Dokuteka
Boxeoa: bazterreko kirola
Boxeoa ez da ziurrenik kirol ezagun eta zabalduegia gure artean. Aipatu beharrik ere ez dago futbolak eta beste zenbait kirolek zenbaterainoko oihartzuna eta eragina duten gizartean. Zalaparta handia atera ohi duten kirol horien ondoan, isilago dabilen kirol bat ekarri nahi izan dugu gaurkoan hona: boxeoa.
Boxeoa ez da ziurrenik kirol ezagun eta zabalduegia gure artean. Aipatu beharrik ere ez dago futbolak eta beste zenbait kirolek zenbaterainoko oihartzuna eta eragina duten gizartean.
Zalaparta handia atera ohi duten kirol horien ondoan, isilago dabilen kirol bat ekarri nahi izan dugu gaurkoan hona: boxeoa. Izan ere, gizartean ez duen protagonismoa eta garrantzia eman izan dio, eta orain ere ematen dio literaturak boxeoari.
Aspaldidanik erakarri izan du kirol honek idazleen arreta eta, hala, nobela beltz iparramerikarraren ezinbesteko osagai bihurtu zen XX. mendearen lehen erdian.
Hilketek, whiskyak eta odolak marraztutako ingurune marjinal eta bazterrekoetan aurkitu izan du boxeoak bere lekua. Gure idazleek ez dute gehiegi jorratu nobela beltzaren bidea, baina hala egin dutenek boxeoa ahantzi ezineko bidelagun izan dute, eredu amerikarrari jarraituz.
Harkaitz Cano idazle lasartearrak esaterako, genero beltzaren bueltan dabiltzan bi nobela ditu plazaraturik: Beluna jazz (Susa, 1994) eta Pasaia blues (Susa, 1999) eta bietan agertu du boxeoarekiko miresmena, izan ere bi liburuetan gizartearen azpilduretan bizi diren pertsonaiak aurkezten dizkigu Canok.
Beluna jazz, Charlie Parker-en jazzak zipriztindutako nobelak, Bob Ieregi tronpeta-jole amerikarraren Europako ibilerekin batera, New Yorkeko eroetxe batean gertatutako hilketa misteriotsua du kontagai. Alaska deritzoten ospitale hartan aurkituko ditugu Joe Panda boxeolari erretiratua eta haren oroitzapenak, boxeo-kolpeka.
Bluesaren erritmoan eraikitako Pasaia blues eleberrian, ostera, klandestinitatean bizi diren erakunde armatu bateko komandokideak aurkituko ditugu, Cesar Telleria komisarioarengandik ihesi. Idazleak birsortutako Pasaia gogor horretan, zakur-borroka, garabi eta kez betetako hiri ilun horretan, boxeo-borrokak ere badu lekurik.
Canok Pasaian margotutako mundu grisaren antzerakoa deskribatzen digu, bestalde, Josu Landak Portugaleten kokaturiko Odolbildua (Susa, 2002) nobelan. Hemen ere, garabiak, kea, portu zaharrak edo kontrabandoarekin batera, boxeoa dugu protagonista, izenburuak berak aurreratzen duenez.
Azkenik, Xabier Aldai azpeitiarraren narrazioak biltzen dituen Bazterrekoak (Susa, 2000) liburuan, badator Legarda deritzan boxeolariari buruzko ipuin eder eta gordin bat: Munduak ez zaituzte bizirik maite.
Jakina, liburuaren izena ere ez da debaldekoa edo halabeharrezkoa. Bazterrekoak dira liburuko pertsonaiak, marjinalak eta muturrekoak; eta bazterrekoa da, halaber, ipuin horretako kirola: boxeoa.
Xabier Aldai (2000): Bazterrekoak: 'Munduak ez zaituzte bizirik maite'
