Txokolatea bihotzarentzat

Txokolatea osasungarria da, Kaliforniako Unibertsitateko medikuek egindako azken azterketa batzuren esanetan; bihotzeko gaitzak eta sistema inmunea zaintzen laguntzen du.


JABIER AGIRRE

 Duela gutxi, Californiako Unibertsitatean egindako hainbat ikerketa argitaratu dira, eta berorietan iradokitzen denez, kakaotan aberatsak diren jakiek efektu kardio-babesleak omen dituzte, kakaoaren ekintza antioxidatzaile eta antitronbotikoari esker.

Pertsona heldu osasuntsu eta ez erretzaileetan ikusi izan denez, kakaoa ahoratu eta handik 2-6 ordura plaketen agregazioa aktibatzen duen bulkada geratu egiten da (horrek koaguluak edo odolbatuak sortzeko zailtasuna dakar). Bestetik, txokolatea irentsi eta handik pare bat ordura plasmaren gaitasun antioxidatzailean %31ko gehikuntza nabarmentzen da, oxidazioko produktu batzuk %40 inguru jaisten diren bitartean. Txokolatea, ardo beltza eta te berdea bezala, aberatsa da flabonoideetan (epikatezina eta prozianidina izenekoetan batez ere). Eta frogatua geratu da kakaoa edo txokolatea duten jakiak irentsi ondoren epikatezina-mailak igo egiten direla odolean (horrek ahalmen antioxidatzailea gehitu egiten du) eta peroxidazio lipidikoaren produktuak jaitsi egiten direla, horrek plaketen eranskortasuna edo agregazioa gutxitzea dakarrelarik, ardo beltzaren kasuan gertatzen den mekanismoaren oso antzekoari esker.

Aurrez aipatutako ikerketa horiek beste hainbat "mesede" ere egozten dizkiote txokolateari (bihotzeko gaitzen kontra jarduteaz gain, prozesu kantzerigenoetan eta sistema immunearen estimulazioan ere arituko litzateke itxuraz). Beraz, irakurle, jan txokolatea beldurrik gabe, ahoa gozatzeaz gainera zure sistema kardiobaskularrari ere sekulako mesedea egingo diozu-eta



 


B1
2001-10-09
16428963
1893