Dokuteka
Ane eta Mikel... Eta Jesbelin
Laura Mintegiren Sisifo maite minez (Txalaparta, 2001) liburuko pasarte honetan bi eratako maitasuna dago pil-pilean, bi eratakoa behintzat bai. Bata erizain batek gaixoekiko izan dezakeena, duena, eta bestea, 'biak bakarrik egotea', eskatzen duen horietakoa. Bata nahiz bestea ederra izan daiteke, baina baita mina ere, ze bietarik du maite-mintzeak, ezta?
Zer erreakzio izan zuen Mikelek? Gustatu zitzaion zu ospitalean agertzea? Hasieran ez zuen erreakzionatu. Zerbait larria gertatu zitzaidala pentsatu zuen. Gero poztu egin zen. Ospitalea goitik behera erakutsi zidan, eta ondoren bere laguntzaileak ezagutzera eraman ninduen. Han zegoen Jesbelin. Benetan polita zen, beltzaran-beltzarana, mulata, Habanan doktoratua eta oso atsegina tratuan. Mikel beste zerbait egitera joateko deitu zutenean, Jesbelinek kafetegira eraman ninduen, eta elkarrekin hartu genuen freskagarri bat. Jesbelinek ospitaleko egoera kontatu zion, arazo guztien gaineko informazioa emanez. Laguntza behar zuten. Mota guztietako laguntza, batzuetan jende-falta izugarria izaten zuten gauzarik sinpleenak egiteko ere, eta Ane ospitalean inplika zitekeela esan zion, beraren prestakuntza oso baliagarria izango zela emakumeen arloan. Familia-planifikaziorako monitoreak behar zituztela, ama nerabeei laguntza emateko eta nahi gabeko haurdunaldiak ekiditeko informazioa zabaldu behar zutela hemen eta han, eta horretarako emakume prestuak behar zituztela, familia-planifikazioan eta umeen zaintzan nola trebatu jakingo zuten pertsonak... Horrenbeste gauza egin zezakeen Anek! Kemena zerion Jesbelini azalzulo guztietatik. Alaia zen, efikaza eta elkarrizketa errazekoa. Zaila zen ezetzik ematea. Ulertu zuen Mikelek zer esaten zion, hobeto ulertu zuen zergatik mintzatzen zitzaion horren ondo emakume hartaz. Pentsatu behar zuela esan zion Anek, eta erantzuna astebeteko epean emango ziola. Etxera heldu eta Jesbelinen proposamena Mikeli kontatu zionean, honek erabateko adostasuna adierazi zuen. Ideia handia zen, ideala, hartara ez baitzen etxean ordu luzeetan aspertuko eta, gainera, laguntza handia eskain zezakeen ospitalean. Nola jakin gabe, horren gainean erabaki sendorik hartu gabe, nahi zuen ala ez serio deliberatu gabe, ospitalean ikusi zuen bere burua Anek, egun osoz, goizeko lehen orduetatik iluntze arte. Gehienetan elkarrekin bazkaltzen zuten, bai, baina beste bospasei pertsonarekin batera. Egunean zehar nekez topatzen zuten denbora biak bakarrik egoteko. Ikusi, elkar ikusten zuten sarri, baina intimitaterako gunerik ez zuten lortzen. Bere zeregin berrien arduraz oraindik kargutu gabe zegoela, El Salvador-en haize-erauntsi itzela gertatu zen, Doncella izeneko hurakan suntsitzailea, eta inguruko herri guztietatik laguntza eskatu zuten El Salvadorreko agintariek. Nikaraguak ere eskaerari erantzun zion, eta mantak, botikak, materialak eta sendagileak bidali zituen, horien artean Mikel eta Jesbelin. Egun batetik bestera, ospitalean tresneria bildu, botikak kutxatan sartu, etxean ekipaia egin eta agur esan zion Mikelek Aneri, noiz bueltatuko zen ez zekiela, baina kontaktuan mantentzen ahaleginduko zela.
