Burusoila naiz, eta zer? Erremedio bila

Burusoiltasunaren inguruko informazio artikulua. Jatorriak zeintzuk diren eta aurre egiteko asmatu izan ohi diren botikak eta gaur egungo azken aurkikuntzak dakartza.

ANA GALARRAGA/

Askok aitortzen ez badute ere, ilea ez galtzearren izugarrizko ahaleginak egiteko prest daude: ilearen galera ekiditeko produktuen eskaintza zabala edota merkatu horretan mugitzen den diru pila ikusi besterik ez dago. Burusoilen atsekaberako, ordea, tratamendu eraginkorraren bila milaka ikerketa egiten bada ere, oraindik ez da erabateko arrakasta ziurtatzen duen erremedioa lortu.

Itxura batean, burusoila izateak kanpoko irudiari besterik ez dio eragiten, baina egia bestelakoa da. Azterketa askoren arabera, burusoilak diren baino zaharragoak ikusten dituzte bai gizonezkoek bai emakumezkoek, eta, gainera, ez zaizkie adasdunak bezain erakargarriak eta fidagarriak iruditzen. Hori dela eta, burusoilek bere buruarekin ziurtasun gutxiago izaten omen dute, eta horrek haien lanean eta harremanetan eragiten du.

Zergatik galtzen da ilea?

Ile bakoitza besteetatik bereizita hazteaz gain, luzatze-prozesua aldakorra da ilearen bizialdian zehar. Burusoila ez den pertsona baten ile bakoitzak batez beste 18 hilabete ematen ditu hazten, eta egunean 0,4 mm inguru luzatzen da. Ondoren, ilea sorrarazten duten zelulak hil egiten dira, eta folikuluaren jarduerak 6 bat hilabeteko etenaldia izaten du. Denbora hori igarotakoan, beste ziklo bat hasten da, ilea erori egiten da eta bere lekuan berria jaiotzen da.

Soiltzen ari denaren ile berriak gero eta meheagoak eta kolorgeagoak bilakatzen dira, ia ikusezinak izan arte. Alabaina, burusoilak txima-luzeak bezainbeste folikulu ditu. Hainbat ikertzaileren ustean, folikulu bakoitza ziklo-kopuru jakina izateko programatuta dago, eta, horiek agortutakoan, folikuluak ile nanoak besterik ez ditu sortzen. Nonbait, burusoilen ileen hazkuntza-faseak 6 hilabete besterik ez du irauten, ondorioz, zikloak lehenago agortzen dira.

Hala ere, galderak hor dirau: zerk laburtzen du zikloaren iraupena? Duela 2.400 urte, eunukoek edo zikiratutako gizonek ilerik ez zutenaz galtzen jabetu zen Hipokrates. Hori dela eta, gizontasunarekin lotuta zegoela pentsatu zuen, eta dirudienez ez zebilen guztiz oker. Izan ere, dihidrotestosterona (DHT) hormona maskulinoa folikuluetan ugaria denean gertatzen da ile-galera.

Eunukoek, zikiratzearekin batera, hormona horren ekoizpena gutxitzen dute; beraz, burusoiltzeko aukera gutxiago dute. Dena dela, Hipokratesen ustea ez zen guztiz egia ere, burusoilen odoleko DHT-maila gainontzekoenen parekoa baita; hau da, tokiko gehiegikeriak dakar arazoa, ez hormona maskulino gehiago izateak.

Duela gutxi egindako beste ikerketa batzuek azalpen are sakonagoak eskaintzen dituzte. Melbourneko Unibertsitateko ikertzaile-taldeak DHTaren seinalea zelularen nukleora sartzen duen proteina akasdun bati egotzi dio soiltzearen erantzukizuna. Gainera, proteina hori kodetzen duen genea X kromosoman dagoela diote ikertzaileek. Horrek baieztatzen du kaskoa garbi-garbia izatearen ezaugarria amagandik jasotzen dela. Nolanahi ere, amari errua botatzearekin ez da ezer konpontzen, eta zientzialariak oraindik arazoaren muinera iritsi ez direnez, ezin behin betiko konponbidea lortu.

Bestalde, orain arte aipatutakoa gizonezkoen soiltasun arruntari buruz zen, baina badira beste soiltasun mota batzuk ere. Esate baterako, zauri edo operazio kirurgiko baten ondorengo orbainak bertako folikuluen galera iraunkorra dakar. Hainbat gaixotasunek ere ilea galtzea eragiten duten orbainak sor ditzakete, adibidez, onddoen edo bakterioen bidezko azaleko infekzioak, tuberkulosiak edo azaleko minbiziak. Trikotilomania izeneko gaixotasuna zuzenean dago lotuta burusoiltasunarekin, sintoma nagusia gaixoak bere ileak errotik ateratzen dituela baita. Kasu horretan, ordea, sendatutakoan adatsa bere onera etortzen da. Eta gauza bera gertatzen da burusoiltasun toxikoekin eta hormonalekin; adibidez, erditu ondoren aldi baterako ilea erortzen da.

Sendabideen labirintoan galduta

Jatorriak era askotakoak direnez, guztientzako sendabide aproposa aurkitzea ia ezinezkoa da. Hala ere, saiakuntzak etengabeak izan dira historian zehar. Ezagutzen den lehenengo medikuntza-testua Kristo aurreko papiro egiptiar bat da, eta bertan ilea galtzea galarazteko burdina, beruna, tipula, eztia eta alabastroa nahasten zituen erremedio bat azaltzen da. Mila urte geroago, osagaien artean uso-zirina zuen nahasi bat gomendatzen zuen Hipokratesek (etika medikuaren arauak adierazi zituen berak!).
Geroztik mendeak pasatu badira ere, egoera ez da gehiegi hobetu: orain dela gutxi arte, mesede baino kalte gehiago eragiten zuten ukendu eta igurzteko erremedio ugari zeuden.

Gaur egun, osasun-ikuskaritzak baimendutako sendagaiak merkaturatzen dira. Azkenak Propecia pilula eta Rogaine ukendua dira, baina ez dute erabateko arrakasta ziurtatzen. Horregatik, beste bide batzuk urratu dira, hala nola, emaitza onik eman ez duten laser bidezko terapiak eta transplanteak. Egia esan, ileak multzoka txertatuz buru-azalak panpinen buruen itxura hartzen zuen garaitik asko aurreratu da transplanteetan, alabaina, irtenbide gogorra eta garestia da. Gene-terapiak izango ote du azken hitza? Jakiteko, denbora pixka bat itxaron beharko da. Bitartean, ez dadila ile gehiago eror, arren!




C2
2002-01-27
  • Galarraga , Ana
16426078
1581