Dokuteka
Salgaiak be zelatan!
Hare-garau baten neurriko txip bat barra-kodea ordezkatzen hasi da. Abantailak argiak: kutxazainak erosketea irakurri ahal izango dau, kutxara ailegau baino lehenago. Arriskuak agirikoak: pribazidadea galdu egingo da, sistemea amatetan ez bada.
RFID txipa
Barra-kodea desagertzeko zorian dago eta, batzuen eretxiz, personek
intimidaderako daukien eskubidea be bai. Gauzei, baina animaliei eta gizakiei
be etiketea jarteko modu barri bat gure bizimoduaren zurrunbiloan sartzen
dabil, guk igarri barik be. Enpresa teknologikoek RFID esaten deutsie, hau da,
erradiofrekuentzia bitartezko identifikazinoa. Ganerako sektoretan, batez be
txip txiker hau erosi eta salgaiei inketan deutsienek, adimendun etiketatzat
hartzen dabe. Eskubide zibilen aldekoek 'txip zelataria' izena gurago dabe.
Erositako gauza bati ezin hobeto inkautako milioika zelatari.
Etiketek hare-garau baten neurriko txip bat daukie; identifikazino zenbaki
bakarra dauka eta mundu osoan ez dago horren bardinik. Txip horri inkautako antena
batek informazinoa emoten dau irrati bitartez. Irakurle batek seinalea jaso eta
etiketearen datuak interpretetan dauz. Berbarako, praketan sarturiko datuak
egilea, neurria edota kolorea izan daitekez.
Barra-kodearen bersino gaurkotua emoten dau, baina askoz gehiago be bada.
Desbardintasuna ondokoa da: eskanerra txipa irakurteko gauza dala, aurrean euki
barik. Seinalea batez beste zazpi metrora heltzen da. Dana dala, teknologia
egokia euki ezkero, milaka metrora zabaldu daiteke, eta irakurlea Internetera
konektetan bada, ez dago mugarik.
Etiketea jantzitako tankeak
eta merkataritza enpresak
Sistema hau erabilten hasi zan lehenengoa AEBko ejerzitoa izan zan. Irakeko
gerrea leku ezin aproposagoa izan zan RFID zelataria probetako. Generalek
uneoro jakin gura eben non egozan euren tankeak. Arrakastea itzela izan zan eta
ordutik AEBko Defentsa Sailak hornitzaileak behartu dauz etiketa barriak
erabilten.
Edozelan be, merkataritzako sektorean etorkizun handia eukiko dau. Gurean,
Eroskik, kasu baterako, etiketa elektronikoen sistema barri bat ezarri dau
Usurbilen, eta horri esker ziurtatzen dau erosleei kutxatik pasaukeran kobretan
jaken prezioa bat datorrela apaletan ikusi daben prezioagaz. Sistema honek
27.000 etiketa elektrokiko gestionetan dauz paperezkoen ordez.
Wal-Mart-ek, azalera handiko sektoreko munduko lehenengo enpreseak,
hornitzaileei jakinarazo deutse 2005etik aurrera bialdu behar deutsiezan
produktu guztiek adimendun etiketa horreek erabili behar dabezala. Frantziako
Carrefour, Alemaniako Metro eta Britania Handiko Tesco daborduko probetan
dabilz sistema hau. Supermerkatuen enpresa handiek hornidurak hobeto kontrolau
ahal izango dabez eta ganera salgaiak ostea ezinezkoa izango da.
Erosleen kasuan, abantailea erosotasunean egongo da. Gurditxuagaz kutxara
hurreratzen garan neurrian, irakurleak kontua egingo deusku. Eta etorkizunean
gure kreditu txartelean kobretako gauza be izango da.
Pribazidadearen aldekoek ez ei daukie ezelako arazorik kutxatik pasetako
momentura arte. Problemea geroago azaltzen da, dendatik kanpo, txipek
informazinoa bialtzen jarraitzen dabenean. Halan, 1.000 euro inguru balio dauan
irakurle bat erosita, edonork jakin leike etxe baten albotik igarotzean zein
dan barrukoek erreten daben tabakoa edo telebistearen markea edo ia aldizkari
pornorik erosten daben ala ez.
Espioitza kasuak be izan
dira, baina momentuz denda baten barruan. Oklahoman Wal-Mart-ek daukan
merkataritza zentro baten Lipfinity ezpain-barren erosleen jarraipena egin zan.
Sistemeak erosleek produktu horreetariko bat hartu eta probetan ebela
egiaztetan ebanean, seinale bat bialdu eta horrek izkutuko kamara bat isiotzen
eban. Irudiak milaka kilometrora dagoan Procter & Gamble-ko egoitzara
heltzen ziran eta bertan marketing-eko arduradunek produktu barriak erosleei
sortu eragindako erreakzinoak aztertzen ebezan.
Personen txandea martxan
Objektuen ostean, personen txandea izango da. 2005ean AEBko 42 milioi lagunek
jarraipen sistemaren bat eroango dabe aldean. Batzuen kasuan, holakoak
derrigorrezkoak izango dira, berbarako baldintzapeko askatasunean dagozan
presoen kasuan. Beste batzuk borondatezkoak izango dira, esate baterako
seme-alabakaz arduratuta dagozan gurasoen kasuan. Sistema guztiak ez dira
RFIDean oinarritzen, baina horren arrakastea ziurtatuta dago, aurki. Txip
horretariko batek euro bat baino gitxiago balio dau eta beste teknologia
batzuekaz, kasu baterako GPS bitartezko bilaketeagaz erabili leiteke
gorabehera larregi barik.
|
|
