Dokuteka
Klik... eta kito!
Abantaila asko eskaintzen dizkigu sareak, eta horietako bat erosketak bertatik egitea da: denbora aurreztea, ilararik ez egitea, erosotasuna... Baina oraindik ere asko dira klik egiteko beldur direnak. Hurrengo lerrootan online erosketen arriskuak eta onurak aurkituko dituzu, baita segurtasunez aritzeko aholkuak ere.
90eko hamarkada hasierako ".com" atariak puri-purian zeudenean, merkataritza elektronikoa amets hutsa zela pentsatzen zuten askok. Izan ere, erreferente gutxi batzuek biziraun zuten bakarrik: liburuak, enkanteak eta antzekoak. Pixkanaka, ordea, merkataritza elektronikoaren emaitzak eta aurreikuspenak aldatzen ari dira.
Ebay-ren bilakaera, adibidez, oso deigarria izan da. Pierre Omidyar informatikoak sortu zuen 1995 urtean, PEZ izeneko jostailuak (bai, barruan gozokiak dituzten horiexek) salerosteko. Gure Pierrek, behinik behin, oso asmo apalak zituen artean. Orain, berriz, online merkataritzako erreferenteetako bat dugu Ebay. Denetarik aurki daiteke bere erakusleiho elektronikoan: iratzargailuak, arropa, ordenagailuak, liburuak, malenkoniatsuek maite dituzten objektuak... Zaila da webgunea ezagutzen ez duenik aurkitzea.
Konfiantza eza
Internetek bizitza errazten digu. Sareari esker, adibidez, gaur egun kudeaketa-kontu asko burutzeko ez dugu lanetik irten behar. Oraindik, ordea, sarearen sareak badu gainditu gabeko irakasgairik: erosketak online egiteko erabiltzaileen konfiantza lortzea.
Web 2.0 garai honetan, erabiltzailea da sareko protagonista baina, dirudienez, ez gara seguru sentitzen atarietan erosketak egiten ditugunean. Egindako ikerketek aditzera ematen dutenez, Interneten Low Cost konpainien hegaldi eskaintzarik onenak, erosteko klub pribatu eskuragarrienak eta ospe handiko enkanteen webguneak aurkitu arren, bezero asko ez da oraindik erosketak online egitera ausartzen.
Neurri batean, normala da gure bankuko datuak emateak ikara sortzea, eta are gehiago phishing kasuak -gure nortasuna lapurtu eta gure ordez erosketak egitea- gero eta gehiagotan gertatzen ari direla etengabe entzuten ari garenean. Dena dela, zalantzarik ez da merkataritza elektronikoa, gure artean gelditzeko asmoz iritsi dela, eta urtez urte ari dela hazten. Interneten zerbitzuak eskaintzen dituzten webguneei begiratu besterik ez dago: gero eta ohikoagoa da autoak online alokatzea, hoteletako erreserbak agentzia birtualen bidez egitea edo bidaia-antolatzaile ospetsuetarikoetan hegaldia erostea.
Arropa, oinetakoak eta liburuak
Zergatik erosten dugu Interneten? Batzuek denda eta saltokietako jendetza saihesteko egiten dute. Beste batzuek, berriz, gasolina eta denbora aurrezteko. Eta gutxi batzuek, berriz, eguneko edo gaueko edozein ordutan erosteak zoratu egiten dituelako. Erosotasuna, alde batetik, eta dirua eta denbora aurreztea dira, bestetik, online erostera bultzatzen gaituzten arrazoi nagusienak.
Izan ere, gaur egun ia edozer gauza eros dezakegu Interneten. Gehien saltzen direnak finantza-produktuak, bidaiak eta erreserbak dira, eta elektronika, motorrarekin erlazionaturiko produktuak eta hardwarea dira ondorengoak. Joan den urtean, gainera, beste sektore batzuek gorakada nabarmena izan zuten sare bidezko salmentari dagokionez. Arropa, oinetakoak eta liburuen kasua da hau, besteak beste. Arlo akademikoan ere inoiz baino erraztasun handiagoa dugu edozer ikasteko sareari esker. Aurrez aurrekoak ez diren jakintzagai guztietako ikastaroak egin ditzakegu Internet bidez, etxetik bertatik eta berehalako laguntza ematen diguten tutore edo irakasleak eskura ditugula.
Eta, gertuagotik edo urrunagotik, gehientsuok ezagutzen ditugun produktu edo zerbitzuez gain, bada harantzago joatera ausartzen denik ere: etxea Internet bidez erostea. Orain arte etxebizitzaren sektorearekin erlazionaturiko webguneen helburua salmentak erraztu edo laguntzea izan da; gaur egun, ordea, zuzeneko salmenta burutzeko tresna bihurtu da. Batzuentzat erokeria hutsa da, etxea erosi aurretik ondo pentsatzea eta saltzailearekin xehetasun guztiez hitz egitea ezinbestekoa dela uste baitute.
Etxeko erosketa, klik bakarrean
Gaur egungo gizartean, denbora ondasun preziatuetarikoa bihurtu da. Hori dela eta, eguneroko, asteroko edo hileroko erosketa egiteko erabil dezakegun tele-erosketaren modalitateak harrera paregabea izan du azken urteotan. Etxeko erosketa Internet bidez egiten dutenek diotenez, ez dute denborarik galtzen eta erostera joatearen deserosotasun guztiak saihesten dituzte: aparkatzeko tokia bilatu beharra, produktu jakin bat aurkitzeko apalategiak ikuskatzen ibiltzea edo erosketa etxean hustea. Supermerkatu birtualetan erosten dutenek, mota guztietako produktuak eros ditzakete, baita produktu freskoak edo galkorrak ere, fruta, barazkiak, haragia edo arraina, adibidez. Behin erosketa egin ondoren, bi aukera daude: supermerkatura joan eta istant batean dena jasotzea, edo diru-kopuru txiki baten truke etxera ekar diezaguten eskatzea.
Azken batean, etxeko erosketak direla, hegaldiak direla, edo antzokira joateko sarrerak direla, Internetek bizitza eraldatu eta samurtzen digula ezin dugu ukatu. Eta Internet bidez erosteak oraindik ere sortzen duen nolabaiteko mesfidantzari aurre egiteko, aholku xume batzuk erabili besterik ez dugu.
Interneten erosteko aholkuak
Hasteko, argi izan behar dugu Interneten erosteak ez duela berme gutxiagorik, eskubide eta betebeharrak ohiko denda batean ditugunak baitira.
- Denbora. Behar adina denbora erabili. Komenigarria da, erosi baino lehen, zuhurtziaz jokatzea eta webgune ezberdinetan aurkitzen ditugun eskaintzak alderatzea.
- Sen ona erabili. Prezio baxuegiez ez zaitez fida.
- Webgunea. Kontuz helbide fisikorik ez duten edo harremanetan jartzeko telefono-zenbakia besterik ematen ez duten dendekin.
- Segurtasuna. Nabigazio-barra behatu: helbide elektronikoaren hasieran "http" hizkiak daramatenak dira toki seguruak.
- Baldintzak. Ondo begiratu erosketaren baldintzei: produktua itzuli behar baduzu, ordainketa-erak, bidalketa-gastuak nork ordainduko dituen...
- Zuhurtzia. Ez ezazu erosteko ezinbestekoak diren beste datu pertsonalik eman. Telefono-zenbakiak, datu pertsonalak eta abar ez dira beharrezkoak.
- Ordainketa. Ordaintzeko era seguruena errenboltso bidezkoa da; bestela, Pay Pal delakoaren bidez edo txartela erabiliz ordain daiteke. Kasu honetan, ezinbestekoa da konexioa segurua dela ziurtatzea.
- Ziurtagiria. Erosketa amaitzean, datuak eskaintzen dituen orria agertu behar zaigu, eta batzuek posta elektronikoa ere bidaltzen dute. Gorde itzazu ziurtagiri hauen kopiak, edozer gertatuta ere, etorkizunean erreklamatu ahal izateko.
