Ahozko euskal literaturaren antologia

Xabier Payak atera berri du Ahozko Euskal Literaturaren Antologia izeneko liburua, eta horren berri eman du Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Liburua euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago idatzita. Irratsaioan ahozko literaturaren barruan zenbat genero bereiz daitezkeen azaltzen du eta horien azalpen laburra eman.

Liburua Etxepare Euskal Institutuak argitaratu du, eta hemen daukazu eskuragarri.

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA 1. Generoak, Xabi, zortzi jarri dituzu zerrendan. Zerrenda hori eztabaidagarria dela dio Joxerra Gartziak berak hitzaurrean. Tira, bertsolaritza lehenengo, azkena aplikatuak lehen aipatu dituzun horiek, hor barruan apaizen sermoiak eta, tartean beste sei ere bai. Ez dakit, hola gainetik aipatuko dizkiguzu?
XABI PAIA. Bai. Bai, bai. Ez daukat arazorik, baina lehenago gustatuko litzaidake esatea, egia da eztabaida izugarria izan dela: bai Joxerrarekin, bereziki, berak asko lagundu dit, baina beste hainbat aditurekin ere eta zaila zen. Azken batean, ahozko literatura izena jarrita, akaso, literaturak tradizioz izan duen ikuspegia jarraitu behar nuelako eta, beraz, generoak banatu tradiziozkoetan eta ez-tradiziozkoetan. Literaturak hala bereizi ditu eta bertsolaritza eta pastorala daude alde batetik, eta besteak geldituko lirateke beste taldean. Kontua da horrek testuan duela oinarria, gaia aztertzeko testuari erreparatzen dio, testuzentrikoa da ikuspegi hori.
Antologia honek gaur egungo ahozkotasunaren ikertzaileek darabiltzaten teoriak erabiltzen ditu. Eta, orduan, teoria horietan askoz garrantzitsuagoa da benetan generoak definitzea erregistro berezi bat duen hori bezala. Eta definizio horren barruan funtzioa oso inportantea da. Orduan, klaro, genero horiek bereizten ditudanean, ni horretara egokitzen naiz.
Eta, orduan, bertsolaritza bada genero bat eta azpigeneroak ere baditu: bat-batekoa eta idatzia oso desberdinak dira; eta bat-batekoaren barruan txapelketakoak ere badu tarte berezi bat gurean. Koplak ere baditugu, eta kopla horien artean: zaharrak, dantzarakoak eta errondarakoak. Orain arte prozesiozkoak deitzen zirenak edo, baina gure ikerketen edo gogoeten artean prozesio horrek badu kutsu erlijioso bat, eta badakigu kopla horiek kristautasuna heldu baino lehen ere izan zezaketela tokirik.
Genero epiko-lirikoa izenak ez gaitu asebete, baina egia da hau dela literaturaren ikuspegian indartsuena dena eta gehien jaso dena. Herri-antzerkiak biltzen ditu pastoralak eta maskaradak eta irri-antzerkia.
Ahozkotasuna eta ahozko literatura izugarri erabili izan heziketarako. Zer dira gure gaur egungo umeak ez baldin bada ahozko hitz-jokoekin, kantuekin eta abarrekin hezten direnak; eta, beraz, haur-kantak, sehaska-kantak eta igarkizunak beste genero bat dira.
Eguneroko genero txikiak deitu izan die literaturak hain txikiak, akaso, ez direnei eta, egia da, lehenengoz saiakeratxo bat egin behar izan dugula ikusteko zer izan daitezkeen euskal txisteak, zirtoak –aipatu eta azaleratzea jende askok ezagutzen ez dituenak, baina badira erantzun berezi bat, azken batean, euskal kulturan errotuta dagoena–.
KAZETARIA 2. Zein da zirtoa?
XABI PAIA. Zirtoa izan liteke… Oso famatua da, adibidez, Txirritak esan omen zuen bat. Esaten dute txakur bat ikusi eta “A, zer txakur polita! Eta nola du izena? “Pitxita”. “Eta egiten al du putz ipurdia itxita?”
KAZETARIA 2. Hemen Xabik aipatzen zituen genero horietatik, Jon, adibidez zuk zein duzu gustuko edo gustukoen?
JON SARASUA. Bueno, nire tribukoa, ezta?
KAZETARIA 2. Bertsolaritza, alegia.
JON SARASUA. Bai, nik uste badituela bertsolaritzak ezaugarri batzuk, ba, beharbada, gaur egun oraindik ere, ba, iritsi den mailara iristeko ahalbidea ematen diotenak.
KAZETARIA 2. Andu, zuk generoetatik zein daukazu gustukoen?
ANDU LERTXUNDI. Bueno, nik gustukoenak ditut haur-munduarekin zer ikusia dutenak, elementu erritmikoak, hasi hatz-jolasetatik eta aho-korapiloetara eta abar. Ekonomia linguistikoa bat dago eta oso-oso gutxirekin asko adierazten duten kontuak dira.

C1 C2
2014-03-03
16342771
00:03:44
7473