Homeless act

Amets Arzallusek Euskadi Irratiko Amarauna saioan gogoeta egiten du: Eskozia, independentzia, erreferenduma eta lurra, kriki-kraka oinazpian.

Amets Arzallus bertsolariaren gogoeta Eskoziako independentziaren inguruan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Amarauna
Hamarrak eta berrogeita lau minutu oraintxe, Amets Arzallus orain Amaraunean, bere gogoeta ahots altuan egiteko prest. Gaur Eskozia, independentzia, erreferenduma eta lurra, kriki-kraka oinazpian.
 

Homeless act
Independentzia-galdeketa ere ez al da homeless act bat? Etxegabeari gerizpe duin bat zor zaio Eskoziako legean, independentzia zaleak horregatik daude agintean, gehiengoa hala ez den herrian. Eta independentzia-galdeketa bera ere ez al da homeless act bat? Hankapean lurra kriki-kraka. Independentzia etxegabearentzat aterpea bezala da, gerizpe bat nor bere gorputzaldiarentzat. Gerizpe politikoa, gerizpe kulturala, hizkuntza batentzat gerizpea edo besterik gabe geografia bat gorputzaldi batentzat. Nortasuna, bere konplexutasun osoan, gerizpe bat da. Badu bere aldakortasuna, guk ezetz pentsatu arren. Baietzean daudelako ausartu dira eskoziarrak eta jakin nahiko nuke nola prestatzen den gorputzaldi independentzia zale bat mila egunean. Zientzia interesgarria da politikarako, psikologiarako, kulturarako, identitate baten eraikuntza bestearen hizkuntzan. Agian sinpleagoa da dena. Aterpe ekonomiko bat nahi du Eskoziak bere kintoak Irakeko gerrara ez joateko arrazoi on bat, bere historiaren orri urratuak interpretatzeko askatasuna. Ez dakit zein den herri bat independente izateko oinarrizko funts bereizgarria. Nik nirea gehiago sentitzen dut, hizkuntza baten barruti moduan, baina bakoitzak du bere narrazio nazionala eta bere nortasunaren definizio konkretua edo abstraktua. Nortasuna, bere konplexutasun osoan gorputzaldi bat da, bere izaera egonkor eta aldakorrekin eta aldakortasun horrek eramaten badu inor bere gerizpe propioa aldarrikatzera, esplikazio handirik gabe, hari zor zaio geografia zatitxo bat.
Hankapean lurra kriki-kraka, nortasuna gorputzaldi aldakor bat. Erreferendum bateko galderari erantzungo nioke pozik, baina ez naiz eskoziarra, ez didate uzten. Egia esan, uzten ez didatena eginez daramat bizitza osoa. Euskalduna zer da, bada? Uzten ez duten hura izanez bizi dena ez bada. Badu bere xarma, ez garelako gara eta horregatik zaigu zilegi egin ezin diren gauzak egitea, eskoziarrei zenbait galdera inpertinente, adibidez. Barkatu, Salmond jauna, baina zergatik esan duzu eskoziarren independentziarako bidean ez dela hildakorik izan? Erreferendumerako darabilzun  Bannockburneko batalla hartan, 1314an, kartetan egin ote zuten soldadu eskoziarrek ingelesen kontrakoa. Zaldiak eta erregeak ez ziren orduan paperezkoak baino. Barkatu nire jakin-mina, baina eskoziarra izateko aski al zait Edinburgoko etxe batean argiaren faktura ordaintzea? Demokraziak galdera politak ez al ditu? Hamasei urtetik beherakoek ezin dute bozkarik eman eta laurogeita hamasei urtetik gorakoek bai? Wiskiaren prezioak gora eginen al du independentziaren gauean? Eta Glasgow-ko Celtic-ek ez al du pentsatzen futbolari euskaldunen fitxatzean 2014ko denboraldirako? Ligarik agian ez dute irabaziko, baina erreferenduma…eta erreferenduma ez al da, azken batean, homeless act bat? Zeinek ditu puska gehiago, Salmond jauna, Erresuma Batuak, ijitoen eltzeak edo Ezker Batuak? Eta entzun al duzu Westminster-eko Parlamentua Tamesis ibairantz amiltzen ari dela? Jakin nahiko nuke nola lortu duzuen eta Big Ben-a berrogeita sei zentimetroz makurtzea? Diote sustoaren eraginez izan ote den. Zuk, Salmond jauna, ez al duzu sentitu lurra hankapean kriki-kraka?
Kriki-kraka hankapean lurra, nortasuna gorputzaldi aldakor bat; mundua, gure ispilu pitzatua.
Futbola asmatu zuen herriaren kontra ari dira eskoziarrak, eurek ere badute euren kontribuzio-partea: golfa asmatu zuten, par-a eta birdie-a. Eta espainolek, espainolek zer asmatu ote zuten? Eta frantsesek? Agian, handicapa?
Uzten ez duten hura izanez bizi behar euskalduna.         
 

C2
2012-02-03
16341347
5:38
4586