Agustin Zubikarai

Augustin Zubikarai ondarrutar idazlea joan den uztailaren 12an zendu zen. 89 urte zituela hil den Zubikaraik lan itzela egin du; antzerkiak eman arren osperik handiena, poesia, narratiba, kazetaritza, itzulpengintza alorretan ere lan oparoa egin du.

Augustin Zubikarai idazle oparoari agur

Augustin Zubikarai ondarrutar idazlea joan den uztailaren 12an zendu zen, tronbosiak jota hiru urtez gaixo egon ondoren. 89 urte zituela hil den Zubikaraik lan itzela egin du 19 urte zituenez geroztik; antzerkiak eman badio ere osperik handiena, poesia, narratiba, kazetaritza eta itzulpengintza alorretan ere lan oparoa egin du. Ondarroa, bere herria, ez zeukan saltzeko; ezta kresal usaina ahazteko ere. Amesti, Itxas-ertz, Artibai edo Ibai-ondo —hauek ziren erabiltzen zituen ezizenetako batzuk— oso gaztetatik erakarri zuen euskarak, herriko jakituriak eta euskal kulturak. Kazetari lanetan ere aritu zen eta aldizkarien sortzaile, bultzatzaile eta partaide izan zen. 50 liburu idatzi zituen, poesiari, kronikari, hizkuntzalaritzari, ipuingintzari, nobelari, autobiografiari tokia eginez.
 
Ondarroan sortu zen Augustin Zubikarai 1914ko azaroaren 3an. Sei urte zituela hil zen herriko idazle ondo ezaguna: Txomin Agirre. Idazle hau maisutzat hartu zuen ez badakigu ere, Zubikarairen obran agerikoa da bere eragina. Zubikarai Ondarroako Agirreren jarraitzaile bihurtu zen, eta baita idazle garrantzitsu ere.

Ondarroan, Saturraranen eta Gasteizen egin zituen ikasketak eta 19 urte zituenez geroztik idatzi zuen. 36ko Gerra hasi baino lehen, besteak beste, Euzko, Gudari, Euzkadi eta Argia agerkarietan hasi zen bere lanak argitaratzen. Aberriagaz bizi (1934), Illobearen indarra (1935) eta Itxas lapurrak (1936) idatzi zituen serie moduan. Gerra hasi zenean, soldadu izateko gogoa zuen, baina Lauaxetak bestelako zereginak agindu zizkion. Euzkadi egunkariko zuzendari laguntzaile aukeratu zuen eta 1937an Eguna agerkariko erredaktore buru izendatu zuten. Lankide izan zituen Abeletxe (zuzendaria), Eusebio Erkiaga, Jose Mari Arizmendiarreta eta Alejandro Mendizabal erredaktoreak. Bilbo erori baino bost egun lehenago arte kaleratu zen Eguna eta Zubikaraik ere laster egin behar izan zuen hanka. Horrela idatzi zuen garai hari buruz: «1936Æko udan, gau baten, etxetik aste baterako izango zalakuan urten, eta 1941Æko negu gordiñean etxera biurtu nitzan».

Itzulitakoan, kazetari lanean jarraitzeko girorik ez zegoen eta kontserba fabrika batean hasi zen lanean. Ez zitzaion idaztea ahaztu ordea. 1941ean bertan Miarritzeko Lore Jokoetan saria jaso zuen Itsasora lanagatik. Sari asko jaso dituzte bere obrek eta berak omenaldiak ere bai. 1992an Ondarroako herriak egin zion omenaldia. Bere izena duen plaza bat dago Ondarroan eta bertan Zubikarairen irudia.

Euskararekiko begirunea ere izan zuen eta bizkaierari eta Ondarroako hizkerari arreta berezia jarri zien. Horrela, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1961ean eta 1993an berriz, euskaltzain ohorezko. Xabier Kintanak esan duen moduan: «Berak egindako poema, antzerki eta eleberri ugariei euskara jatorra darie, kresal usainaren zapore bizigarri hori».

36ko Gerraren zurrunbiloan

Gaztea zela hasi zen idazten Zubikarai, baina etenaldiak egin behar izaten zituen erraz gaixotzen zelako. 36ko Gerra hasi zenean sendatu zela esaten zuen berak. Praka bete lan izan zuen gerra lehertu eta amaitu bitartean, baita Ondarroara itzuli arteko bi urteetan ere. Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako geografia ezagutzeko parada izan zuen ondarrutarrak: Donibane Lohizune, Bilbo, Santander, Asturias, Ziburu, Tarbes, Andaluzia... Mila toki eta beste hainbat buruhauste: gudariei animoak emateko albisteak idatzi, preso zen bitartean pikatxoia astindu...

Bilbon kazetari lanean aritu zen buru-belarri. Manuel Ziarsoro «Abeletxe»k horrela bota zion 1936ko hondarrean: «Hemen diote egunkari bat atera behar dela euskaraz. Urteberri egunerako». Eta Zubikaraik: «Horrela, aurretik ezer pentsatu barik? Tanteorik-edo egin barik? Urteberri egunerako?». Agindua omen zen. Eguna egunkariak 16.000 ale banatzen zituen egunero eta batailoietan doan banatzen zuten.

Gerra urte haiek gogora ekarri genituen 1997an ARGIAko orrietan, Imanol Murua Uria kazetariak egindako elkarrizketan. Bizi-bizi kontatu zituen Zubikaraik euskarazko eguneroko prentsa egitearen abenturak, beti ere, gerra usaina zeriela. 1997ko udaberrian egindako elkarrizketaren pasarteak dituzue segidan.

Ajuriagerraren animoak Egunako kazetariei

«Atera genuen. Handik lau egunera Ajuriagerrarengana joateko agindu zidaten, Gran Via 45era. Joan nintzen. ¿Hombre! Tu eres Zubikarai? Te felicito!'. Nik esan nion egunkari bat ezin zela horrela atera. Bi edo hiru egunetan atera genuela baina ezin zela horrela segi. ¿Lo que se ha hecho en dos o tres días se puede hacer luego también'. Da! Atea itxi zuen eta akabo! Ajuriagerrarekin ez nuen gero gehiago hitz egin».

Basarrirentzat lehenengo orrialdea

«Ez, informazio berezirik ez zigun ematen Monzonek. Basarri gero hasi zen idazten. Hiru egunetik behin edo idazten zuen, eta deitu egiten zuen idatzi behar zuenean: ¿Augustin, gaur zerbait idatzi behar dizuet eta gorde lehenengo orrialdea'. Basarrik horixe zuen: beti lehenengo orrialdea.

Monzon señoritoa zen. Giputzak ziren Gobernazioko denak eta Basarri Monzonen zaindari zen. Bere babesean zeukan Monzonek Basarri».

Durangoko bonbardaketa

«Andima Orueta ¿Euzkadi'ko reporterarekin joan nintzen. Oso lagun handia nuen eta oso reporter ona zen. Gero ez zen agertu. Ez dakigu non hil zen. Gerra amaitu zen eta haren aztarrenik ez zen agertu gehiago.

Goiz hartan Andimak deitu zidan, bonbaketa izan zela eta bere kotxean Durangora joateko. Hamaikak aldera heldu ginen eta kanposantura joan. Han ziren oraindio lurperatu barik hogei bat gorpu edo, goizean bertan lehenengo orduan hildakoak. Eta han geundela, aiba demonios!, hegazkinak berriro, gain-gainetik. Harri bat altxa nuen eta sartu nintzen sepultura batean. Han egon nintzen, bakarrik.

Andima beste nonbaiten sartu zen, han birentzako tokirik ez zen eta. Zeozer biguna bazegoela sumatu nuen baina, ez dakit zer ote zen... hor konpon!»

Bigarren Mundu Gerrak harrapatuta

«Eta Tarbesen geundela, egun batean alemanak sartu ziren. Ordena eman zuten fabrikak geratzeko, baina bakoitzak bere tailerrean segitzeko. Etorri ziren eta ea euskaldun edo espainiar ginen: euskaldun esan eta bertan geratzeko; espainiar esan eta kontzentrazio eremura. Tarbesera etorri ziren alemanek hori egin zuten. Zer edo zer bazuten euskaldunekin, ezagupideren bat edo...».




B2
2004-07-26
  • Irureta , Onintza
16262102
2502