Dokuteka
Eguerdiko tartean zer egin? Siesta
Lanaldi etena dutenek aukera dute bazkaltzeaz gain beste zerbait egiteko. Irratsaio honetan gaiari heldu diote eta tarte honetan siesta egitea proposatzen dute.
Hiztegi lagungarria
BEHAR DEN BEZALA. Behar bezala.
Jon, behar den bezala hasi jaten: aurrena eskuak garbitu.
EGIAZTATU. Egia dela frogatu.
Ikerketek egiaztatu dute siesta ona dela osasunerako.
ESTIMAZIO.- Onarpena, estimua.
Argi-indarraren faktura garestitu digute: estimazio txarra izan du neurri horrek.
JABETZEN. Konturatzen.
Jabetu al gara negu oso epelak ditugula azken boladan: zergatik ote da?
LO-KULUXKA EGITEKOTAN. Beharrezkoa baldin bada lo-kuluxka egitea.
Lo-kuluxka egitekotan, hobe motza izatea, ordu-erdikoa asko jota.
LO-KULUXKA. Siesta.
Lehen goizeko 11etan egiten zuten aurreneko lo-kuluxka baserritarrek, oso goiz hasten zirelako lanean.
MAKAL.- Ahula, indarrik gabea.
Gripeak makal utzi du Jon.
ORDUBETE. 60 minutu.
Hiri-erditik autobus gutxi dago auzo horretara: ordubetetik ordubetera.
ESATARIA. Beti esan izan da, eta azken ikerketa zientifikoek egiaztatu dute oso osasungarria dela egunero, bazkalondoren, lo-kuluxka egitea, hamar eta hogei minutu artean. Gehiago ez.
Estatu Batuetan, esate baterako, enpresetan jabetzen hasita daude gaiaren garrantziaz eta langileei erraztasunak ematen hasita daude, bazkalondoren berriz ere lanera itzuli aurretik siesta txiki bat egiteko modua izan dezaten enpresan bertan.
Orain arte ez da ondo ikusi izan lantegian lo egitea, baina aldaketa ematen ari da. Esan bezala, Estatu Batuetan, baina hago joera asko, onak eta txarrak, guregana etortzen direnez igual ikusiko dugu tankerako joera hemen ere.
Egia esan, hau gure zaharrek asmatu zuten baserrietan; arratsaldeko lanari ekin aurretik burua sukaldeko mahaiaren gainean jarri, eta hamar bat minutuko lo-kuluxka egiten zuten baserritarrek, eta gaur egungo, XXI. mendeko euskaldunek, kalekoek eta baserrikoek siesta egiteko ohiturarik ba al daukate? Entzun:
ELKARRIZKETATUA 1. Bai. Normalean bai. Goizez lan egiten badut ba ordu-erdiko siesta botatzen dut, bai.
KAZETARIA. Ordu-erdikoa?
EL1. Bai. Bakarrik ordu-erdikoa.
K. Eta zer izaten da? Sofan bertan edo ohera sartzen zara? Ze…
EL1. Ez. ez. ez. Sofan. Sofan.
K. Horrek ze balio dizu, arratsalderako…
EL1. Hobeto egoteko, bai, hobeto egoteko. Asko nabaritzen dut gero arratsaldean funtzionatzen segitzeko.
E. Arratsaldeari behar den bezala ekiteko lo-kuluxka beraz, eta neurria, entzun duzue ondo, e, ordu-erdi. Ohean sartuta, sofa aurrean lo geratuta, edo bestela autobusean,
ELKARRIZKETATUA 2. Bai. Hartzen dudalako Donostiatik Bilbora autobusa, eta orain, oraintxe bertan esnatu naiz siestatik. (barreak)
K. O sea que, bidaia lo.
E2. Bai. Aprobetxatzen dut lo egiteko.
K. Eta hemendik aparte, etxean baldin bazaude? Edo ez dakit, asteburuan edo…
EL2. Aste-bukaeran, beno, lana, lana egiten dut normalean, baina bestela, bai.
K. Bai.
EL2. Bai. Sofan, telebista ikusten lo hartzen dut. 20 minutu, ordu-erdi…
E. Lanera edo ikastera joateko errepidean denbora asko pasa behar izatea, adibidez, autobusean enredoa da, baina lo egitea ez da denbora-pasarako aukera txarra.
ELKARRIZKETATUA 3. Bai. Bai. Egiten dut. Egiten dut. Eta beno, orain klaseak ditugula, arratsaldez eta, aprobetxatzen dugu autobuseko tarte hori, siesta egiteko, eta egunean bat ez, bi egiten ditugu, así que…
K. A, bi.
EL3. Etortzerakoan eta bueltatzerakoan…
K. Donostiatik Bilborako traiektoan da, ezta?
EL3. Bai. Hori da.
K. Ordubete osoa?
EL3. Beno, saiatzen gara behintzat. Saiatzen gara. Bai. Bai.
E. Donostiatik Bilbora joaten dira autobusean, edo Bilbotik Donostiara ere bai… Autobuseko bidaia aprobetxatzen dute gazte hauek lo egiteko, bai joanekoan, baita etorrerakoan ere.
Autobusekoa hala ere, salbuespena da.
ELKARRIZKETATUA 4. Arratsaldean etxean banago, bai. Eguerdian baldin bada, bai. Ordu-erdi, ordu-laurden… Edo hogei minutu. Bai. Depende, baina bai. Baina gehiago ez.
K. Eta ze izaten da?: sofan,edo zagozen (zauden) lekuan edo ohera sartzen zara?
EL4. Sofan. Sofan.
K. Pijamarik eta ez da egoten.
EL4. Ez. Ez.
E. Dena den, bazkalondorengo siestak edo lo-kuluxkak ez du garai bateko estimaziorik.
ELKARRIZKETATUA 5. Ez. Normalean ez.
K. Ez.
EL5. Normalean ez. Asteburuan, igual parranda eginda gero, igual, lo gutxi eginda, igual bai.
K. Baina bestela ohitura hori, bazkalostekoa…
EL5. Ez. Ez. lo nahiko juxtu, o sea, juxtukoa egin behar da, bestela… Bizitza aprobetxatzeko da, ez lo egiteko.
K. Ez da denborarik galdu behar, ezta?
EL5. Hori da. Hori da.
E. Bizitza aprobetxatzeko da, ez lo egiteko. Eta lo-kuluxka egitekotan, laburra egitea egokiena.
EL5. Laburra. Laburra. Bai.Motza. Bai. Motza egiten dut. Bai, bestela denbora gehiegi eginez gero, ba hori, gaizki, gaizki “sentatzen” dit. Bai.
K. Badago jende bat, altxatzen dena eta buruko minagaz(minarekin ) edo…
EL5. Bai. Hori da. Hori da. Lo gehiegi eginez gero, hori da, siesta eta gero beti gaizki, makal, makalago oraindik gelditzen gara.
