Espezie exotikoak kaltegarriak dira

Animalia edo landare exotiko batzuek bertako espezieak desagerraraz ditzakete, baita izurriteak sortu ere. Adibidez, zebra muskuilua, karramarro gorria, Floridako dortoka, etab.

Espezie inbaditzaileek kalte ekologiko eta ekonomiko handiak eragiten dituzte

Animalia edo landare exotiko batzuek bertako espezieak desagerraraz ditzakete, baita izurriteak sortu ere. kalte horiek eragiten dituzten espezieei inbaditzaileak deritze 

Gizakiak ekartzen dituen espezie exotiko batzuek arazoak sortzen dituzte. Animalia eta landare horiek izurriak eragiten dituzte eta bertako espezieak desagerrarazi. Beraz, gizakiak berak eragindako inbaditzaile horiek biodibertsitatea nabarmen murrizten dute. Arazo ekologikoa izateaz gainera, ekonomian ere eragin zuzena du, munduko ekonomiaren %40 biodibertsitatean oinarritzen baita. Jakitunek nabarmentzen dutenez, arazo horri aurre egiteko prebentzioa eta hezkuntza beharrezkoa dira. Era berean, salatzen dute erakunde publikoek ez diotela nahikoa garrantzirik aitortzen.

 Euskal Herriko etxe askotan Floridako dortoka (Trachemys scripta) aurki daiteke. Familia batek baino gehiagok erabakitzen du maskota hurbilen duen errekan askatzea, uste baino gehiago hazi delako. Jendeak ez du uste halakorik egiteak izadian kalteak eragingo dituenik, baina ez da hala. Izan ere, Floridako dortoka bertako espezie den apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa) desagerrarazten ari da. Horregatik, jakitunek gizartea ohartarazten dute espezie exotikoak bertako ekosistemetan askatzeak eragin ditzakeen ondorio kaltegarriez.

Beste adibide nabarmen bat alga hiltzailearena da (Caulerpa taxifolia). Landare eder horrek Monakoko akuarioko urak dotoretzen zituen, baina ur hori Mediterraneo itsasora isuri zuten eta Mare Nostrum-en ugaltzeari ekin zion. Ondorioz, itsaso hondoko poseidonia zelai ia guztiak suntsitu zituen, baita animalia ugari hil ere, alga hiltzaileak pozoi indartsu bat sortzen baitu, hain zuzen, caulerpina izenekoa. Paradoxikoki, garai hartan akuarioko arduradun nagusia Jacques-Yves Cousteau biologo ospetsua zen. Gaur egun oraindik buruhauste ugari sortzen du, baina jakitunek iragarri dute alga hiltzailearen zabaltzea motelduko dela, eta baliteke egoerak, behintzat, hobera egitea.

Gizakia da espezie exotikoak ekosistema berrietan sartzen dituena, berariaz edo nahi gabe. Esaterako, Pampako belarra (Cortaderia selloana) Europan eta Euskal Herrian barneratu zuten jauregietako lorategiak apaintzeko. Lehen aipatutako alga hiltzailea, ordea, nahi gabe zabaldu da itsaso eta ozeanoetan barrena.

Hala eta guztiz ere, gerta daiteke espezie exotikoa ekosistema berrira egokitzea eta bertako espezieekin gurutzatzea. Hartara, espezie hibridoak sortzen dira. Miguel Ibañez irakaslearen iritziz, «hibridazioa ez da positiboa, jatorrizko aniztasun genetikoaren aurkakoa baita. Hibridazioa nagusitzen bada, espezieko buru guztiak berdinak izango dira».

Egindako azterketen arabera, espezie exotikoen %10ek ugaltze oztopoak gainditzen dituzte eta ekosistema berrira ohitu egiten dira. Euskal Herriko kostaldean, esaterako, japoniar eta australiar jatorriko algak bizi dira, eta bertan eman dute azken 100 edo 150 urteak.

Era berean, II. Mundu Gerran gambusia izeneko arrain txikiko (Gambusia affinis) hainbat buru Hendaiako uretan askatu zituzten, paludismoari aurre egiteko. Ganbusia paludismoa kutsatzen duen eltxoen arrautzez elikatzen da, eta erabakiak arrakasta handia izan zuen.

Halaber, Cristobal Colonek milaka indigena hil zituen Amerikara egindako lehen bidaian txerriak eraman zituelako. Bertakoek ez zuten txerri izurriteari aurre egiteko defentsarik garatu. Izan ere, Miguel Ibañez jakitunak azaltzen duen bezala, «gizakia da lehendabiziko espezie inbaditzailea, eta bera da halako arazoen sorburua».

Gizakiak berak beste espezie inbaditzaileei aurre egiteko hainbat neurri hartzen ditu. Ibañez irakasleak nabarmentzen du, «hartu beharreko lehenbiziko neurriek prebentzioa eta hezkuntza izan behar dute. Horiek nahikoak ez badira, espeziearen buruak hil behar dira». Irango Gobernua da horren adibide; zientzialariak ohartu dira alga txiki batek kabiarra arriskuan jartzen duela, eta Gobernuak neurriak hartu ditu arrautza txiki beltzak ez desagertzeko. Kontuan izan behar da kabiarra Irango ekonomiaren zutabeetako bat dela.

Hala ere, gerta daiteke buru batzuek bizirik irautea, eta Euskal Herriko administrazioek falopiaren aurka hartutako neurriak, adibidez, ez dira eragingarriak izan, besteak beste, landare oso gogorra delako. Egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 393 landare espezie alogeno bizi dira. Kanpokoak diren espezieotatik 83 nahiko zabalduta daude eta 15 izurritzat har daitezke.

Gaur egun, merkataritza globalizazioak egunean munduan 10 bilioi litro ur trukatzea dakar. Miguel Ibañez irakasleak azaldu duenez, «trukaketa hori benetako errusiar erruleta bat da, ur kopuru hori guztiori espezie inbaditzaileak lau haizeetara zabaltzeko bidea izan ohi delako».


Alga hiltzailea: ederra bezain arriskutsua
Berde koloreko landare ederra den arren, oso arriskutsua da. Izan ere, poseidonia izeneko itsas belarra azkar desagerrarazten du. Alga hiltzaileak, gainera, animalia asko hiltzen duen pozoi indartsu bat kanporatzen du (caulerpina). Besteak beste, Mediterraneoan eta Kaliforniako uretan aurki daiteke.

Ur izurria: urpean bizi den landare txikia
Itxuraz alga bat dirudi, baina urpeko landaretxo bat da. Udan uretatik kanpo atzematen da eta loretxo zuri bat ematen du. Bada antzeko espezie bat, Brasilgo elodea izenekoa (Egeri densa), Kaliforniako ibaietako deltatan arazo ugari sortu duena, ibaietako nabigazioa oztopatzen baitu.

Zebra muskuilua: kalte ugariren eragile
Molusku txiki bat da. Bere jatorria Itsaso Beltzean ura isurtzen duten ibaiak dira, baina 1984an AEBetara heldu zen, itsasontziei atxikita. Erraz ugaldu zen, eta ekosistemei kalte ugari eragin zien. Gainera, agintariek 2.000 milioi dolar gastatu zituzten muskuiluak hodien sarea trabatzen zuelako.

Karramarro gorria: eri berrien zabaltzaile
Karramarro handi honek Mississipiko (AEB) ur gezako urtegietan du jatorria. Hala izanik ere, azken hamarkadetan Euskal Herriko erreketan ere aurki dezakegu. Onddo parasito bat darama, eta bertako karramarroak hiltzea eragiten du. Orain dela urte batzuk izurri bat jazo zen.

Floridako dortoka: etxeetako maskota
Dortoka honek etxe asko alaitzen ditu, baina hazi egiten denean jendeak hurbilen dituen erreka eta aintziretan askatzen ditu. Izan ere, 30 zentimetro luze izan daiteke. Haragijalea eta sarraskijalea da, eta bertako galapago arrunta eta legenduna kaltetu ditu. Ebro ibaian ere ondorio larriak ekarri ditu.


B2
2004-06-15
16262177
5115