Erabakia
Erabakiaren absurdoa azpimarratu ondoren, arratoiekin egindako esperimentu "zientifikoa" azaltzen du Segurolak. Gaztetan zurrutalari izandakoak erabaki arriskutsuak/ausartak hartzen omen dituzte.
Hiztegi lagungarria
Aintzakotzat hartu. Aintzat hartu, kontuan hartu. Adibidez: Erabakia hartu dut, baina zure iritzia aintzakotzat hartuta.
Aldrebestu. Okertu. Adibidez: Aste osoan hain eguraldi polita, eta astebururako aldrebestu da zeharo.
Behartuz gero. Zerbait egitera behartu edo obligatzea. Adibidez: Zerbait gogoz kontra egitera behartuz gero, haserretu egingo da.
Bertan goxo. Aukeratutako tokian lasai, arriskurik hartzeko gogorik gabe. Alegia, konforme egon toki batean. Adibidez: Enpresak bertan goxo izan ditu hainbat langile, orain etxez etxe bidali ditu bezero bila.
Dagoela hortxe! Egon dadila hortxe! Adibidez: Nazkagarri horrek bizitza hondatu dit, baina espetxeratu dute azkenean: dagoela hortxe puska baterako!
Eta gainerantzekoak. Eta gainerakoak. Adibidez: Idazlana ona egin nahi baduzu, ortografia eta gainerantzekoak ere hartu beharko dituzu kontuan.
Fernandokeria, Pellokeria. Agerikoa den egia esatea, begi bistakoa dena. Adibidez: Entrenatzaile berriak pellokeriak baino ez ditu esaten: batzuetan irabazi eta besteetan galdu egingo dugula.
Kale-zurruta. Kalean alkohola edatea, taldean kasu honetan. Adibidez: Zenbait udalek gaztetxoen kale-zurruta arautu nahi dute.
Latakada, txapakada. Zerbait aspergarri eta gogaikarria. Adibidez: A ze txapakada sartu digun irakasleak!
Lepo eginda. Bete-betea. Adibidez: Autobusa lepo eginda dator. Hurrengoa hartu beharko dugu.
Xurrut eta xurrut. Zurrut eta zurrut, edan eta edan. Adibidez: Jon larunbatero xurrut eta xurrut badabil, kosta behar zaio bere onera etortzea!
Zientziako gehigarria. Esaterako, aldizkari batek eranskin gisara argitaratzen duen aldizkaria, edo aparteko orri batzuk. Adibidez: Larunbateko zientziako gehigarria irakurri, gaian gehiago sakondu nahi izanez gero.