Dokuteka
Kerman mintzalagun bila: Albo-ondorioak
Eman aditza behar ez den tokian erabiltzen dugu hainbatetan. Bestalde, harrituta gaudenean era honetako esaldiak botatzen ditugu: Bai arduragabea zarela!
KERMAN: Aupa, MAIKA!!!! Hau kasualitatea!!!!
MAIKA: Kaixo, Kerman! Zer zabiltza Tolosa aldean, galduta ala?
KERMAN: Laneko bezero batekin bilera eduki dut... Arazo ugari ematen dira horrelako bileretan... Baina, kito! Bukatu dut! Nahi duzu zerbait hartu? Edo presaka zabiltza?
MAIKA: Bai, etxe aldera nindoan... Eta gainera, farmaziatik pasa behar dut lehenbizi... Aitor bizkarreko minarekin dago, eta botikak erosteko agindu dit...
KERMAN: Bizkarreko minarentzako botikak? Et, et, et... Hobe du poltsa beroa jarri... Hoztu egingo zen, besterik gabe... Izan ere... Neguan ematen dira horrelakoak gehienbat...
MAIKA: Egun osoa poltsa beroarekin ematen du, baina medikuak esan dio...
KERMAN: Medikuak, medikuak!!!! Gezurra dirudi! Ez dakizu zenbat hanka-sartze ematen diren alor horretan...
MAIKA: Kerman, mesedez... Konfiantzazkoa da medikua, ez da petrikiloa... Gainera, inoiz ez du arazorik izan...
KERMAN: Badakizu zer egin behar duen Aitorrek? Botika gutxiago hartu eta ondo jan! Gure herrian ere antzeko kasu bat eman zen...
MAIKA: Baina ez dakizu-eta Aitorri zer gertatzen zaion!!! Gainera, bizkarreko mina dauka... Eta ez tripakoa!!!!
KERMAN: Bai, esan duzu lehen ere! Baina entzun ondo. Gaizki jaten duten pertsonen artean ematen dira bizkarreko gaitzak.
MAIKA: Mesedez, Kerman!!!!!
AZALPENAK
Eman aditza behar ez den tokian erabiltzen dugu hainbatetan. «Gure herrian antzeko kasu bat eman zen» edota «neguan ematen dira horrelako gaixotasunak» esaldiak ez dira oso egokiak. Horien tokian, «gure herrian antzeko kasu bat gertatu zen» «neguan izaten dira horrelako gaixotasunak» esan dezakegu.
KERMAN: Eta? Zer erosi diozu?????
MAIKA: Kerman, mesedez, hau da sustoa!!!! Zer erosiko nion ba? Medikuak agindutakoa...
KERMAN: Ea ikusi... Ene... Bai izen arraroa duela! Ez dakit ba nik...
MAIKA: Kerman, botika guztiek izaten dute izen arraroa...
KERMAN: Eta kaxa? Bai narrasa dela! Batek daki zer enpresa farmazeutikok egingo zuen...
MAIKA: Kerman, generikoa da! Horregatik du horren itxura soila. Tira, presaka nabil eta!
KERMAN: Orduan... Aitorri emango diozu botika?
MAIKA: Noski!!!! Zer egingo dut, merkatu beltzean saldu ala?
KERMAN: Bai neska-lagun arduragabea zarela!
MAIKA: Arduragabea ni?? Zer egin dut nik orain?
KERMAN: Ba, lehenik eta behin, ez duzu erabilera-orria irakurri!!!! Ene... Bai albo-ondorio mordoa duela botika honek!!!
MAIKA: Kerman, aski da!!!
KERMAN: Kontuz!!!!!
MAIKA: Zer dugu orain?
KERMAN: Nik uste kaxa ukitzeak bakarrik ematen dituela albo-ondorioak!!!!
MAIKA: Tira!
KERMAN: Maika!!!!
AZALPENAK:
Harrituta gaudenean, besteak beste, era honetako esaldiak botatzen ditugu: bai arduragabea zarela! Bai albo-ondorio mordoa duela! Era honetako esaldietan, -ela ipiniko diogu aditz laguntzaileari. Gogoan izan.
KERMAN: Ene, Maika, bai botikazalea zarela… Nik aukeran nahiago dut gaitzak etxeko erremedioekin sendatu… Poltsa beroa, dieta sanoa… Etxeko erremedioek ez dute albo-ondoriorik sortzen, eta oso eraginkorrak dira...
MAIKA: Kerman… Inoiz ebakuntza egiten badizute, anestesiaren ordez, kamamila emateko esango diet… Ea zer iruditzen zaizun …
KERMAN: Ebakuntza? Niri? Ez da izango... Bai oker zabiltzala! Horrelako gaitz larriak botikak hartu eta hartu ibiltzen direnei agertzen zaizkie...
MAIKA: Hara, telefonoa! Aitor da!Ez naiz harritzen. Ordubete darama nire zain...
KERMAN: AITOR! Bizi direnak agertu... Ekarri telefonoa...
KERMAN: Kaixo, AITOR!!!! Bai NESKA-LAGUN alproja daukazula!!!!Zu minez akabatzen eta bera kontu-kontari... Ene...
MAIKA: Ez da posible...
KERMAN: Bai, bai... Hartu txintxo medikuak emandako botika...
MAIKA: Ez da posible...
KERMAN: Bai... Horrelako gaitzak neguan barra-barra agertzen dira... Hoztu egingo zinen... Poltsa beroarekin bakarrik ezin da sendatu... Botika hartu behar duzu...
MAIKA: Ez da posible...
KERMAN: Maika, telefonoa!!!! Bai buru txarra daukazula, ene...
AZALPENAK
Tolosa aldean izan da gaur Kerman.
Ikusi dugunez, EMAN aditza behar ez den tokian erabiltzen dugu hainbatetan.
«Neguan barra-barra ematen dira horrelako gaitzak» eta modu horretako esaldiak ez dira oso egokiak. Horien tokian, «neguan barra-barra agertzen dira horrelako gaitzak» esan dezakegu.
Bestalde, harridurazko esaldiak ere ikusi ditugu: «Bai buru kaskarra daukazula!» edota «Bai oker zabiltzala!». Gogoratu era horretako esaldietan aditz laguntzaileari –ELA ipini behar diogula.
Horixe gaur ikusitakoa, lagunok. Zuek, badakizue, ezta? Honekin edo harekin, baina egin!
