Miren Agur Meabe: "Nor naizen ez ahazteko idazten dut"
'Azalaren kodea' poesia liburuak ustekabe ederrak eman dizkio Miren Agur Meaberi. Kritika saria izan zen eskuratu zuen sarietako bat, baina goraipamen gehiago izan ditu lan honek.
Miren Agur Meabe: Antolatzaileek deitu zidaten euskaraz irakurtzeko prest egongo ote nintzatekeen. Jakina, itzelezko ilusioa egin zidan deiak. Hilabete batzuk lehenago, Ingalaterran bizi den bermeotar batek, Amaia Gabantxok, nire olerkiak ingelesera itzuliak zituen, eta horiekin eta hautatu ditugun beste batzuekin Dublinera joatea erabaki genuen. 18 olerki irakurriko ditugu, euskaraz neuk, eta ingelesez berak.
HABE: Beraz biak gonbidatu zintuzteten.
M.A.M.: Hasieran ni bakarrik, baina ingelesezko itzulpena irakurtzeko Amaia Gabantxo aproposa zela esan nien. Berak itzuli zituela nire lanak, eta ea ez ote zen posible berarekin irakurtzea. Eurak pozarren erantzun zidaten, eta bai, biok joan gara Dublinera. Gainera bitxikeriarik ere badu honek denak. Nik ez dut Amaia Gabantxo ezagutzen, e-mailez baino ez dugu harremanik izan, eta hortaz elkar ezagutzeko parada bikaina izango da.
HABE: Itsasora begira jaiotako andra bizkaitar bi Dublingo jaialdian egongo zirela irakurri nuen, ez dakit zer irudituko ote zaizun definizioa.
M.A.M.: Bai, gustatzen zait, badu poetikotasunetik zerbait. Norwich-etik doan bermeotarra eta Bilbotik doan lekeitiarra. Bikote ederra egingo dugu.
HABE: Azkenean sinistu beharko dugu 'kostaldeko enkantuarena' egia dela.
M.A.M.: Zalantza zenuen ala? Nik uste dut egon, badagoela. Kantuak ondo argi uzten du, eta nik uste bakoitzak berarekin daramala, belarrian, bihotzean.
HABE: Poesien sailkapena egitea, batzuk bai eta beste batzuk ez esatea gogorra egin zaizu?
M.A.M.: Ez, ez oso gogorra. Nik uste dut sortzaile orok dituela gauza batzuk besteak baino kutunago. Neuk ere bai. Zerbait gogora ekartzen diolako, sortzen dizkion iradokizunak indartsuagoak direlako, musikalitatea handiagoa delako, inpaktua gogorragoa... gustua oso gauza subjektiboa da, eta norberarena are gehiago. Gainera, aldartearekin eta unearekin badu zerikusirik. Horrelakoetan sailkapen zorrotza egin behar da patxadaz irakurtzeko, eta kontutan izanik, euskaraz eta ingelesez irakurri behar genituela, ba azkenean daudenak dira aukeratu genituenak.
HABE: Bestelako kodea aldarrikatu nahi dut, idatzi zenuen zuk... zein kode aldarrikatu nahi duzu?
M.A.M.: Ba neurea. Nik uste dut Dublingoa badela ekitaldi garrantzitsua, baina Dublinen, Euskal Herrian edo Istanbulen berdin-berdin irakurriko nuke. Noan tokira noala ez dut ahaztu behar neu naizela, eta horixe dela agerian gelditu behar dena. Neu naizen horretan, eta neure testuak diren horretan, irakurleari heltzen bazaio eta galderaren baten edo pizgarriren baten bristada aurkitzen badu, horrekin konformatzen naiz ni.
HABE: Euskaldunon eta irlandarren artean kode berezia dagoela, lotura berezia dagoela esaten da...
M.A.M.: Bai neuk ere hori pentsatzen dut. Irlandan egin den arren gehiena ingelesez egin da. Gaelikoz zerbait ere eskaini dute, beharbada gehiago eskaini beharko lukete, baina apurtxo bat baino ez dute eman. Eta ikusita herri biok badugula eremu urriko hizkuntza, eta harreman hori agerian gera dadin zenbait berba ikasi ditut gaelikoz. Diosala, eskerrak, eta gero eurak ba omen dute esaldi bat, 'bideak lagun zaitzala' edo esaten duena, eta Gasteizen bizi den irlandar batek itzuli eta esaten irakatsi zidan. Konplizitate eremuak sortu nahi ditut, ea esan beharrekoak ondo esaten ditudan.
HABE: 'Azalaren kodea' liburuak poz handia eman dizu, ustekabe zenbait ere bai. Dagoeneko berdina da kodea ala honek denak aldatu egin du?
M.A.M.: Liburua jende artera zabaldu nuenean adierazi nuen; liburuan badago 'Tatuajes' izeneko azpi-atala. Eta horko poema batean esaten denez, gizakiok gure obsesioak, norabideak eta printzipioak ditugu, baina horrek ez du esan nahi aldagaitzak direnik. Kez egindakoak dira denak. Guk bizitzan aurrera egin ahala horiek aldatu egiten dira. Kode poetikoa, sentimentala, morala. Sortzaileak kodeak moldatu, egokitu eta aldatu egin behar ditu denborarekin.
HABE: Gauza konkretuak maite ditut eta horien izenak errepasatzea gosaldu baino lehen; iratzargailua, euria kalean, supermerkatua, musuak siestan, ardo bat, koadrila, semearen esku ttipiak, jendea plazan, zu... idatzi zenuen; oraindik ere gauza txikiak maite dituzu?
M.A.M.: Poema horrek bere baitan badu minipoetikarik. Gauza txikiak, eguneroko epikak beti gustatu izan zaizkit handiak baino gehiago. Poema horrekin dena esaten dut. Neure ardurak esperientzia txikietatik ateratakoak dira, eta neure poesigintzaren parametroak zein ote diren ondo baino hobeto azaltzen du horrek.
HABE. Urte asko daramatzazu idazten, pentsatzen dut, zure liburuan esaten duzunez, memoria ez galtzeko ohar asko idatziko zenituela.
M.A.M.: Bai, bai. Zergatik idazten dugun azaltzeko arrazoiak ematen ditugunak beti gauza asko, topiko asko erabiltzen ditugu. Nik inoiz esan izan dut nor naizen ez ahazteko egiten dudala. Alde horretatik, etengabeko oroimen-ariketa da oharrak hartzearena.
HABE: Pizti asko sartu ahal da zure leihotik urte hauetan guztietan?
M.A.M.: Piztiak bai, batzuk oso beldurgarriak, eta besteak, ostera, oso maitagarriak. Nork ez ditu une latzak eta gozoak? Denok ditugu. Bizitzaren parte dira denak, eta badakit, jakin, sartzen jarraituko dutela, urdinak eta beltzak.
HABE: Ez dugu esan baina zu berba artean bizi zaren pertsona zara. Argitaletxe batean egiten duzu lan, idatzi egiten duzu, hizlari legez aritzen zara... batzuetan ez duzu isiltasunaren beharra sentitzen?
M.A.M.: Nahiko nuke soberan ez izatea! Ez. Niretzako berbak funtsezkoak dira. Sentsazioa izaten dut batzuetan nire inguruan berba lar dagoela; batez ere azken bolada hauetan sariak direla eta. Dena den, badakit hau aldikada baino ez dela, eta sarien 'prezioa' hor dagoela. Kariñoz esaten dut 'prezioa', e! Begira, batzuetan berbekin anbiguotasunean murgilduta egoten naiz; hitz egin behar dudanean isilik, eta berba egin behar ez dudanean, berbontzi.
HABE. Isiltasuna aldarrikatu behar dugu, esan zuen idazle batek. Aldarrikatu egin behar al da?
M.A.M.: Begiradaren arabera, ez? sortzaile moduan nik uste dut baietz. Sortzaileak isiltasuna behar du sortzeko, ez dago hausnarketa bako sorkuntzarik. Baina, aldarrikapena baino gehiago dela esango nuke, premia dela. Eta bestetik, azken bolada honetan Euskal Herriak pairatzen dituen erasoak ikusita, ba nik uste dut ozen esan behar dugula, gu izateko eskubidea dugula, eta gure komunikabideak aldarrikatu behar ditugu.