Kalean jolasean

Alkateari gutun irekia, egunkarian azaldutakoa. Haurrak kalean jolasean ari zirela udaltzainak etorri omen ziren. Guraso batek haurrak non jokatu behar duten galdezka dator.

Donostiako alkate jaunari

Alex Mungia ¿ DONOSTIA

Lerro hauek baliatu nahi ditut ostiral arratsaldean (irailaren 28an) gertatutakoa azaltzeko, eta, bide bat, salatzeko. Bi seme ditugu, 6 eta 9 urtekoak, eta Amara auzoko alderdi berrian bizi gara, ARCCOtik oso gertu.

Horrela, bada, ostiral arratsaldean gure semerik zaharrenaren eta bere lagun baten urtebetetze-jaia ospatu genuen. Eta, tarta jan eta zorionak abestu eta gero, Eibar plazan bildu zen ume-taldea jolas-giroan. Eta hara non azaltzen diren arratsaldeko 18:00ak aldera bi udaltzain urtebetetze-ospakizuna zapuztera, nonbait, Donostia osoan debekatuta dagoelako baloiarekin jolasean ibiltzea.

Ez naiz luzatuko plaza horretako bizilagun batzuek umeekin duten jarrera azaltzen, ez du eta merezi. Izan ere, ostiral arratsaldean umeak normal ari ziren jolasean, nahiz eta hainbatek kontrakoa esan; eta han agertu ziren udaltzainak lekuko.

Alkate jauna: egia al da Donostian debekatuta dagoela baloiarekin jolastea? Eta, hala bada, esango al diguzu ea zer egin behar duten geure seme-alabek eskolatik kanpora daudenean? Toki itxietan sartu, agian?

Nire iritziz, ezin da aldarrikatu haurrak direla gure ondasunik preziatuena, eta gero eguneroko praktikan zaharren neurriko hiri «polita» egin. Hiri honetan, egunero hausten da legea, baina badirudi umeak gaizkileen pare daudela, askotan.




Interesatzen zaizu



B1
2001-10-02
16429225
3355