detalle dokuteka-generico-fitxa

Ainhoa Garmendia: "Operak abeslariak, dantzariak eta antzezlariak elkartzen ditu"

Protagonista izan dugu duela gutxi Ainhoa Garmendia soprano gaztea. Izan ere, azken orduan eskaini zioten lan bati esker arrakasta handia lortu zuen Berlinen. Eta hori gutxi ez dela, egun hauetan Glyndebourneko Festibalean Mozart-en "Cosi fan tutte" operan Despina izan da eta jaso dituen kritikak ezin hobeak izan dira. 2001etik Leipzig-eko Operan solista moduan kontratatua dagoen abeslariari asko gustatzen zaizkio kirola, animaliak eta irakurtzea. Lan eta lan ari den une honetan ere saiatzen da bere zaletasunei eta lagunei denbora eskaintzen. Guri ere egin digu tartea.

HABE.- Akordeoia eta pianoa ikasi ondoren hasi zinen kantuan. Nola eta zergatik eman zenuen jauzia?
AINHOA GARMENDIA.- Kontua ez zen hain bat-batekoa izan. Hamabi bat urte nituela, akordeoi eta solfeoko irakasleak, Peio Ramirezek, zerbait abesten entzun ondoren, beharbada koruren batean hasi beharko nukeela esan zidan, ahotsa polita omen neukala eta. Abestea beti gustatu izan zitzaidan, beraz ahal izan nuen bezain laster, Ordiziako Oroith Abesbatzan sartu nintzen. Hango zuzendaria, Amalia Ibáñez, aldi berean kantu irakaslea zen eta berarekin hartu nuen kantuko lehenengo klasea, hamabost urterekin. Handik aurrera, garbi izan nuen abeslari izan nahi nuela.

H.- Gaur egun ere ikasten jarraitzen duzu. Ez al da sekula bukatzen ikasketa-prozesua?
A. G.- Ahotsa bizitza guztian zehar landu behar da, beste musika-tresnak bezalaxe. Baina, ahotsaren zailtasuna handiagoa da zeren gure gorputza aldatzen doan heinean, ahotsa ere aldatzen baita. Horregatik, teknika ere aldaketa horietara egokitu egin behar da.

H.- Errepertorioko zein pertsonaia da zure gustukoena?
A. G.- Momentuz, nire errepertorioko pertsonaiarik gustukoena Susanna da, Mozarten Le nozze di Figarokoa. Baina hori ere denborarekin aldatzen joaten da eta suposatzen dut urteekin beste pertsonaia batzuk egiteko gogoa izango dudala.

H.- Zein izan dira eta dira zure kantaririk gustukoenak?
A. G.- Gustuko kantari asko ditut. Lucia Popp da, beharbada ahotsaren aberastasunaren aldetik, nire gustukoenetakoa. Baina beste asko daude eta baita gaur egungo gazteen artean ere, eredutzat hartzen ditudanak. Beti gustatu izan zait besteengandik ikastea.

H.- Antzeztea kantatzea bezain garrantzitsua al da operan?
A. G.- Opera zera da: antzerkia eta musika, biak batera. Garai batean, antzerkiari ez zitzaion horrelako garrantzirik ematen. Abeslariak eszenategiaren erdian jarri eta beraien ariak eta abesten zituzten gehiegi mugitu gabe. Gaur egun desberdina da. Antzerkia oso garrantzitsua da, aktoreei bezainbeste eskatzen digute, eta askotan filmetan bezala antzezteko esaten digute. Dena oso errealista, keinuak etab. Niretzat hori zoragarria da, abestea bezainbeste gustatzen baitzait antzeztea.

H.- Zein dira operaren ezaugarririk nagusienak?
A. G.- Opera, abeslariak, dantzariak eta antzezlariak elkartzen dituen arte bakarra da. Oso prestaketa zabala eduki behar da gaur egun, abestea bezain garrantzitsua baita beste guztia: hau da, fisikoa, antzezten jakitea, etab.

H.- Zer du operak hain ikuskizun elitista izateko?
A. G.- Uste dut, opera gero eta herrikoiago bihurtzen ari dela. Garai batean askoz ere elitistagoa zen gaur egun baino. Antzokietan gero eta gehiago ikusten da jendea bakero eta zapatilekin jantzita, eta hori oso ondo dago. Prezioak ere ez dira hain garestiak, behintzat ez hainbeste Europa mailan. Noski, oso antzoki garrantzitsuetan garestiagoa izaten da baina, adibidez, Viena bezalako opera batean, hiru bat euroren truke abeslaririk onenak ikus daitezke. Hori bai, pazientzia eduki behar ilaran zain egoteko eta gero zutik egon behar opera ikusten, baina aukera hor dago...

H.- Noraino iritsi nahi duzu?
A. G.- Nik ez dakit noraino iritsiko naizen eta ez da buruan bueltaka dabilkidan kezka. Egunean egunekoa ahal dudan ondoen egiten saiatzen naiz eta oraingoz horrek emaitza onak ekarri dizkit. Beraz, honela jarraituko dut, lan eta lan.

H.- Nola zaintzen duzu zure ahotsa? Ba al duzu zerbait galarazita?
A. G.- Ahal dudan bizimodurik normalena egiten saiatzen naiz. Janari aldetik kontu asko egiten diot neure buruari, batez ere kalitatearen aldetik. Badaude gauza batzuk neure buruari galarazi dizkiodanak lanean ari naizenean, kalte egiten didatelako, eta horretan oso diziplinatua naiz. Beti asko pentsatuta jaten dut. Bestalde, nire sekretua kirola da. Lehen kung fu eta tai chi egiten aritu nintzen, hiru urtez, eta orain tenisean ibiltzen naiz. Horrek asko aldatu nau zentzu askotan eta on egin dit denetarako.

H.- Duela gutxi elkarrizketatu genuen Martin Petrus jaunak (Frankfurteko Euskal Ikaskuntzen Etxeko koordinatzailea) esan zigun Alemaniako prentsak eta kaleko jendeak ezer gutxi dakiela Euskal Herriari buruz. Bat al zatoz?
A. G.- Gertatu zait norbaiti esatea euskalduna naizela eta Euskal Herria non dagoen ez jakitea. Baina beharbada, batez ere abeslarien munduan mugitzen naizelako edo, jende asko topatu dut Euskal Herria ondo ezagutzen duena. Egia da, jende askok gure arazo politikoak bakarrik ezagutzen dituela eta dauzkagun alde onak ez hainbeste, baina horretarako gaude gu, atzerrian gabiltzanok, kontu horiei buruz hitz egin eta zabaltzeko.

H.- Zure web orria euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez dago. Zergatik hainbeste hizkuntza eta zergatik horiek eta ez beste batzuk?
A. G.- Herrialde horietan lan egiten dudalako batik bat. Euskara eta gaztelania nire herrialdeko hizkuntzak direlako; alemana, Alemanian bizi eta lan egiten dudalako; frantsesa, Frantzian ere lan gero eta gehiago egiten dudalako; eta ingelesa, berriz, hizkuntza internazionala delako. Eta hizkuntza askotan dago nire ustez garrantzitsua delako mundu guztiak ondo ulertzea eta, gainera, hizkuntzak izugarri gustatzen zaizkidalako.

H.- Zenbat hizkuntzatan abes dezakezu? Eta zenbat menperatzen dituzu?
A. G.- Abestu, alemanez, frantsesez eta italieraz, gehienbat. Menperatu: euskara, gaztelania, frantsesa, alemana, italiera eta ingelesa, ordena horretan.

H.- Gogorra izan al da zuretzat arrakasta eta lana lortzeko Euskal Herritik kanpo joatea?
A. G.- Hasieran oso gogorra izan zen. Vienara iritsi nintzenean 21 urte neuzkan. Lehendabiziko aldia zen Espainiatik kanpora bizitzera joaten nintzela eta kultura eta klima-aldaketa oso gogorra izan zen. Gogoratzen dut lehenengo 4 hilabeteetan oso gaizki pasa nuela.

H.- Ez al duzu herriminik sentitzen?
A. G.- Egia esan, gaur egun, Europako edozein herrialdetan etxean bezala sentitzen naiz. Urte asko daramatzat etxetik kanpo eta nahiz eta denborak inoiz aldatuko ez duen ni oso euskalduna sentitzea, Europa mailan ondo sentitzen naiz.

H.- Geratzen al zaizu denborarik zaletasunen bat praktikan jartzeko? Zein?
A. G.- Lehen esan dudan bezala, nire zaletasuna kirola da. Tenisa batik bat, baina baita ping-ponga, billarra eta zergatik ez, baita lagunekin ateratzea ere. Irakurtzea eta animaliak ere oso gustuko ditut. Beti saiatzen naiz zaletasun hauetarako denbora aurkitzen, lanean ondo kontzentratu ahal izateko ondo deskonektatzen jakin behar dela uste baitut.

detalle2

Dokuteka

B2
2006-06-06

x61pRelaContWAR

16337578

x61pViewCountWAR

3523

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR