Dokuteka
Tiburen legatua
Frantzian gazte bat hil da "Tiburen legatua" grabatzen eta Bermeon neska bat larri zauritu da. Sare sozialetan modan dagoen jokoak alde ilunak ere baditu.
Modako jokoaren alde ilunaz hitz egiten du bideoak.
Berriemailea.- Globoak botata, dutxa azpian sartuta edo ur botila sinple batekin, bustitzea da helburua. Arropak gainean dituzula. Eta mozorrotuta bada, hobeto. Hau da aukera klasikoena: uretara salto egitea. Izendatua izatea, hor dago gakoa. Bideoa grabatu behar izateko, norbaitek zure izena eman behar du. Mariskada ez ordaintzeko grabatu behar da bideoa eta ondoren, beste hiru lagun izendatu.
Estatu Batuetan hasi zen moda, dirua batzeko helburuarekin hasieran. Galizian joko bilakatu zuten eta orduan hasi zen norgehiagoka.
Sarea bideoz beteta dago, ea nork egiten duen legaturik ikusgarriena.
Bizikletaz bota ziren hauek, baita ostegunean Frantzian hil zen gaztea ere. Bermeon, 26 urteko neska bat oso larri dago ospitalean. Barkutik salto egin zuen bideoa grabatzeko eta gona helizean harrapatuta geratu zitzaion.
Soroslea.- Segun ze gauza egiten dituzten eta nola egiten dituzten, ba, arriskua izan liteke, ez?
Berriemailea.- Hondartzetan dagoeneko hasiak dira euren legatua grabatzen dituzten gazteak ikusten. Tentuz jokatzeko eskatzen dute.
Soroslea.- Salto egin behar baduzu nonbaitetik, edo zerbait, ba, ziurtatu behean ezer ez egotea eta inor ez egotea.
Berriemailea.- Legatuen kontu hau azkenean joko bat baino ez da, eta hobe da umorez hartzea, norberaren burua arriskuan jarri baino.
