Maskaradak, inauteri festa baino gehiago

Altzürükütarrek prestatu dute aurtengo maskarada. Zuberoako gazteen trebezia agerian utzi dute, beste behin.

Noizdanik egiten diren ez dakigu ziur. Pertsonaia batzuek milaka urte dituzte; beste batzuk orain 500 urte inguru sartu zituzten. Dantza egiten dute pertsonaia guztiek, baina ez dira dantza hutsa. Bertsokatu egiten dute, baina ez dira bertso saioak. Barrikadak ere jartzen dituzte, baina ez dira aldarrikapen politiko soilak. Maskaradak dira.

Aurtengo maskarada altzürükütarrek prestatu dute. Urtarrilaren 30ean egin zuten lehenengo emanaldia, herrian bertan; orain, igandez igande, Zuberoako hainbat herritan antzeztuko dute. Inauteri festa da maskarada, eta oinarrian badu esan nahi handi bat: "Mamia da biziaren birsortzea. Udaberriaren seinale dira; negu hondarra. Birsortzearen sinboloa dira maskaradak, inauteri guztiak bezala", esan digu Ttika Rekalte zuberotarrak.

Zuberoako dantzetan bost aitzindari dira: txerreroa, zamaltzaina, kantiniersa, gatuzaina eta entseinaria. Lehenengo biak dira pertsonaiarik zaharrenak, eta badute mundu mitikoarekin zerikusirik. Rekaltek azaldu digunez, zamaltzainaren kasuan adibidez, "Europa zahar guztian daude zamaltzainak, erdi gizon eta erdi abere diren izakiak". Beti agertzen da mitoaren eta errealitatearen arteko lotura hori maskaradetan. "Egiten duten dantza zirkuluan egiten dute. Biribila, ohitura zaharretan, mundu berri baten alegia da. Biribil horren barruan dago inauterietako mundu mitikoa. Maskaradetan, dantza beti egiten da biribilean. Dantzetan egiten dira salto batzuk barrura begira, eta besteak kanpora begira. Beti bada bidaia hori, gaurko mundutik mitikora, eta alderantziz".

Maskaradako jokoak oso egituratuak dira. "Buhameek igandero betiko peredikua dute. Perediku horren mamia da inauterien karietan buhameek beren legeak sortzen dituztela. Lege horiek dira ohiz gizarteak onartzen ez dituenak: ebasteko zuzena, mozkortzeko zuzena, alfer izateko zuzena, auzo baten andrearen ebasteko zuzena", dio Rekaltek. Peredikua maskarada egitera doazen herrian azaltzen dute.

Baina, buhameez gain, ospea duen jendea ere bada maskaradaren barruan: dantzariak, jauna eta bere emaztea, laboraria eta bere andrea..., "gizarte zibil formal edo legalista erakusten duten pertsonaiak". Horiek, baina, ez dute hitzik egiten. "Maskaradan mintzo diren bakarrak gizartetik kanpo direnak dira: buhameak, eta Pitxu eta bere koadrila. Gizarteak bere bizi arruntean onartzen ez dituen gauzak maskaradak eta inauteriek onartzen dituztelako. Beraz, eleak tokia du maskaradan, gizarte formal baten inarrosteko", azaldu digu.

Pitxuen nagusiak ere badu peredikua. Kabana deituak badu liburu lodi bat, eta perediku hatsarrean hau esaten du: "Nire liburu zaharrek zer diote". Rekaltek azaldu digunez, "indartsua da; bortitza, baina zuhurra. Badaki mundua zertan dabilen. Hastapenean esaten du: 'Izan naiz han eta hemen, ikusi dut hori eta hura'.... Munduko gorabeherak zangopilatzen ditu, eta, gero, bere antzezpenaren bigarren zatian, etortzen diren hiriko egoera aztertzen du". Beraz, aste osoko prestatze lana daukate. Izan ere, maskarada egitera joateko diren herri horren berri jasotzen dute aste osoan. "Inkesta egiten dute herrian, eta horren bilduma bertsokatu egiten dute. Igandearekin, horiek botatzen dituzte".

Maskarada ekitaldi gaztea da oso

30 urteaz gero, nahiko zaharra da bat maskaradan parte hartzeko. Gazteek antolatzen dute maskarada, eta "gurasoek baietza ematen dute umeen maskaradetan parte hartzeko, baina baldintzatuz gazteek behar dituztela kudeatu, behar dutela kontu egin, ez daitezen mozkor, joan daitezen etxera biharamunean eskolarat joateko... Maskaradako jaunak du ardura". Hala, herriko gazteen ardurapean dantza eta antzerki hutsa baino askoz ere gehiago dago. Rekaltek azaldu digunez, "asko alkohol eskaintza badagoizdanik, eta jaunak dauka horren ardura. Berak kontrolatzen du maskarada, ongi pasa dadin. Baina maskarada baten egitean denek badakite erantzukizun hori badela".

Gazteek antolatzen dute, eta euren eskuetan dago dena. Jakina, baten batek irakatsi behar die maskaradaren berri. "Belaunaldiz belaunaldi pasatzen da. Adibidez, nik orain 18 urte ditut, eta aurretik maskarada egin duen dantzari batek niri erakutsiko dit. Nik maskarada aurten egiten badut eta bigarren belaunaldi batek hemendik hamar urte barru nire herrian beste maskarada bat egiten badu, nik erakutsiko diot beste bati".

Gaztetasunarekin batera, harrotasuna da maskaraden ezaugarria. "Hiri batek maskarada baten egitearekin probatzen du hiriaren sendotasuna. Zeren eta 40 gazte daude prest herri horretan, igandero-igandero maskarada egiteko", esan digu Rekaltek. Barrikadek badute horrekin zerikusirik. Maskaradak egin goizean, barrikadak izaten dira beti. Orain, antzerkiaren zati izaten dira, baina, lehenago, benetakoak izaten ziren, "manifestazioetan bezala". Hara horren zentzua: "Barrikaden printzipioa da ez uztea maskaradari norbere hirira sartzen. Maskarada egiten duenak esango du 'nik nire herrian gaztetasuna daukat, sendoak gara, indartsuak gara, eta probatuko dugu hiri guztietan pasatuz..'. Beste herrikoek, ordea, esango dute 'a bai? Sendoak zarete? Ikusiko dugu! Barrikadak jarriko ditugu, eta ea kapazak zaretenetz horien goitzeko'". Hori zen jokoa. Eta, lehenago, barrikadak gainditu ezean etxera joaten ziren maskaradarik egin gabe. "Orain, barrikadetan batzuek pentsatzen dute dantzarien mozkortzea, eta, gero arratsaldean ahul egiten badute, dantzan esaten da dantzaria mozkorra zela, maskarada ez dela izan seriosa". Gazteek ardura handia dute, beraz, herriz herri ari direnean. Jaia handia da, baina ardura ez da txikiagoa.
 

Pertsonaiak

TXERREROA: Honen makilak zaldi buztana dauka puntan. Zaldia abere mitikoa zen. Boterea ematen zuen bizien mundutik hilen mundurako joan-etorriak egiteko. Giltzarria ere badauka, izpiritu gaiztoen haizatzeko.

GATUZAINA: Maskaradara XIV-XV.mendean sartu zela uste da. Adibide berberak kausitzen dira Italian.

KANTINIERSA: Napoleon Bonaparteren garaikoa. Ordura arte buhamesak betetzen zuen lekua hartu zuen. Napoleon III.aren ordezkaria Zuberoara joan zen, eta burgesiari ez zitzaion buhamesa aski elegantea zenik iruditzen. Napoleonen armadako kantiniersetan oinarritutako pertsonaia da oraingo hau.

ZAMALTZAINA: Erdi gizaki erdi zaldi den izakia. Herri askotako mito zaharretan errepikatzen da.

ENTSEINARIA: Banderazaina. Hau ere pentsua da XIX.mendearen amaieran sartu zela.

HARTZA: Galdu, eta berriro berreskuratzen ari den pertsonaia. Berpizte mitikoaren sinboloa da Hartza da euskaldunen aita. Lau hilabete harpean lo egiten ditu, eta, primadera etortzen delarik, bizitzera menturatzen da. Biziaren zikloaren berpiztea da maskarada, eta hartza ere orduantxe berpizten da.


Interesatzen zaizu



B2
2005-02-23
16353248
7382