Begiratzeko manerak
Haurraren begirada eta helduarena ez dira berdinak, baten poesiari bidea ematen zaio, irudimenari; bestean ez.
KIRMEN URIBE /
Harritu egin ninduen Iruñeko lagun batek kontatu zidanak. Islandiari buruzko dokumental bat ikusi zuen telebistan. Dokumentalean bitxikeria ugari esaten ziren: berrehun eta hirurogeita hamar mila bizilagun baino ez direla, langabeziarik eta armadarik ez dagoela, munduko irakurle kopururik handiena duela. Baina kontu batek eman zidan arreta: islandiarrak gauza dira errepide baten norabidea aldatzeko bidea igaro beharreko larrean gnomoak bizi zirela argudiatzen badute herritarrek. Burlati kontatu zidan pasarte hori lagunak, islandiarren balizko inozotasunaz burlati. Baina niri zer pentsatua eman zidan gnomoen pasarteak, ez zitzaidan begitantzen islandiarrak gu baino xaloagoak izango direnik, ez zitzaidan iruditzen gnomoak bazirela bete-betean sinetsiko dutenik.
Iruñea utzi eta Uxuerantz egin genuen arratsalde hartan bertan. Uxuen elizako atariko irudiak ikusi genituen. San Migel ageri zen batean, oinazpian herensugea zuela. San Migelen irudia ikustean bisitari gehienek Erdi Aroko artelan bat besterik ez dute ikusiko pentsatu nuen neure golkorako. Baina Erdi Arokoek bazekiten irudiak esan nahi zuena irakurtzen, dudarik gabe. Eta, horretan nengoela Iruñeko beste lagun batek esan zidan beharbada San Migel hura gulako pertsona zela, eta beheko herensugeak pertsona horren beldurrak ematen zituela aditzera, eta berak bezala denok nahi ditugula gure beldurrak gainditu edo, gutxienez, haiekin batera bizitzen ikasi.
Begiratzeko manera bi daude. Bata azalekoa da, parean duena modu hotzean ikusten duena. Haga batean zabaldurik dagoen sareari so eginez gero sarea bera soilik ikusiko luke. Aitzitik, begiratzeko bigarren manerak hondora jotzen du, badaki irakurtzen. Hagan dagoen sareari kirika eginez gero ez luke ikusiko sarea, atzeko itsaso urdina baino. Giovanni Pascolik idatzi zuen poesia egiteko denok barruan daramagun haurraren begiekin begiratu behar zitzaiola errealitateari. Izan ere, poetak eta haurrak badute elkarrekin hainbat gauza. Biek esaten dituzte gezurrak, biek egiten dute amets, eta biak ala biak emozionatzen dira. Emozionatzeko gaitasuna galdurik, akabo barruan dugun haurra, akabo poesia bera.
Ez, islandiarrak ez dira inozoak. Errealitatea begiratzeko bigarren manera horri eusten diote besterik gabe, barruan dugun haurraren begiratuari. Nor dira emozionatzeko. Eta gnomoak bizi ei diren larre hori bere horretan utzita, aukera bat ematen diete herritarrei, aurrerantzean ere emozionatzeko aukera.
Irudia: Kris, Pixabay