detalle dokuteka-generico-fitxa

Urregilearen orduak, Pako Aristi, (Erein, 1998)

Mari da euskaldunon jainkosa. Bera da pasarte honetako protagonistetako bat. Badira gehiago ere.

Zubiek eragin handia izan dute euskaldunongan. Eta ez gara Kursaal, Maria Cristina, Rontegi edota Deustuko zubiez ari. Ez da atzo goizeko kontua. Aspaldira jo beharko dugu, behialeko egunetara, lamia, jentil eta Mariren sasoira, orduantxe eraiki baitziren Euskal Herriko lehenengo zubiak.

Garai hartan, gure herria egurrez, harriz eta zotal lurrez egindako etxola multzo bat besterik ez zen, eta, denon begien txundimenera ageri den itsasadar zabal bera ere, ez zen halamoduzko ertz-mugetan ur zabalera arrunt samarra zeukan ibaia baino. Jendea, bakoitza ahal bezala bizi zen; ez zuten, noski, gaur adinako putrinkarik izango, telebista kateak direla, jantzirik dotoreenak erostea dela, edo auzokoak baino auto bizkorragoa ekartzea, baina zoriontsu ere ez ziren bizi, mendia utzi eta herrira jentil iletsu-erraldoi hura jaisten hasi zen egunetik. Goseak zegoenean etortzen zen, eta kristauak janez ase arteko onik ez zuen izaten. Batez ere, neska eta mutilazalak gustatzen zitzaizkion, gazteak, mami-guri eta hezur egin gabeen jabeak, eta, etxetik bahitu ondoren, txikitu, sutan egosi eta jaten zituen. Batzuetan ibaiaren gure aldean agertzen zen, eta bestetan, urertzetik bestaldera salto eginez, hango herrian burutzen zuen giza triskantza. Ikara gorrian bizi ziren, eta hala segituz gazterik gabe gelditu beldurrez, jentilarekin hitz egitea erabaki zuten. Aste batean herri batera eta bestean bestera etor zedin proposatu zioten, aldi bakoitzean gizakume bat lotuta utziko ziotela-eta. Jentilari ihes egiteko pentsatua zeukaten asmakizunarekin gertatzen zena gertatzen zela ere, hobe izango zen beti baten heriotza, jentila herrietara jaitsi eta asko hondatzea baino. Gainera, bi herrietako bizilagunen tratua onartuz gero, jentilak ezingo zuen araua hautsi. Ikusi zuenean txanda errespetatze hutsak astero jatena, eta segurua, emango ziola, bila eta harrapazka ibili gabe, jentilak baiezkoa eman zuen. Hutseginean biziko zen handik aurrera! Bihotzez hala erregutua zioten-eta, gauean Mari agertu zen, atzean idi pare ederra zekarrela, bata beltza eta bestea zuria, harrobiko blokez betetako gurdiari tiraka, eta atzerago zientoka lamia zetozen, eta beste hainbeste, parez pare, ibaiaren beste aldetik. Zubia egitera zihoazen, bi goieratik batera hasita, hauek ibaiaren alde honetatik, haiek bestetik. Behin zubia eginda, jentilak etorri behar zuen astean handik egingo zuten ihes besterrira, eta hurrengo astean alderantziz; asmo hori zerabilten buruan. Horrela, jentilak, txanda bakoitzean herriak hutsik aurkituko zituen, eta, hitz emanda zegoenez, bazuten itxaropena goseak hil edo beste norabait alde egingo ote zuen, ibaiertz hartako jendea bakean utziz. Eguna argitu arte nahiko denbora izango zutela iritzita ari ziren lamiak lanean, baina gertatu zen basoan bizi zen okinak gauerdia pasatuta laster piztu zuela labea lanerako, eta, oilategian zegoen oilarrak, argitasun hura ikusirik, egunsentia hemen zela eta bere eztarri takarrarekin kantatzeari ekin ziola, eta harekin batera herriko oilar guztiek. Lo zegoen jentilak esan zuen: 'Argi oilarrak jo dute, eguna sentitu dute!' Eta mendian behera abiatu zen. Lamiek zubia amaitzear zeukaten une hartan. Alde banatatik harri bat jartzea besterik ez zitzaien falta hiru arkodun zubi galanta osatzeko, baina jentilaren oinotsak sentitzean, 'tapa-tapa' urrun mehe bat hasieran, 'dunpa-dunpa' beldurgarri eta dardarti bat hurbilagotzen gero, harriak ibaira bota eta ihes egin zuten, gaueko izakiak baitira Mari eta bere lagunak. Jentila asko harritu zen amaitu gabeko zubi hura ikustean, baina herritarrek handik alde egin zezaketela ulertu zuenean, zubia jo eta botatzen hasi zen; baina ezin, hain baitzeuden oinarriak tinko jarriak eta gain-harriak gotor estekatuak. Orduan, jentilak esan zuen: 'Nik suntsitu ezin dudana ez dezatela besteek batu!' Eta lamiek erortzen utzitako bi harrien gainera salto eginez, uretatik kanpo gelditu baitziren haien bizkarrak, besoak alde banatara luzatuz indar egin zuen, ibaiertzak bata batera eta bestea bestera aldenduz, eta zubiaren bi muturrak berriro bezperako distantzia berera eraman zituen. Gauean, badaezpada, uharte hartantxe gelditu eta begi-begi egotea erabaki zuen jentilak, azeloan, baina aitak aspaldi erakutsi zion hura -'urte askotan nahi baduk bizi, oiloekin ohera eta txoriekin jaiki'- egitera ohitua zeukan gorputza, eta ilunabarrean lo gelditu zen. Orduan berriro agertu zen Mari idi pare txuri eta beltzarekin, eta lanari ekin zioten berriro zientoka lamiek. Jentila esnatu beldurrez, Marik hau agindu zien idiei: 'Idi beltza, idi txuriye, begira dagoenari atera begiye!' Bitartean, herritarrek kapusaitxoekin estali zituzten oilar guztien buruak, behar baino lehenago esna ez zitezen, baina inor ez zen ausartu jentilaren oilarrari txanoa jartzen, eta okinak sua piztu orduko argilamada sentitu eta kukurruka jo zuen, etxean falta zen nagusiari deika bezala, eta harekin esnatu zen jentila. Lamiak, zubia bukatzeko, alde banatatik harri bat jartzea beste ezer ez zutela zeuden, sei arku ederrekoa oraingoan, baina jentilaren arroitu zakarra entzutean harriak bota eta ihes egin zuten. Jentilak, zubia behin eta berriz amaitzeko zorian ikusi zuenean, besoak zabaldu, ibaiertzean bi pendizei bultza, eta ibaiaren urartea zabaldu egin zuen, zubiaren bi muturrak berriro bezperako distantzia berera eramanez. Horrela ibili ziren denboraldi batez, jentilak ezin zubia azpiratu, baina lamiek ere ezin bukatu. Azkenean, behintzat, jentila berak egindako lanak galdu zuen. Batez besteko sakonera handirik gabeko ibaia zena, itsas ur haizetsu harroaz betetzera iritsitako itsasadar zabal hondoa bilakatu zuen jentilak, eta egun batean urertzera heldu ezinik aurkitu zuen bere burua. Salto batez hegaldatzeko distantzia handiegia zen, eta igerian ez zekien. Ordurako, laminarriak osatzen joan ziren uhartea handi samarra zen, baina han ez zeukan janaririk jentilak. Bi ibaiertzetako jendea, jentilaren amaiera lasterra sumatuz, erne jarri zen labar garainetatik zelatan, eta handik ikusi zuten jentilaren azkena. Inora joan ezinik, harriak jaten hasi zen goseak hilko ez bazuen, gaur haitz handi bat bihar txikitxo bi, harriak jan ahala uhartearen ingurumaria murrizten ari zitzaiola konturatu gabe; halakoxea zen bere erraiak bihurritzen zituen gosea! Egun batez harri bakar baten gainean gelditu zen arte: edo harria jan eta itoa hil, edo harria gorde eta goseak hil, ez zeukan beste irtenbiderik. Aukeratzen zuena aukeratuta ere, edozer zela egiten zuena, heriotza zeukan bere ekintzaren bukaeran. Ibaiertzetako jendeak bazuen, une hartan, jentila zirikagura. Azkenik, olatu handi baten altzora bota zuen jentilak bere burua, eta han ito zen.


detalle2

Dokuteka

2002-12-03

x61pRelaContWAR

  • Alonso , Ander
16283040

x61pViewCountWAR

2771

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR