Gaztetxoen komiki aldizkaria den hau marrazkilari askoren harrobia izan da. Antton Olariaga, Jon Zabaleta, Miguel Berzosa, Joxe Anjel Lopetegi, Antton Dueso, Mattin... eta abar luze bat aipa genitzake.
25. urteurren hau ospatzeko bi ekimen egin ditu Ipurbeltzek. Batetik, Ipurbeltz Antologia liburua argitaratu eta bestetik gaztetxoentzako komiki Sari bat antolatu.
Antologiari dagokionez, esan daiteke gehienbat marrazkilariei egindako omenaldi bat dela. 25 marrazkilari desberdinei elkarrizketa egiten zaie eta haien ondoan beraien komikiren bat eta haien argazkia aurkituko dugu ikusteko nolakoa den guk hain ondo ezagututako marrazkien autoreen irudia. Horretaz gain, egondako portada batzuk aurki daitezke eta baita logotipo desberdin guztiak ere.
Antologian argitaratutako sarreretako bat
25 urteak berriro ere. 25 urte motz eta luze. 25 urte pozgarri. IPURBELTZ, 25 urte handitan. EREIN argitaletxekook non, zer eta nola ereiterakoan asmatu egin genuen, gure ustez, eta Argitaletxearen 25. urtebetetzea ospatu genuenean, iaz, esaten genuen hizkuntzarekin gozatzen ikastea dela euskara indartzeko era bakarra, eta ez dagoela irakurtzen ari den haurraren begirada baino gauza ederragorik.
Haurrari, euskara goxoa, bizia, aberatsa eskaini behar zaio txiki-txikitatik; hori bagenekien, orduan ere. Istorio eta pertsonaia ohiko eta ez ohikoetan; marrazki eder, berri, ezberdin, ausart eta samurretan. Horixe eman behar zitzaiola, euskararen irakurketa etxeko, eguneroko, atsegin bihur zezan. Horixe izan zen helburu nagusia, argitaletxea sortu eta oso berehala, hainbat familia eta hainbat jenderentzat guztiz etxeko gertatu den IPURBELTZ komikia sortzeko.
Sortu genuen, eta geroztik ez dugu inoiz horren damurik izan. Mende laurden honetan askok eta askok fidelki lagundu diguzue, hori horrela izan dadin. Mila esker denoi. Zuei, noski, aurren-aurrena, eta eskerrik asko, EREINgo bazkide direnen eta argitaletxearen ardura izan dutenen eta gaur dugun guztion izenean. Zuentzat egin da IPURBELTZ, zuena izan da, batez ere. Eskuetan duzuen egungo antologia honetan ere, zuen leialtasuna eskertzeko da, lehenik. Gurekin lan egin duzuen marrazkilari eta gidoilariok aitatu behar zaituztet hurrena.
Bihotzez eskerrak zuei ere. Arrazoi ezberdinengatik. Hasteko, komikiaren mundua zeinen aberatsa den, eta izan daitekeen, agertu diguzuelako. Beste edozein artegintzatan gure herriak duen maila eman duzue honetan ere. Gurekin leial eta garbi kolaboratu duzuelako beti. Ordurako izena bazenutenok, eta izena egin nahian ari zinetenok, denok.
EREIN harro dago, ez dugu ukatuko, zuetako zenbaitentzat IPURBELTZ -Julenen eta haren ingurukoen babesean- marrazki eskola guztiz interesgarria izan delako. Fruituak ikusi dira, eta ikusiko dira gerora ere, eta denon mesedetan. Antologia honetan parte hartzeko ere denok prest egon zaretelako. Ez gaitu harritu, baina horrek zerbait adierazten du, eta pozgarri zaigu oso.
Niri gaur eskerrak ematea dagokit, eta, lasai, ez dut, noski, bukatuko, proiektu hau aurrera atera ahal izateko laguntzak eman dizkiguten erakundeei (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia) eta hainbat enpresa pribatuei, eta, noski, aldizkari hau hilero hain txukun eta hain zintzo kaleratzeko gure argitaletxean lan egiten duzuen guztioi, mila esker eta segi horrela esan gabe.
Hor dago 25 urteko lana; hemen duzue lan horren Antologia ederra. IPURBELTZ ipurtargi izan da euskararen munduan; hala izan dadila aurrerantzean ere.
(Jexuxmari Mujika. Erein Argitaletxeko presidentea)