detalle dokuteka-generico-fitxa

Txakurren jabeek isunak ordainduko dituzte

Isunak arauak betearazteko bide dira. hainbat herri eta hiritan martxan jarritako kanpainei askok muzin egin dietela ikusirik, udal batzuek txakurren jabeei isunak jartzeari ekin diote.

Txakurrak izatea ohikoa da, baina animalia horiek izateak berekin hainbat eginbide ere badakartza, tartean, kaka egin ostean hori biltzea. Txakurrak dituzten pertsona askok, ordea, muzin egiten diete betebehar horiei. Arazo horri irtenbidea bilatzearren, hainbat udalek kanpainak egin dituzte txakurren jabeak kontzientzia harrarazteko. Emaitzak, baina, ez dira nahi bezain eragingarriak izaten kasu guztietan.

 

Kalean pasieran ibili eta txakurren kaka zapaldu duen edonork txakurrak eta beren jabeak madarikatuko zituen behin baino gehiagotan. Izan ere, zikinkeria ez ezik, osasun arazoen iturri ere izan baitaiteke. Beren haurrekin jolastokietan dabiltzan haurren gurasoek ere kontu handiz ibili behar izaten dute, ez baita haurren bat gaixotu den lehen aldia, txakurren gorotza dela-eta. Arazo hori amaitzeko hainbat udalek ekimen eta kanpaina ugari jarri dituzte martxan, kanpaina horiek eginda, baina, askotan ez dute lortu bultzatzaileek nahi zuten emaitza.

 

Donostiako alkateak, Odon Elorzak, kalean mantendu beharreko hainbat jarrera arautu nahi izan ditu, eta horretarako zuzentarau bat egin du. Hor hiritarren hainbat portaera hiritar senik gabeko zigortzea aurreikusi du, besteak beste, jabeek beren txakurren kakak ez biltzea edo zuhaitzak haustea. Portaera horietako batzuk aurretik ere araututa zeuden, hala nola, txakurren jabeei dagokiena. Oraingoan, baina, arazo horri dagozkion isunak gogoraraztea izan da Udalaren asmoa.

 

Donostia ez da, inondik inora ere, txakurren jabeen afera arautzen duen hiri bakarra, izan ere, Euskal Herriko hiri eta herri ugaritako ordenantzek biltzen dituzte gai horren gaineko hainbat arau. Bilbon, esate baterako, txakurrei eta beren jabeei dagokien araudia 2000. urteaz geroztik dago indarrean. Txakurren kaken gaineko arauak eta isunak ez ezik, txakurrak kalean pasieran ibiltzeko errespetatu behar dituzten neurriak ere biltzen ditu, besteak beste, txakurren jabeek animaliak lotuta eraman beharra, eta arriskutsuak direnean, muturrekoarekin ibili beharra.

 

Kaleak garbi mantentzearren, Bilboko Udalak kanpaina bat jarri zuen martxan. Horretarako, albaitari zentroetan eta udal txakurtegian hainbat poltsa banatu zituzten. Emaitzak adierazteko goiz dela adierazi duen arren, Bilboko Udaleko Osasun Saileko zuzendariak, Javier Orduñak, egindako kanpainak eragina izan duela dio. «Hedabide-kanpaina handia egin da, eta besteek egiten dutela ikustean, haiek ere beren txakurren kakak biltzen dituzte». Haatik, Ordunak oraindik ere kasu askotan araudiari muzin egiten dion asko dagoela ziurtatu du.

 

Gazteizko Udalak ere kaleen garbitasuna ziurtatzearren txakurren jabeen portaerari buruz hainbat arau finkatzea erabaki zuen.

 

Arauak bere horretan nahikoak ez direla jabeturik, ordea, txakurren jabeak kontzientzia harrarazteko kanpaina ere egin zuten. «Txakurren kakak botatzeko hainbat ontzi jarri genituen kalean, poltsak zituzten ontziak, hain zuzen ere. Hiru izan ziren jarri genituen ontziak», adierazi du Andres Fernandezek, Gasteizko udal langileak. Denborak aurrera egin ahala, ordea, Udalak eskura jarri dituen baliabideak ere handitu egin dira, eta egun 33 dira hiri osoan dauden ontziak.

 

Era berean, arauak betetzen ez dituzten hiritarren jokaera zigortzeko isunak ere ezarri ditu Gasteizko Udalak. «Urtero hainbat isun jartzen ditugu, gai horren gainekoak, ordea, ez dira asko», adierazi du Bernandezek. Izan ere, udal langileak esandakoaren arabera txakurra eta jabea unean bertan harrapatzea ezinbestekoa da isuna jarri ahal izateko «eta hori ez da horren erraza». Isunaren zenbatekoa ez da oso altua, 20 euro inguru, baina Udala isun horiek igotzeko asmotan dabilela ere jakinarazi du Fernandezek. Oro har, oraindik ere beren txakurren kakak biltzen ez dituzten hiritarrak ugari direla ziurtatu badu ere, «besteek egiten dutela ikustean, asko lotsatu egiten dira, eta beren txakurren kakak biltzen hasten dira», gaineratu du langileak.

 

Iruñean ere, animalia horien jabeen portaera arautzeko ordenantza bat egin zuen Udalak. Ordenantza horretan, 28. artikuluan, aipatzen da txakurrekin doazen pertsonek nahitaez eragotzi behar dutela beren txakurrek espaloietan, bideetan edo berdeguneetan kaka egitea. Era berean, jabeak nahitaez bildu behar ditu behar den moduan bere txakurraren kakak eta ondoren zakarretara bota. Araudi horretan, gainera, neurri ugari ezartzen dizkiete animalien jabeei, izan ere, artikulu berean, iturri publikoetatik edaten duten txakurren jabeei 90 eta 480 euro arteko isunak jar dakizkiela ageri da.

 

Hirietan ez ezik, herrietan ere txakurren jabeek hainbat arau errespetatu behar izaten dituzte. Usurbilen, esate baterako, hainbat berdegune jarri dituzte txakurren jabeak hara joan eta txakurrek kakak han egin ditzaten. Berdegune horietan, gainera, kakak jasotzeko tresnak eta informazioa emateko panelak ipini dituzte. Lege horiek herritarren kexuak zirela-eta jarri zituen martxan Udalak. «Haurren gurasoak asko kexatu ziren, izan ere, jolastokietan txakurren kakak topatzea oso arrunta zen», adierazi du Alazne Lazkanok, udal langileak. Era berean, hainbat udal langile ere kexatu zela ziurtatu du Lazkanok. «Lorezainak ere kexatu egin ziren, izan ere, lorategiak txukuntzera joaten zirenean txakurren kaka ugari topatzen zituzten», zehaztu du Udaleko langileak. Orokorrean, ekimenak emaitza onak izan dituela onartzen badu ere, oraindik ere zenbaitzuek arauei muzin egiten dietela onartu du Lazkanok.

 

Aretxabaletako Udalak ere bere aldetik, herritarren kexuei jaramon eginez, joan den urtean kaleak garbi mantentzearren kanpaina jarri zuen martxan. Txakurren jabeek beren animalien kakak biltzeko poltsak eskura dituzte geroztik udal bulegoetan. Hango arduradunak, ordea, ezkor samar agertu dira, oraindik ere, «udal bulegoetara poltsa bila oso jende gutxi» joaten dela ziurtatu baitute. Txakurren kakak eritasun ugari eragin ditzakete.

 

Txakurren kakek bakterio eta parasito ugari biltzen dituzte, nolanahi ere, txakurren jabeak garbi izateko ematen dizkien tratamenduen arabera. Adituek diotenez, kalean pasieran ibiltzen diren txakurrei gutxienez hiru hilabetean behin kendu behar zaizkie parasitoak. Hala ere, txakurren kaka zapaltzea nahikoa da organismo horiek osasun arazoren bat eragiteko, izan ere, gizakienganaino iritsiz gero, infekzioa sortzeko arriskua baitago. Beraz, handia da horiek biltzeko garrantzia, izan ere, jolastokietan edota zelaietan uzten badira, edonork zapaltzeko arriskua dago eta higuingarria ez ezik, arriskutsua ere bada. Haurrak dira gainera, gehienetan arrisku gehien izaten dutenak, jolasean dabiltzanean ez baititu ezerk atzera botatzen.

 

detalle2

Dokuteka

B2
2004-01-18

x61pRelaContWAR

16262391

x61pViewCountWAR

4280

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR