Dokuteka
A zer eskandalua! (A2E04)
Lagun guztiak Amaia eta Josuren pisuan daude. Festa bat antolatu dute eta izugarrizko zarata dago. Goiko bizilaguna kexaka jaitsi da, eta pizza-banatzaileak ere agertu da, auskalo nork deituta.
LAGUNA 1.— Entzun... Entzun denok... Xxxxxxxt! Aizue, une bat, mesedez!
LAGUNA 2.— Hitz egizu altuago, ez dute entzuten-eta!
LAGUNA 1.— Entzun... Entzun denok... Xxxxxxxt! Aizue, isilduko al zarete? Mila esker. Bueno, lehendabizi, eskerrak eman nahi dizkizuegu zuei: Alex, Oier, Amaia, June eta Josu, azkenean antolatu duzuelako festatxo bat etxean. Bazen garaia, e?!
JENDEA.— Nola bazen garaia?! Beste bat, beste bat! (...) Hori, hori, hori, hurrengoa noiz?
AMAIA.— Hurrengoa? Hurrengoa zuen etxean!
JOSU.— Lasai, Amaia! Hamaika aldiz esan dugu festarena, eta ez dugu ezer egin; arrazoi pixka bat badute.
AMAIA.— Bai, Josu, bai! Baina zikintzen duten guztia garbitu beharko dute.
LAGUNA 1.— Lasai, ez dugu zikinduko, kar-kar-kar! Eta hurrengoa, nire etxean! Ondo pasa denok!
JOSU.— Bueno, ez dago esan beharrik, baina mahai horretan dauzkazue jatekoak eta edatekoak. Janaria ekarri baduzue, hor utzi. Oraintxe banatuko ditugu edalontzi gehiago, lasai.
JENDEA.— Mila esker (...) Hau da festa mundiala! Garagardo bat! (...) Non dago komuna?
OIER.— Komuna hor aurrean, eta ezkerretara. Baina azkar ibili, bakarra da-eta!
ALEX.— Bueno, hemendik aurrera musika nik jarriko dut, orain arte patxangadak bakarrik entzun ditugu-eta!
AMAIA.— Ados, baina suabe, bai? Bestela, auzokoak...
JOSU.— Banoa!
JOSU.— Bai?
AUZOKOA.— Aizue, posible al duzue zarata gutxiago egitea? Umeek ezin dute lo hartu.
JOSU.— Saiatuko gara, barkatu!
AUZOKOA.— Hobe duzue; bestela, udaltzainei deituko diet!
AMAIA.— Ondo da, ondo da. Aio. Aizue, entzun duzue? Baxuago, mesedez! (musikaren bolumena jaitsiko dute)
LAGUNA 2.— A zer festa! Musika baxu eta zaratarik ezin egin!
JOSU.— Berriz?
AMAIA.— Zer nahi ote dute orain?
JOSU.— Banoa.
PIZZA-BANATZAILEA.— Hamar pizza eskatu al dituzue hemen?
JOSU ETA AMAIA.— Hamar? Baina, baina… nork eskatu ditu hainbeste pizza?
