Errespetua, modaz pasatutako balioa

Zaharkitutako hitza da errespetua, baina, hala ere, bere aldeko errebindikazioa egiten du Felipe Juaristi idazleak irratsaio honetako gogoetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Errespetu hitza, beste asko bezala, latinetik dator. Esan nahi du, etimologikoki, atzera begiratzea. Gure hizkuntzara ekarriz esan nahi du berriro begiratu behar dela, errespetuak distantzia jartzen baitu beti. Elkar errespetatzen duten gizon-emakumeak ez daude urruti, baina distantzia gordetzen dute unerik intimoenetan ere. Norberak bestearengan itxuraz badena baino gehiago ikusten baitu, izan dena ere bai.
    Errespeturik ez dagoenean, edo bera desagertu denean, gizartean ematen diren harremanak espektakulu bihurtzen dira, ikuskizun huts. Harreman-sare bat eraiki dugu gizakiok, esnatzen garenetik lokartzen garen arte beste jendearekin jartzen gara komunikazio eta harremanetan; harremanak izan daitezke politikoak, laboralak edo sozialak. Eta harreman horien oinarrian, normalean, elkarrenganako errespetua dago, bestea begirunez hartzea, bestearengan gizatasun minimoa onartzea. Baina errespetua galtzen denean, harremanetarako gaitasuna galtzen da, harreman publikoen gainbehera eta errespetu-galera biak batera etorri ohi dira, distantziaren galera baitakar, bai batak zein besteak.
    Gaur egun distantziarik ez da gordetzen harremanetan. Batzuk horren aldekoak dira ustezko demokraziaren izenean. Baina distantziarik eza ez da berdintzeko modua, ezberdintzekoa baizik. Elkarrenganako errespetuak berdintzen gaitu, ez fisikoak soilik mentalak ere bai. Errespeturik ez dagoenean, dena bihurtzen da pribatu, alegia, bizitza pribatua publiko egiten da eta bizitza publikoa pribatu. Biek bat eta berdina izaten amaitzen dute.
    Komunikazaio digitalak errazten du hori, sare sozialetan ez dira gehienetan zaintzen pribatutasunaren legeak. Berez, ez gara irudi huts edo objektu huts, baina askotan hori garela dirudi. Errespetua, gainera, izenari lotuta dago eta izena euskaldun batentzat izanari; izenarekin batera errekonozimendua baitator, besteengan dugun eta besteek gugan duten konfiantzari lotuta dago.
    Ez gara izaki anonimoak, gure eginkizunen erantzule gara, gure izenean egiten baitugu egiten duguna.

C1 C2
2015-03-05
16266874
00:02:23
4944