Dokuteka
Pello Lizarralde Euskalerria Irratian
Pello Lizarralde ibilbide luzeko idazlea da. Ibilbide luze eta sendokoa, maiztasun jakin samar batekin lauzpabost urtetik behin ematen du argitara bere lana. Eta egiteko modua, bere-berea, unibertso literario propio baten sortzaile da Lizarralde.
Orbanak izeneko liburuan zer dagoen eta zer ez dagoen esango digu Pello Lizarraldek Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa-pasarte honetan.
Eusko Ikaskuntza, Jakitez.
Kultura arloa, Iruñeko Euskal Herria Irratian.
Pello Lizarralde, Orbanak.
Esataria.- Pello Lizarralde ibilbide luzeko idazlea da. Ibilbide luze eta sendokoa, maiztasun jakin samar batekin lauzpabost urtetik behin ematen du argitara bere lana. Eta egiteko modua, bere-berea, unibertso literario propio baten sortzaile da Lizarralde.
Unibertso literario horretan xehetasunetan guztiz zehatza da, baina gero gertalekua zehaztu gabea, garaia ere hor nonbait, protagonisten izenak isilean gordeak uzten ditu egileak. Enigmatikoa, beraz, bere lana eta ikusten den hori. Ikusten den guztia entzun litekeena, beroa ematen duena, beroa edo hotza edo epela, eta hor pertsonaiei segika goaz. Pertsonaiak bidean beti, bueno, ihesean, bat behintzat bai, eta ihesean dabilenaren jazarpenean bestea.
Orbanak, horixe du izena Pello Lizarralderen honako lan honek. Lan honetan zer dagoen eta zer ez dagoen esaten hasi zaigu Pello Lizarralde.
Pello Lizarralde.- Liburuan anekdota izaten da apala, txikia, garrantzi handirik gabea. Gero esaten didate, irakurri dutenek esaten didate oso erritmo biziak dituztela normalean eta hasi eta bukatu egiten dutela eta inor ez dela erdibidean gelditzen. Hori esan izan didate, baina nire kezka ez da irakurlea amu bat edo beste jarrita edo istorioan zehar edergarri batzuk jarrita bukaeraraino eramatea. Nire asmoa ez da hori.
Nire liburuak beti sortzen dira irudietatik, irudi obsesiboetatik. Buruan bueltaka, batzuetan urtetan izaten ditudan irudiak eta orduan, bat baino gehiago behar bezala nahasten direla eta mundu bat sortzen laguntzen didatela ikusten dudanean, orduantxe ekiten diot liburu bati.
Baina berez, nik ez dut inoiz ideiarik, ideiak gorroto ditut idazteko orduan. Ezta pertsonaien analisirik, ez dut abentura edo gorabehera interesgarririk. Horiek guztiak niri bizioak edo nik idatzi nahi dudan horretara hurbiltzeko bizioak iruditzen zaizkit eta kaltegarriak iruditzen zaizkit.
Nik behar ditut irudiak, mundu bat irudi horiek ekartzen didaten mundu bat. Mundu horretan dabiltzan gizon-emakume batzuk eta batez ere garrantzi handia ematen diot ez atal honi edo besteari; ez bukaerari ez hasierari, nik lerro bakoitzari garrantzi handia ematen diot. Horregatik hitzak asko neurtzea gustatzen zait. Hitz guztiek garrantzia dute, hain zuzen ere ematen dutelako tonu bat. Hor irakurleak lan egin beharko du, baina nik uste erreferentziak ere hurbilak izango dituela, batez ere zentzumeni…zentzumenek ematen diotelako bidea beti pertsonaien horretara, mundu horretara pasatzeko. Ez dago inoiz iritzirik, baina bestela uste dut iritsi daitekeela irakurlea horien gogora edo horien kezketara eta hala, eta bide batez nire kezketara.
