AITZIBER BILBAO/BERMEO
SOLASKIDE, BEGOÑA BILBAO
- Nola izan zenuen liburuaren berri?
- Gure herrian askotan entzun izan dugu Bermeo la sauvage. Festetako egitarauan ere aipatu izan da noizbait. Baina inoiz ez dut jakin zehazki zer zen. Duela hamaika edo hamabi urte, euskaltegiko irakasle nintzela, institutuko irakasle batek kopia bat ekarri zidan. Euskaratzeko asmoa zuten eta nigan pentsatu zuten. Udalaren ardurapean argitaratu nahi genuen, baina dirurik ez omen zegoen eta atzera bota zuten. Handik gutxira euskara teknikari sartu nintzen udalean, eta beste saio bat egin nuen, antzua hura ere. 1997an, erretiratu nintzenean -azkenik- aurretik itzulita neukanarekin segitu nuen, eta ekinaren ekinez aurrera atera nuen. Edorta Jiménezek asko lagundu dit. Liburuaren aurkezpenean esan zuenez, istorioa Ipar Amerikan gertatu izan balitz hiruzpalau pelikula egongo lirateke honezkero.
- Bermeotarra izanik, zer izan da zuretzat herriari buruzko liburua euskaratzea?
- Oso esperientzia ona. Frantsesez irakurri nuenean hunkituta geratu nintzen, baina euskaratzerakoan bizi izan dut istorioa: irakurri ahala ikusi egiten nuen. Gauza asko oso hurbilekoak zaizkit. Galarrena deskribatzen duenean, esaterako, negar asko egin nuen, nire etxean ere horrelako estualdiarik bizi izan dugulako.
- Bermeo basatia: herrikideren bat haserretu ere egingo zitzaizun...
- Izena aldatzekotan egon ginen, baina azkenean jatorrizkoari eutsi genion: basatia erakargarriagoa da eta, gainera, egileak ez zuen negatiboki erabiltzen. Haren iritziz basatia ez da piztia edo hezigabekoa; kutsatu gabeko pertsona da, zintzoa, ohituretan garbia eta lagun hurkoari beti laguntzeko prest dagoena. Liburuan, norbaitek esaten dio protagonistari bermeotarrak basatiak direla, baina berak esaten dio menperaezinak direla. Eta halakoak garela uste dut. Alaiak eta berba asko egitekoak, baita gangar samarrak ere.
- Egileari buruz oso gauza gutxi dakigu.
- Egile nahiko ezezaguna da. Capdevielle oso abizen arrunta omen da Euskal Herriko Iparraldean. Beste ipuin biren egile ere bada, eta Herria aldizkarian agertu ziren. Urkixo Fundazioan, bestalde, Julio Urkixori eskainitako Bermeo la sauvage lanaren ale bat dago. Abade ote zen ere uste dugu, irakaspen ugari ematen dituelako. Protagonistak maila sozial ezberdinetako gazte bi dira, eta adiskidetasunak mailok gaindi ditzakeela adierazi nahi du egileak. Halaber, garaiko euskaldunen izaera kristaua azpimarratzen du.
- Deskribapenengatik, herria asko ezagutzen zuela ematen du.
- Argi dago egilea Bermeon izan zela, kontatzen dituen hainbat gertakari egiazkoak direlako, baita liburuan agertzen diren pertsona batzuk ere. Politikari dagokionez, esaterako, Bermeon abertzaleak eta liberalak zeuden. Errepublikanoak ere bai, baina ez zuten indar handirik. Liburuan, protagonistaren lehengusina burgesa Bermeora heltzen denean harrituta geratzen da Bermeo bezalako herri txikian errepublikazalerik egoteaz... Arlo sozialari dagokionez, bi mundu aurrez aurre jartzen ditu, garai hartan zegoenaren isla. Protagonistak Abarkatar Santi -arrantzaleen semea- eta Andres Bidetxea -handikien familiakoa- dira. Arrantzale eta aberatsen artean apenas zegoen harremanik, eta hauteskunde garaian iskanbila handiak egon ohi ziren. Oraintsu arte, esaterako, Talan bi bide egon dira paseatzeko: bata handikiena, eta bestea herri xumearena. 30 urte dira kasinoa edozeinentzat ireki zela. Azokara, azkenik, ez zen handikirik agertzen
- Garaiko Bermeoko ohitura eta sineskeriak ezagutzeko oso tresna egokia da, beraz.
- Herriko bizimoduaren hamaika xehetasun ematen ditu egileak, hala nola aska bete eta errekara arropak garbitzera zihoazen emakumeak, gaur egun trenaren geltokia dagoen lekuan itsasoratzen zen errekatxora. Oraindik bizirik dirauten ohitura asko agertzen dira: alkatea itsasontziz Mundakara joaten den Madalen eguneko erromeria, edo San Juan egunean Gaztelugatxera oinez egiten dena. Bestalde, sineskeria eta hildakoen espiritu ugari agertzen dira liburuan. Batzuek Juan Rulforen Pedro Páramo liburuarekin alderatu dute.
- Euskara batuaz idatzi baduzu ere, hainbat hitz Bermeoko jatorrizko moduan sartu dituzu.
- Hala da, batez ere itsasoarekin zerikusia duten hitzak. Argitaletxekoek esan zidaten ez zegoela hiztegitxoa erantsi beharrik. Bermeotar 'dx' hotsa ere horrela idatzi dut, 'dxakenarrue' edo 'loidxie' idazteko, esaterako. Aurkezpen egunean batek esan zidan ea zergatik ez nuen gaztelerara itzultzen. Nik ez nuke istorio hau gazteleraz kontatuko, daukan gatza galdu egingo lukeelako. Nola esan gazteleraz 'lapur zantarra' edo 'txarridxe' bezalako adierazpideak!
- Herri euskalduna bada ere, Bermeoko euskara oso kritikatua izan da.
- Ni bermeotar hizkerazale sutsua naiz. Foru Aldundiaren beka batekin bermeotar hizkerako 1.500 hitz eta esamolde dituen hiztegi bat egin nuen, baita aditza eta fonetikari buruzko ikerketa ere. Bermeoko hizkera ez da ez ona ezta txarra ere, berezia da. Hiztegi aldetik oso aberatsa da, gai izan gara kanpotik sartutako berbak geureganatzeko. Hitz asko daude inork ez dakienak gazteleratik datozela, gure hizkeran erabat sustraitu direlako.
- Zertan aldatu da herria urteotan?
- Sakonean ez da asko aldatu, bermeotarren menperaezin izaera hori ez da aldatu. Edonola ere, herrian gure kulturarekiko konplexu asko egon da, eta guraso batzuen erruz euskararen transmisioa eten egin da. Beldur naiz tradizioak eta ohiturak ere ez ote diren galduko. Fisikoki Bermeo ez da asko aldatu. Sakonune baten sartuta dago, eta hori dela-eta ez da asko zabaldu.
- Kontu jakina da inguruko herrietakoekin ez daukazuela harreman oso onik...
- Onerako edo txarrerako, gatzak bere eragina dauka! Ondarroakoekin ondo konpontzen gara, nahiko parekoak garelako. Lekeitiokoak, berriz, gu baino askoz mantsoagoak dira. Mundakarrekin inoiz ez dugu harreman onik izan, gu baino gangarragoak eta handiusteagoak direlako. Gernikakoekin, bi herrien arteko distantzia fisikoa luzatu egin nahi izan dugula uste dut, batzuek zein besteek.
- Baxurako Espainiako lehen portua izatetik flota oso murritza izatera pasatu da Bermeo azkenaldian.
- Hogei urteren buruan laurdenera jaitsi da ontzien kopurua. 30 hamar barku handi dago gaur egun, eta 140 ere egon izan dira. Aita erretiratu ondoren aramadoreen semeak joaten ziren itsasora. Gaur egun, ordea, inork ez du nahi itsasoan lan egin. Hego Amerikako langileak ekarri dituzte. Jubilatu askok barkuari zuloa egin eta itsasora botatzen dute, asegurua kobratuta diru gehiago ateratzen dutelako barkua geldirik edukirik baino.
- Liburuan askotan aipatzen dira arrantzaleen emazteak, jenio biziko emakumeak...
- Oso funtzio garrantzitsua bete izan dute iraganean, asko lagundu dute etxeko bizibidea lortzen. Portuan, berriz, bakoitzaren eremua ondo bereizita dago, eta garrasiak maiz entzuten dira, kaxak direla eta ez direla. Orokorrean, Bermeon andrazkoa izan da, eta da, diru kontuez arduratu dena. Zenbat etxe erosi ote dira herrian senarrek ezer jakin gabe!