detalle dokuteka-generico-fitxa

Nola bidaiatzen genuen internet sortu aurretik?

Lehen bai baina orain egiten ez ditugun 12 adibide bildu ditugu. Izan ez dira oso aspaldiko kontuak, 30 urtetik beherakoek hala pentsatu arren. Atzo goizekoak dira baina aldea handia da.

Honela bidaiatzen genuen mundua abiadura izugarrian digital bihurtu aurretik.

Postalak bidali
Bai. Zigilu eta guzti. Twitter-en 140 karaktere idatz daitezke gehienez. Postaletan beste hainbeste esango genuke: kaixo idatzi, zerbait esan, eta agur. Ez zegoen gehiagorako lekurik. Postala handiagoa erosi behar zen horrelakoetan. Tamainak tamaina, zer zuen txarra postalak? Askotan, lehenago heltzen zinela etxera postala baino.
Eskerrak orain WhatsApp daukazun.

 

Non dago telefono-kabina?
Etxera deitzeko gehien egiten zen galdera. Eta kabinak txanponak jateko makinak ziren. Zein azkar joaten zen dirua!
Eskerrak orain Skype doan duzun!

  

 

 

Irakurtzen hegazkinaren zain
Egia esan, entretenigarria zen aireportuko itxarote-gelan irakurtzea, hegazkina heldu arte.
Orain doaneko wi-fi bila dabil mundu osoa, ero moduan. Eta Facebook eguneratzeko botoia sakatzen duzu, eta WhatsApp mila aldiz ikusten, ea mezu berriak dauden.
 

 

Argazkiak tantaka-tantaka
Karreteak 1.000 pezeta (6 euro) gehi errebelatzea beste 1.000 pezeta. Prezioak horiek izanik, asko pentsatu behar zenuen zeri atera argazkia.
Orain edozein tontakeriari ateratzen diogu argazkia. Debalde da! Eta berdin du gorde, ezabatu edo filtro bat jarri eta Instagramera igo...

 

Bidaiako diapositibak ikusteko elkartzea
Lagunak, senideak...  bidaiako argazkiak ikustera gonbidatzen zenituen etxera. Egia esateko, lagunik gabe geratzeko modu ona zen.
Orain ere erakusten dira oporretako argazkiak, baina Flickr, Twitter, Pinterest edo Facebook-en partekatuz. Ez daukazu inorekin elkartu beharrik.

  

 

Hegazkineko bidaia-txartela segurtasun-kaxan gordeta 
Ene, beti txartela galtzeko beldurrez! Hori bai zela arriskutsua!  Itzultzeko txartelarekin ere beti kezkatan, batez ere hotelak edo apartamentuak segurtasun-kaxarik ez bazuen. Badaezpada ere onena soinean eramatea.
Orain QR kodean daramazu hegazkinera edo itsasontzira igotzeko txartela.
   

Bidaiarako eta hotelerako txartelak bidaia-agentzian enkargatzea
Agentziara joaten zinen eta zure aurretik zegoenak mundu guztiko herrialdeez galdetzen zuen erabaki aurretik. Bazirudien berdin zitzaiola Arrigorriagara joan edo Patagoniara. Zure txanda tokatzen zenean, agentziakoak esaten zizun apartamentua nolakoa zen, aldizkari bateko argazkiak erakutsi, eta zuk sinetsi. Handik lau egunera esango zizuten hegazkinean lekurik zenuen ala ez. Alde ona bazuen: pazientzia izaten ikasten zenuen. Eta bidaia-agentzia fin askoak badirela, hori ere esan behar da, ze demontre!
Orain agentziak online daude, smartphone-tan eskura: dena berehala erosten da.

 


Toki batera iritsi, bertako jendeari galdetu herriko plazan…
Jada ez dugu bertakoekin hitz egiten. Ezin jakin bertakoek ezagutzen dituzten toki eder horiek non dauden.
Orain dena da GPS eta Google Maps. Itsu-itsu egiten diegu kasu.
   
  

Non bazkaltzen da ondo eta merke?
Kalean zegoen lehendabizikoari galdetu eta fidatzen zinen. Zertarako irakurri toki bati buruzko erabiltzaileen 500 iritzi kontrajarri eta 1.000 “Gustatzen zait” ikusi?

 

 

 

 

Mapak erosten eta bidaia-gidak
1990. urtetik aurrera jaiotakoa zara? Badakizu zer den mapa bat? Ba Google Maps-aren antzekoa, baina paperezkoa eta tolesten zena. Behin destolestuta ez zegoen hura berriro hasieran bezala utziko zuenik. Bidaia-gidak ere baziren: 10  bat blog, beste hainbeste web… hori dena txukundu, ordenatu eta inprimatuta… Hori ziren bidaia-gidak. Zer esanik ez, maletari zama dezente ezartzen ziotela.
 

 

Argazkiak gordetzeko albumak
Zenbat album ote dago etxean bidaietako argazkiekin! Hori bai, ez bazenuen atzean jartzen zein toki zen, gero hasi zaitez esplikatzen jendeari non izan zaren!
Orain ere antzera gabiltza, baina telefonoan ditugu argazkiak, edozeini, berak nahi ala ez, edozein lekutan erakusteko.

 

  

 

 

Paraje lasaiak, bakardadea: ze gozatua!
Toki lasaiak aurkituz gero, zeuretzat gordetzen zenuen gozatutako une hori. Gehienez ere argazkiren bat atera, eta horrekin nahikoa!
Orain ari zara ostadar eder bat ikusten, eta munduan diren gailu teknologiko guztien bidez argazkia konpartitzen hasten zara, eta gero bueltan datozkizun mezuei erantzuten... baina tarte horretan ostadarra desagertu da!

 

 

detalle2

Dokuteka

B1
2014-04-14

x61pRelaContWAR

16343736

x61pViewCountWAR

11675

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR