Dokuteka
ARIAN metodoaren irakurgai mailakatuak
Txantxon Zubeldiak, elkar argitaletxeko editoreak, azaldu du ARIAN, euskara ikasteko metodoarekin batera, kaleratutako irakurgai egokituen ezaugarriak zein diren.
Hiru dira, euskara ikasten ari den edonork eskuragarri izan ditzan kaleratutako irakurgaiak. A1 mailatik gorakoentzat dira, irakurmenaren ulermenarekin lotutako lanketa didaktikoa daukate, dagozkien erantzun eta guzti, eta baita hiztegitxo bat ere, testua ulerterrazagoa izan dadin. Audio eta guzti eskaintzen dira. Hona hemen hiruak:
Tangoa noizean behin – Miren Agur Meabe
Malena au pair gisa etorri da Buenos Airesetik Euskal Herriko kostaldeko familia batera, haurrak zaindu eta etxeko lanak egitearen truke euskara ikastera. Familia horretan dagoen denboraldian, hainbat jenderekin harremanak izango ditu, batzuk atseginak eta beste batzuk mingotsak, eta aspaldi-aspaldi Argentinara joan zen birraitonaren baserria ezagutzeko aukera ere izango du.
Otsoa – Josu Lartategi
Otsoa lasai bizi da bere mendi eta zelaietan, elikagaia eskuratu eta familia zainduz. Otsoaren mundura etsai bat heldu da: gizakia. Eta gizakia etsai beldurgarria eta krudela da. Baina zer gertatuko da borroka horretan otsoa ere beldurgarria eta krudela denean? Nor nagusituko ote da?
Borrokalari argitsuak – Miren Agur Meabe
Zenbait emakumeren eta horien lagunen, bikotekideen, senideen… arteko harremanen berri ematen digu Borrokalari argitsuak izeneko liburu honek. Gaur egun, gure inguruko edozein tokitan aurki ditzakegu antzeko bizimodu nekoso eta korapilatsuak. Hala ere, pertsonaia guztiak dira borrokalariak: aurrera egin nahi dute, bakoitzak bere bizitza menderatzeko.
