Dokuteka
Euskararen historia eta gaur egungo egoera
Azkue Fundazioaren eskutik, hamar minutu irauten duen bideo honetan euskararen historiari errepasoa egiten zaio, hamar ideia nagusi azalduz.
Gaiaz ez dakitenentzat pentsatua dago bideoa baina adituentzat ere atsegina da.
Bideoaren egilea Azkue Fundazioa da.
Iturria:https://www.youtube.com/watch?t=5&v=6gCF3koMp28
Bideoaren gaztelaniazko bertsioa helbide honetan aurkituko duzu.
Oharra: Bideoan aipatzen den erakusketa Bilboko Euskararen Etxean dago kokatuta.
Esataria.- Ikus-entzunezko honek euskararen historiaz eta gaur egungo egoeraz hitz egiten du. Dena hamar minututan. Dena hamar ideiatan.
Gai honetan jantzita ez daudenentzat pentsatua, baina adituentzat ere atsegina.
Adi egon!
Ikus-entzunezkoak galderak egingo ditu. Ez egon ilargian!
1.- Euskara, Europako hego-mendebalean 600.000 hiztun dituen hizkuntza.
Euskara Europako hego-mendebalean 600.000 hiztun duen hizkuntza da. Frantzia eta Espainiaren artean, Pirinioetako mendebalean.
Ez da Euskal Herriko hizkuntza bakarra. Gaztelaniak hegoaldean eta frantsesak iparraldean laguntzen dute.
Egun lurralde honetako bizilagunen ia ehuneko hogeita bostak euskaraz hitz egiten du.
2.- Hizkuntza bitxia eta jatorri ezezagunekoa
Euskara, milaka urtez hitz egin da lurralde honetan. Euskara inguratzen duten hizkuntzak ez bezalakoa da eta antza, ez dauka ahaide ezagunik munduko beste hizkuntzen artean.
Euskara gizateriaren lehenengo hizkuntza izan zela defendatu da inolako oinarri zientifikorik gabe. Erdi Aroan jada bere jatorri biblikoa proposatu zen, Babelgo dorrean jaio zela eta Tubalek, Noé ospetsuaren bilobak, handik Kaukaso eta Iberiar Penintsularaino eraman zuela esanez.
Denbora luzez euskara erromatar garaia arte Espainian hitz egiten zen iberieraren azken dialekto bizia zela uste izan zen, baina, oro har, oso urrunera joan da ustezko ahaideen bila, berberea, Kaukasoko hizkuntza.
Inoiz ez da euskararen jatorriari buruzko inolako teoriarik frogatu.
Galdera: Zeinekin dago ahaidetuta euskara? Iberierarekin, berbere edo Kaukasoko hizkuntzekin, Babelgo dorrean sortutako hizkuntzekin.
Inongo hizkuntzarekin, ez da inongo ahaidetasunik frogatu.
Horixe da! Ez da frogatu euskara inongo hizkuntzarekin ahaidetuta dagoenik.
3.- Euskalki asko lurralde txiki batean
Euskara zabalegia ez den eremu batean hitz egiten den hizkuntza da. Horregatik bere baitan bereizten den euskalki kopuru ugaria harrigarria da.
Euskara euskalki batetik bestera ez ezik herritik herrira eta etxe batetik bestera ere aldatzen den hizkuntza dela esan egin da.
Lekeitio: Barixakua
Oñati: ebaikotza
Aramaio: barikue
Azpeitia: ostirela
Ultzama: ortzilleria
Senpere: ortzialia
Urepel: ortzirala
Altzai: ostialia
Hamar minututako ikus-entzunezkoa agindu dizuegu eta oraindik zazpi ditugu aurretik.
4.- Euskara batua, hizkuntza bateratua
Euskalkien aniztasuna hizkuntza aberastasuna da, baina euskaldun guztientzako hizkuntza bateratu bat sortzea beharrezkoa zen.
Azterketa eta eztabaida ugariko urte askoren ondoren, 1968an Euskaltzaindiak euskara batua edo euskara bateratuaren egitura ezarri zuen. Une egokian heldu zen. Estandarizatutako euskara honi esker, bi erronkari aurre egiteko gai izan baikara: lurraldearen zati handi batean hizkuntza ofiziala izatea eta irakaskuntzaren hizkuntza izatea herrialde osoan.
5.- Euskalduna euskaraz hitz egiten duena da
Antzinatik, euskara hizkuntza hau darabilen herriaren adierazlea izan da. herrialdea euskaraz Euskal Herria deitzen da, euskararen lurraldea eta bizilagunak, euskaldunak, euskaraz hitz egiten dutenak. Euskaldun guztien ustez, euskalduna beraien hizkuntzaz hitz egiten duen hori da, bere sorterria eta arraza berdin direlarik. Euskara integrazio-tresna eraginkorra da gizarte honetan. Arrazoi honengatik Euskal herritik kanpo jaio eta bizi arren, euskaraz hitz egiten jarraitzen duena euskalduna da. Mundu osoan zehar hedatutako Euskal Etxeak atzerrira joan ziren ondorengoek euskal kulturari dioten atxikimenduaren adibide bikaina dira.
Galdera: Zer da euskaldun?
Euskal Herrian bizi den pertsona?
Euskaraz hitz egiten duen pertsona, berdin da non jaio eta non bizi den?
Euskal Herrian jaio den pertsona?
Euskal jatorriko pertsona, non jaio den berdin delarik.
Jakina! Euskaraz hitz egiten duen pertsona, zeinahi ere diren bere sorterria eta bizilekua.
6.- Ahozko transmisioari lotutako kultura
Euskara, kultur hizkuntza izan da eta bada, baina inguruko hizkuntzak ez bezala, oraintsu arte ahozkoa izan da, berandu samar idatzizko mailari heldu diolarik. Hau dela-eta, ahozko euskal kultura bereziki aberatsa da.
Gaur egunera idatziak izan gabe heldu diren olerkiak eta Erdi Aroko kantak ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmitituak. Kultura honen jarraitzaileak bertsolariak dira.
Bertsolariek bertsoen bidez elkarri erronka egiten diote, hitzak errimatuz eta egoki aukeratuz. Beti aurkakoarena baino zorroztasun handiagoa erakutsi nahi dute, entzuleen belarrien gozagarri diren bitartean.
Gogoratzen al zarete hamar minututako ikus-entzunezkoa ikusten ari zaretela? Bada, lau bakarrik falta dira bukatzeko.
7.- Gaur egun euskal kultura esparru guztietan garatzen da
Baina zailtasunak egon arren, euskaraz ere idatzi egin da. Gizarte-maila ikasiek zerbait idatzi behar zutenean latina edo erromantzea nahiago zuten: gaztelania, gaskoia, frantsesa… Izan ere, euskaraz idatzitako lehenengo liburua ez zen 1545era arte argitaratu eta XX. mendea arte argitaratutako liburu gehienak gai erlijiozkoak ziren.
Hala ere, azken hogeita bost urteotan, milaka liburu editatu dira eta urtero gero eta gehiago argitaratzen dira.
Euskarak gainerako kultur ekintzei ere garaiz heldu die: musika, antzerkia…
8.- Oso iragan zaila
Euskarak aro latzak igaro ditu. Bere historiaz hitz egiteak bere atzerakada, lurraldeen eta hiztunen galera aipatzea ere badakar. Inongo administraziorik ez zen bere sustapenaz arduratzen eta erabilera zigortzeaz gain, hizkuntza ofizialetan hitz egiten zutenak saritzeko neurriak ezarri ziren.
Eskoletako umeak zigortuak ziren euskaraz hitz egiteagatik. Beste hizkuntzarik ez zekiten euskaldunek ez zuten kargu publikoetan sartzeko aukerarik.
9. Oraina eta etorkizunari begira, euskara baikor
Baina euskaldunak beren hizkuntzari izugarri atxikiak dira. Erromatarren eta zelten zabalkuntzaren aurretik, euskarak jada partekatzen zuen lurralde hau beste hizkuntza batzuekin. Latinak guztiak desagerrarazi zituen, euskara izan ezik. Beranduago, Nafarroako erromantzea, aragoiera eta baskoia bezalako hizkuntza erromanikoak sortu ziren.
Gaur egun, gaztelaniak eta frantsesak ia guztiak irentsi dituzte. Euskarak, ordea, hemen jarraitzen du.
Gertakari hau azal dezakeen arrazoi bakarra dago: euskaldunek euskaraz hitz egin nahi dute. Horregatik, XX. mendearen amaieran, dena galdutzat jotzen zenean, euskara berriro indarberritu zen. Haurrak, gehienbat, euskaraz eskolaratzen dira. Geldiezina bide zirudien galera-prozesua geldiarazi da eta hiztun kopurua handitzen ari da.
Euskara distiratsu dago berriro eta euskaldunek nahi badute, hurrengo mendeetan ere, beraien hizkuntza izaten jarraitu behar du.
Galdera: Ikus-entzunezkoa jada amaitu da?
Ez, esateko asko dago.
Bai, dena esan egin da.
Ez, bederatzi minutu, bederatzi ideia daramatzagu eta hamar agindu dizkigute.
Ez daki, beraz, ez du erantzuten.
Izan ere, hamar ideia agindu genituen eta bederatzi daramatzagu, egia!
10.- Erakusketak dena zehatz-mehatz azaltzen du
Hamar ideia hamar minututan zen agindutakoa. Zerbait argi geratu ez bada, ez dago kezkatu beharrik. Erakusketak hemen ikusi eta entzundakoa xehekiago garatzen du. Lehen bagoiak euskara bat eta asko dela erakusten du, dialekto asko dituen hizkuntza bakarra.
Bigarren bagoiak hizkuntza honen iragana eta orainaldia erakusten ditu.
Irakur ezazu euskal kulturari buruzko aldizkaria nasako kioskoan. Nasak, euskarak bere mugetatik kanpo bidaiatu duela azaltzen du. Eta neurtu zenbat ikasi duzun harreragunean dagoen jokoan
