detalle dokuteka-generico-fitxa

Zain

Munduko gauzarik gorrotagarriena, igande goiz batez autobus baten zain egotea da. Batez ere, arrazoi oso sinple batengatik: ez da autobus bat bakarra ere pasatzen. Egon badaude, baina ez dago jakiterik noiz etorriko diren.

HARKAITZ CANO/

Munduko gauzarik gorrotagarriena, igande goiz batez autobus baten zain egotea da. Batez ere, arrazoi oso sinple batengatik: ez da autobus bat bakarra ere pasatzen. Egon badaude, baina ez dago jakiterik noiz etorriko diren. Azken urteotan, markesinatan ordutegiak jartzen hasi dira, baina jarri orduko norbaitek ezabatu egiten ditu. Ziur aski, autobus konpainiak berak kontratatzen ditu hooligan batzuk, markesinaz markesina ordutegi guztiak ezabatu eta autobusa berandu datorrelako inork kexatzerik izan ez dezan. Jonathan Coe idazleak inork baino hobeto deskribatzen du sentimendu hau: «Igande goiz batez autobus geltoki bateko markesinaren pean egotea, mezetara joatea bezala da: fede egintza bat, sinesten saiatzen zaren arren, zure begiekin sekula ikusi ez duzun zerbaiten baieztapen irrazionala».

Zu iritsi zara inor baino lehen. Animoso, txistuka. Badator autobusa, baina begitazio bat bezala pasatzen da: zerbitzuz at dago. Agure bat agertzen da. «Denbora asko daramazu zain?». Dezente, erantzuten diozu. Agurea zain geratzen da. Handik hamabost minutura alde egiten du, ordea, zuri hiltzaile bat begirada oparitu ondoren —galdera egin dizunean etorri berria zinela eta izorratzeagatik, konpainia egingo zizun norbait alboan izateagatik gezurra esan diozula pentsatu du—. Minutuak pasa ahala, fededun gehiago hurbiltzen dira. Zuk telebista frantsesen programazioa ere goitik behera irakurri duzu horrez gero egunkarian. Euria hasten du. Horixe bakarrik behar zenuen. Markesinak Gurutze Gorriaren errefuxiatuendako kanpamendu baten eitea hartu du. Taxi bat hartzen duzu azkenean. Ez jiratu sekula burua taxi barruan eserita zaudelarik. Orduantxe iristen da autobusa.

x61pRelaContWAR

Interesatzen zaizu



detalle2

Dokuteka

B2
2003-11-09

x61pRelaContWAR

16410132

x61pViewCountWAR

2249

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR