detalle dokuteka-generico-fitxa

Emakumeek injustizia adin guztietan nozitzen dute

Kataluniako ginekologoak 'Pilulatik menopausiara' izenburuko hitzaldia egin du Bilbon, eta emakumearen diskriminazioa «soziala, sexuala eta lan arlokoa» dela ikusi duela azaldu du, besteak beste.

Santiago Dexeus (Bartzelona, Katalunia, 1935) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea da, eta unibertsitate horretako Ginekologiako Ikerketa Katedra zuzentzen du. Ibilbide luze eta aberatseko ginekologoa da, eta joan den astean Pilulatik menopausiara izeneko hitzaldia egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Pasadizo, datu eta gogoeta ugari aletu zituen hitzaldian, honako ondorio honetara ailegatzeko: emakumeak mendebaldeko gizartean pairatzen duen diskriminazioa «soziala, sexuala eta lan arlokoa» da, eta klase sozial guztietako emakumeek jasaten dute, adin guztietan jasan ere.

Urte luzetako lan eskarmentuan oinarritu zuen Dexeusek baieztapen hori. Izan ere, oso gazterik hasi zen Dexeus beharrean, Bartzelonako Amaetxe Probintzialean, eta han bertatik bertara ikusi zuen ama ezkongabeek pairatzen zuten tratu umiliagarria: «Garai hartan indarrean zegoen nazional-katolizismoaren arabera, emakume horiek bekatariak ziren, eta haien bekatua garbitu behar zuten. Hortaz, otoitz egitera behartzen zituzten, ez zieten bisitarik onartzen, ez zieten anestesiarik ematen, eta han beldurra zen nagusi. Emakume haien egoera negargarria zen. Berogailurik ez zegoen, sekulako hotza egiten zuen eta, behin baino gehiagotan, umeak hotzak hilda aurkitzen genituen».

Dexeusek dioenez, emakume horiek prostitutak ziren osasun arloko agintarien begietan, eta hala balira bezala tratatzen zituzten. Emakume horietako batzuk prostitutak ziren, baina beste asko, esaterako, nagusiak haurdun utzitako etxeko langile xumeak ziren. Umea egin ostean, ordea, familiak gaitzetsita eta lanik eta etxerik gabe, prostituzioan aritzea beste biderik ez zuten emakume horietako askok.

 

Antisorgailuen inguruan, jakin-mina

 

Antisorgailuen gaiak hartu zuen Dexeusen hitzaldiaren zatirik handienetako bat. Dexeusek denboran atzera egin zuen, 1964ko abenduaren 11ra. Orduan eman zuen Bartzelonako Unibertsitatean antisorgailuen inguruko lehenengo hitzaldia, jakin-min handia piztu zuena. «Aretoa beterik zegoen, eta hitzaldia goizez izan zen arren, arratsaldeko hirurak arte iraun zuen, entzuleek galdera ugari egin zituztelako», esan zuen. Hitzaldi hark arazo franko ekarri zizkion. Garai hartan, Espainiako jaiotze tasak eta antisorgailuak legeztaturik zituzten Europako herrialdeenak parekoak ziren: «Horrek erakusten digu Espainian ere nolabaiteko kontrazepzio metodoak erabiltzen zituztela, nahiz eta legez kanpokoak izan eta desinformazio handia egon. Legea eta errealitate soziala ez zetozen bat».

Emakumeen kontrako diskriminazio iturri diren bestelako gaiak ere jorratu zituen Dexeusek hitzaldian, menopausia, esaterako: «Gizonezkoek zahartzearen kontrako babes kulturala eraiki dute, eta adineko gizonezkoak erakargarriak eta interesgarriak direlako ideia hedatu da sozialki. Emakume askok, aldiz, tragedia baten moduan hartzen dute menopausia». Dexeusen arabera, menopausiak zenbait abantaila ekartzen dizkie emakumeei, eta horrek sortzen dituen eragozpenak, askotan, erraz arindu daitezke botiken bidez.

«Plazera adostasunean oinarritu behar da»

Viagra izeneko botikak sona handia hartu du aspaldi honetan, eta horren eraginak antisorgailuek ekarritako aldaketa sozialekin alderatu dituzte batzuek. Dexeus ez dator bat horrekin, eta, gainera, Viagrak ere diskriminazioa eragin dezakeela dio: «Viagra gizonezkoen beharrei egokitutako botika da, baina plazera ere adostasunean oinarritu behar da, eta hori gertatzen ez denean, adineko gizonezkoentzat abantaila dena adineko emakumeentzako oinaze iturri bilakatu daiteke. Adostasuna badago, aldiz, ez dut arazorik ikusten Viagra erabiltzeko orduan».

Amatasun oporren aurka

Lan arloa ere jorratu zuen Dexeusek hitzaldian, eta baieztapen polemiko batekin ekin zion gaiari: «Badakit esango dudana ez dela politikoki zuzena, baina ni neu amatasunagatik oporraldia ematearen aurka nago». Izan ere, garai batean lorpen sozial handia izan zen amatasunagatik ematen den oporraldia, baina, batzuetan, bestelako aldaketak egin ezean, lorpen sozialak ere diskriminatzaile bilakatzen dira, eta hori da, Dexeusen ustez, gai horretan gertatu dena: «Legearen arabera, aitek zein amek har dezakete oporraldi hori, baina, praktikan, emakumeek hartzen dute eskuarki. Eta oporraldia hartzen duten emakumeen kopuru handi bat ez da lanera itzultzen oporraldia amaituta. Beraz, hasieran lorpen soziala zena emakumeak lan merkatutik egozteko ezkutuko bide bilakatu da».

Horren aurrean, irtenbidea ez da erraza, eta Dexeusek proposatzen duena «utopikoa» da, ginekologoak berak onartu zuenez: «Nik utopia proposatzen dut, baina hori da pentsatzen dudana eta utopikoak izateko eskubidea dugula uste dut». Dexeusen ustez, amatasunak dakartzan lan mekanikoak, oihalak aldatzea edo umeari jaten ematea, esaterako, gizarteak hartu beharko lituzke bere gain, eta langile profesionalen esku utzi: «Soilik horrela saihestuko genuke amatasuna ere, lan arloan, emakumeentzako desabantaila eta diskriminazio iturri izatea».

detalle2

Dokuteka

B2
2005-11-01

x61pRelaContWAR

  • Hermosilla , Gotzon
16341260

x61pViewCountWAR

3201

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR