detalle dokuteka-generico-fitxa

Patxo Iturrate: "Koru gehienak desagertu egingo dira"

Patxo Iturrate Dimako semeak 30 urte inguru daroaz Arratiako koruan. Bere iritziz, egia da kantetako tradizinoa galtzen doala eta nabarmen ganera; gero eta koru gitxiago dagoz.

Hamazortzi bat urtegaz hasi zan Patxo kantetan bakarlari legez. Gero, Ohiartzunak taldeagaz Euskal Herrian eta kanpoan be kantau ostean, Zurrumurru taldean be ibili zan eta dabil oraindino; oraingoz, hiru disko daukiez baina laugarrenagaz be hasita dagoz daborduko. Gure herrietako herri eta kaleetan Santa Ageda kantuak entzuteko egun batzuk falta diranean atrapau dogu koruko tenore bakarlaria.


1. Arratiako koruak 50 urtetik gora egin ditu Santa Ageda kantetan. Atzera eginda, kontaiguzu zelakoak izan ziran Arratiako koruaren sorrera aurreko egunak.

Arratiako korua 1951n sortu zan eta, beraz, aurten 54. urte bete doguz. Hasieran gizonezkoek bakarrik kantetan eben eta korua Artea eta Areatzako koruen bategitetik sortu zan Arteako Juan Bernaola eta Areatzako Victor Sierrasesumagaren ekinbidez; Arteako Etxebarria, gaur egun Ugaon organista dagoanak hartu eban zuzendaritzea eta era horretara hasi ziran Santa Ageda bezperan kantetan.

 2. Santa Ageda bezperan, herririk herri eta etxerik etxe kantetea da ohiturea. Asmoak bi izaten dira: martiriaren bizitzaren barri emotea eta dirua batzea. Dirua batzearena nondik dator? Arratiako koruak ataraten dauan dirua zertarako izaten da?

Nik 54 urte daukadaz eta historia eta legendak dakarrenaz gan, Santa Agedaren kontua nondik datorren zehatz ez dakit. Dakidana da ezagutu ez neban nire aititak umeei erakusten eutsiezala orduko umeei Santa Agedako koplak. Argi dagoana da orduko denporetan ez zala dirurik eskatzen, ohitura hori barriagoa da; antxina jatekoa zein edatekoa eskatu eta jasoten zan (odolosteak, txorizoa, arrautzak...); inoiz etxe batera joan eta bateren batek emoteko ezer euki ez eta orduan diru apurren bat jausten zan. Batzen zana, txufla bat egiteko baino ez zan izaten. Nik gogoratzen dot txikitan kantetan joaten nintzanean, azkenean kriston atxurra atrapetan gendula, ze ardaoa edo ardao gozoa emoten euskuen edateko.

 3. Azken urteotan, Santa eskea ikasketa bidaietarako eta bestelako kontuetarako dirua atarateko erabilten da. Ondo ikusten dozu hori?

Ez. Gehiegikeria dala pentsetan dot, tradizinoagaz zerikusik ez daukana. Eskatzea libre da baina nire eretxiz onegintzazko zein asmo sozialetarako batzea da zentzuzkoena. Eleizako organo bat erosteko be eskatu izan da inoiz baina, beti be, helburu sozialak izan dira eta ez, ostera, norberaren gastu eta kapritxoetarako.


4. Kantetan dozuezan bertsoen jatorri eta berezitasunez zer esan zeinke?

Mila kopla dagoz. Batzuk betikoak dira, danok ezagutzen doguzanak. Gaur egun Santa Agedari buruz bi edo hiru kantu dagoz, baina luzeegiak dira, eta aspergarria izaten ei da entzuleentzat.

Aita Jose Domingo, Salaberri, Barturen eta beste batzuen partiturak erabilten doguz eta, jakina, bizkaieraz kantetan dogu.

5. Erritmoa eroateko makila erabilten da. Zein da materialik onena?

Lehen abeslari danok erabilten genduan makila eta sekulako eskandalua izaten zan; ganera, zarata gehiago atarateko makilen puntan untzeak sartu eta katxondeoa izaten zan; lupetza egoten zan lekuetan sendo joten zan albokoa lohituteko, giro sanoa egoan.

Gaur egun, makilak danok daroaguz eta sarrerako hiru golpeak danok emoten doguz. Hortik aurrera neuk bakarrik eroaten dot erritmoa makilagaz; dana dala, hiru Santa Ageda kantetan doguz eta makilagaz bat bakarrik, ohitura zaharra galtzen gabiz.

Makilaren materialari dagokionean, onena hurretxa da, hurretx sikua; pentsaizu egun osoan eroan behar dala aldean eta ahalik eta pisu txikiena eroaten da onena. Nik neuk apur bat loditxua daroat, ondo entzun daitezan golpeak.

Beste kontu bat makilaren neurria da. Norberaren altuerakoa, begien parerainokoa da onena ze astunegiak eta txikiegiak be ez dabe balio. Makila solte eroan behar da eta begien parean euki ezkero, ikusi egiten dozu gora eta behera. Makilagaz erritmoa eroatea ez da bape erreza.

6. Kantetako tradizino handia egon da Euskal Herrian baina ez ete doa galtzen? Gazteen artean badator erreleborik?

Gaur egun eskolan musikea ikasi behar da nahitaez eta hori zeozer da baina bai, egia da kantetako tradizinoa galtzen doala eta nabarmen ganera; gero eta koru gitxiago dagoz eta nik uste dot koru gehienak desagertu egingo dirala.

7. Arratiako Koruak kantetan dauzan kopletako batzuk gogoratzea eskatuko deutsut.

Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz
Aterik ate ohitura zaharra aurten barritzeko asmoz. (bis)
Ez gagoz sano aberats diruz, ez eta oinetakoz,
baia sameaz ondo gabiz ta kanta gure dogu gogoz. (bis)
Santa Ageda bezpera dogu Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua doguna (bis)
Santa maitea gaur hartu dogu gure bideko laguna (bis)
haren laguntzaz beteko geunke egun hontako jarduna (bis)

(Aita Paskual Barturen)

Bestetik, despedidarako, hona hemen:

Orain bagoaz alde egitera
Agur deutzagu gogotik,
Agate Deuna bitartez dala
ez eizu izan dongerik.
 

detalle2

Dokuteka

B2
2005-02-01

x61pRelaContWAR

  • Iturrate , Patxi
  • Isusi Zuazo, Koldo
16338918

x61pViewCountWAR

5418

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR