatu izatea gauza arrunta iruditu arren, ez da beti horrela izan. Erromatarren aurreko Europako herri indigenetan, Euskal Herrian esaterako, inor Ama Lurraren jabe izatea pentsaezina bezain barregarria zen, Jainkoek ez baitute jaberik.

Hau dela eta, geure hizkuntzak Euskal Herritarrei buruzko aipamena egiteko, «euskalduna» hitza erabiltzen du. Beraz, esanahiari jarraiki, Euskal Herritarra euskara duena da. Lur eremu zehatz bati buruzko aipamena ez egiteak garai bateko euskaldunentzat lurraren jabegoa kontzeptu arrotza zela adierazten digu. Lur pribatuen erabilera Erromatarrak ekarritako sistemen ondorio izan zen. Egun, berriz, zenbait eremutan izan ezik, ez dira lur komunalak geratzen, lursail gehientsuenek izen abizenak baitituzte.

Lurrak jabeak izatea garai bateko euskaldunentzat ulergaitza izan arren, egungoek normaltzat hartzen dugu. Gizarteak jabego pribatuaren aldeko apustua egin du. Baina hau horrela izanik ere, pribatizazioaren lasterketa honetan jada beste urrats bat egina dago: Ama Lurraren osagai diren izaki bizidunen jabe pribatu izatera abiatu gara. Nolatan onar genezake izaki bizidunei patenteak jartzea?

Patenteen sistema jabego intelektuala babesteko bide bezala ezarri zen. Asmakizun berri baten aurrean, asmaketa egin duenari bakarrik ezagutzen dio horren gaineko eskubidea. Logikari jarraituz, aurkikuntza berriei patentek ematea debekatua dagoenez, itxuraz, ezingo litzateke berauen araudia izaki bizidunekin erabili, azken hauek ez baitira gizakiak lorturiko asmakizunak.

Hau horrela izanik ere, bioteknologiaren industriak trikimailu berri bat eratu du debeku honi aurre egiteko. Honela, izaki bizidunak eta berauen ondorengoak, material biologikoa nahiz geneak patentatzea lortu dute. Trikimailuaren oinarria zera da: material biologikoa ingurune naturaletik bakartu eta berriz sortu; hartara, asmakizunetik zerbait baduela onartzen da. Era berean, material genetikoa maneiatzeko baliabideak dituena asmatzaile bilakatzen da. Beste era batera esanda: Biblia fotokopiatu eta zenbait kapituluren ordena aldatzeagatiK eskatzearen antzeko zerbait izango litzateke.

Mende berri honen hasieran, bioteknologiako multinazional erraldoi (bizitzaren industria) gutxi batzuen eskuetan dago teknologia mota hau erabiltzea nahiz ondorengo patenteak ezartzea. Berauen helburua zenbait ekoizpen sektoretan monopolioa eskuratzea da. Honela, jatorriz, mundu osoko patente biologikoen %90 Hirugarren Munduan egon arren, eskualde industrializatuetako bioteknologiako 5 enpresa handienek dute %95en jabeko edo patentea.

Mendeetan, Hirugarren Munduari mota guzietako lehengaiak ostu ondoren (urrea, zilarra, erregai fosilak...) egungo kolonizatzaile modernoak altxor berrien bila dabiltza. Honela, etnobotanikako jakitunez osatutako benetako armadak askatu dituzte Mexikoko, Brasilgo, Guatemalako, Indiako eta Afrikako basoetan. Eskualde hauetako sendabelarren eta berauen usadiozko erabilpenaren berri izateko.

Ikerketen arabera, landare estraktu edo osagai biologikoetatik eratorritako sendagaiek farmazien mundu mailako salmenten %40 osatzen dute (120.000 milioi $, 1997an). Sendabelar propietateak dituzten 35.000 landare espezie ezagutzen dira, eta industria farmazeutikoa berauen propietate interesgarriak patentatzen ari da. Adibidez, Indiako usadiozko medikuntzan erabiltzen diren 7.000 landare sistematikoki patentatzen ari dira.

Egun, orotara 500.000 patente daude, eskaria egin dutenak eta jada onartu dituztenak kontuan hartzen baditugu. Berauen artean, sendabelarrez gain, interes ekonomiko handiena duten gizakiaren oinarrizko elikagaiak daude, hala nola patata, zekaleak edo soja. Patente hauen portzentaje handienak bioteknologiako enpresa gutxi batzuen eskuetan daude. Patatari ezarritako 1.100 patenteen %85,7, adibidez, 5 enpresaren esku daude.

Hau guztia dela medio, nekazaritzako sektorea berebiziko aldaketak pairatzen ari da. Duela gutxi arte, ikerketa guztiak sektore publikoaren eta unibertsitateen esku zeuden. Baina 90eko hamarkadan, bioteknologia edo bizitzaren industria izenekoak botere handia bildu du. 1998an areagotu egin zen joera, DuPont multinazionalak munduko hazi konpainia handiena erostean (Pioneer HiBred lntemational) 7.700 milioi dolarren truk. Hedapen bidean dauden nekazaritza, elikadura, nahiz farmazien merkatuak gero eta multinazional gutxiagoren eskuetan geratzen ari dira. Industria sektore hauen arteko mugak desagertzen ari dira, eta bizitzaren industria izendapenaren pean bat egiten. Merkatuan duten nagusitasuna patenteen monopolioarekin bateratzeak erabateko kontrola eman die multinazional hauei bizi prozesuetan eta produktuetan. Elikagai nahiz sendagaien ekoizpena hazitik mahaira zuzentzen dute. Osasunaren, nekazaritzaren eta elikaduraren oinarri biologiko eta komertzializazioa beren esku dago.

Aurreko mendean energiaren monopolioak eragin duena kontuan izanda, zer ekarriko ote digu mende berri honen atarian elikagai nahiz sendagaienak?


 

x61pRelaContWAR

Interesatzen zaizu



detalle2

Dokuteka

C1
2001-09-15

x61pRelaContWAR

16429610

x61pViewCountWAR

2926

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR